Jostailu azoka solidarioa egingo dute Elizalden, etiopiarrak laguntzeko
Santomasetako azokaren barruan salduko dituzte jostailuak. Jasotakoa Bushulora bideratuko dute, Maixabel Arbide misiolari oiartzuarrak parte hartzen duen proiektura.
Elizalde ikastetxean santomasetako azokarekin itxiko dute hiruhilekoa, bihar. Horren barruan, beste hainbat ekitaldiren artean, jostailu azoka solidarioa egingo dute. Horrela, ikasleek eramandako jostailuekin azoka egiten dute. Prezio sinbolikoak jartzen dituzte, dirua ateratze aldera.
Hor jasotako sosak Etiopiara bidaltzen dituzte. Zehazki, Maixabel Arbide misiolari oiartzuarra (Alda baserrikoa) parte den Bushulo proiektura bideratuko dute dirua. Ospitale horrek ia 100 osasungintzako langile ditu.
Jostailu azoka solidarioaren antolatzaileek adierazi dutenez, duela hamasei bat urte hasi ziren hori egiten. Ohi bezala, herritar guztiak gonbidatu dituzte bertara joan daitezen, ahalik eta jostailu gehien saltzeko. 09:15etik 13:00etara arte egongo dira herri ikastetxean.
Haurtzaron, elikagaiak
Haurtzaro Ikastolan ere kutsu solidarioarekin bukatuko dute hiruhilekoa. Euren kasuan, elikagaiak jasotzen ari dira, eta biharko San Tomas azokan bildu eta bidaliko dituzte Gipuzkoako Elikagaien Bankura.