Haurrak Gabonetan ez dira aspertuko, Abaraxka Ibiltariari esker
Gabonek irauten duten bitartean, Abaraxka Ibiltariak haurrentzako eskaintza berezia eskainiko du. Guztira zazpi egun berezi antolatu dituzte.
Haurrek bihar hartuko dituzte oporrak, eta aisialdirako denbora ugari izango dute. Horregatik, Abaraxka Ibiltaria eskainiko dute Gabonetan (ez da ohiko ludoteka zerbitzurik egongo). Datorren astelehenean hasiko dira, eta zazpi jardunaldi berezi prestatuko dituzte. Egun seinalatuetan (hilaren 24an, 25ean eta 31n, eta urtarrilaren 1ean) ez da ekintzarik egongo. Jarduera batzuk Soinuenearekin batera antolatu dituzte.
Abaraxka Ibiltariaren jarduerez gain, Oiartzungo Antzerkizale Elkarteak haurrentzako eta familientzako saioa antolatu du hilaren 28rako. Xake Produkzioak antzerki taldeak Lur antzezlana jokatuko du. 18:00etan izango da, udaletxeko pleno aretoan (bost euroko prezioa izango du).
Eta, horrez gain, ekitaldi klasiko bat: Olentzero eta Mari Domingiri harrera egingo diete, Olentzeroren Laguntzaileek antolatuta. Opariak banatzeko lanean gogor hasi aurretik izango da, hilaren 24an, 17:30ean, Done Eztebe plazan.
Haurrentzako jardueren egitaraua
- Hilak 23, astelehena: Kantu merienda (Abaraxka ludotekan, 17:00etan).
- Hilak 24, asteartea: Olentzero eta Mari Domingiren etorrera (Done Eztebe plazan, 17:30ean).
- Hilak 26, osteguna: Erraldoien kalejira (Doneztebe plazan, 12:00etan) eta, Xanisteban Eguneko taloak eta erromeria (Kontzejupean, 17:00etan).
- Hilak 27, ostirala: Bisita gidatua familientzat (Soinuenean, 17:00etan).
- Hilak 28, larunbata: Haur eta familientzako antzezlana, Xake Produkzioak-en eskutik: Lur (Udaletxeko pleno aretoan, 18:00etan).
- Hilak 30, astelehena: Mendi buelta (Doneztebe plazan, 10:30ean).
- Urtarrilak 2, osteguna: Puzgarriak (Elorsoro kiroldegian, 11:00etatik 13:00era, eta 16:30etik 19:00etara).
- Urtarrilak 3, ostirala: Sukaldaritza begetariano tailerra (Abaraxka ludotekan, 17:00etara).
- Urtarrilak 4, larunbata: Herri danborrada (Soinuenean, 17:00etara).