Olentzero eta Maridomingik paseotxoa emango dute San Pedron
Eguberriaren bezperan San Pedroko karriketan gora eta behera ibiliko da bikotea, eta lagun bila dabiltza.
Euskal Gabonen bi pertsonai ospetsuenak San Pedron egingo dute geldialdia, lanean hasi baino lehen. Eguberriaren bezperan, hilaren 24ean (asteartea) Olentzero eta Maridomingi San Pedron izango direla jakinarazi du San Pedroko Jai Batzordeak. Zamatetetik abiatuko dira, 17:30ean
Kantu jiran ibiliko direla esan daiteke, izan ere, herriko bazter batetik bestera joango dira abesten. Itzulia bukatuta gaztainak jateko aukera izango da, haurrek —eta oraindik ere haur sentitzen diren heldu horiek— Olentzero eta Maridomingiri eskutitzak ematen dizkieten bitartean. Jai batzordeak patxaraz egiteko ibilbidea izango dela azaldu du, “helburua ez da izango lehenak iristea, baizik eta denok elkarrekin egitea”.
Gurasoen parte hartzea funtsezkoa izango da ekintza polita izan dadin; jantziak, apaingarriak eta giroa ekartzeko ardura haiena izango da.