"Anbizio eta zehaztasun falta" egotzi dizkio PSE-EEk gobernu taldearen agintaldi planari
2019-2025 Agintaldi Plana aurkeztu zien herritarrei gobernu taldeak (EH Bildu eta Errenteria Elkarrekin) pasa den larunbatean Merkatuzarren. Plan horri "anbizio eta zehaztasun" falta egotzi dizkio alderdi sozialistak.
2019-2025 Agintaldi Plana aurkeztu zien herritarrei gobernu taldeak (EH Bildu eta Errenteria Elkarrekin) pasa den larunbatean Merkatuzarren. Plan horri “anbizio eta zehaztasun” falta egotzi dizkio alderdi sozialistak: “Zehaztugabekoa da, propio egin dutelako horrela, eta gainera orain urte asko eginak behar zuten konpromisoak aipatzen ditu”. Lehenik eta behin, harridura azaldu du Jose Angel Rodriguez bozeramaileak, bere esanetan, “plangintzan bildutako hainbat atal aurrekontuen negoziazio prozesuan PSE-EEk proposatutakoaren kopia literala direlako; gizarte zerbitzuen errefortzua edota lankidetza garapenerako diru laguntzetan %0,7ra iristea alderdi sozialistaren proposamenak dira”. Kontuak kontu, larunbatean jendaurrean, herritarrei eta eragileei aurkeztu bazien ere, aurretik, gobernu taldeak komunikabideei ere eman zien agintaldi planaren berri agintaldian egindako lehen 100 egunen balorazioa egiteko agerraldian; urria hasieran izan zen hori eta aurrekontuen gaineko eztabaida oposizioko alderdiekin azaroaren erdialdean hasi zuen gobernu taldeak.
Aurreko agintaldietan bete ez eta agintaldi honetarako proiektuen artean txertatutako batzuk aipatu ditu: “Barandiaran parkea, Galtzarabordako kiroldegia handitzea, Beraungo igogailua, Olibeteko aparkalekua edota amaiezina bihurtu den Lekuona, besteak beste, plan honetan azaltzen dira berriro. Duela lau urte hitzartu zituzten proiektuak azaltzen dira berriz ere”.
Beste ataletan “zehaztugabekoa” dela plana esan du Rodriguezek komunikabideetara helarazitako prentsa oharrean, “gizarte gaietan eta ingurumen arloan, zehazki. Sei hilabete nahikoak izan dira gobernu taldearen helburu eta politikak eta alderdi sozialistarenak zeintzuk diren agerian uzteko: nabarmena da lehentasunak, ereduak eta politikak ezberdinak direla. Paperak dena onartzen du, baina egiten ari diren kudeaketa ez doa bat saltzen saiatzen ari direnarekin”.
Alderdi sozialistak ez duela gizarte gaietan eta ingurumen arloan murrizketarik onartuko gaineratu du, ez hori bakarrik, “ez dugu onartuko fiskalitatea kontrolik gabe handitzea onartuko, edo langabeziaren kontrako borrokan anbizio gutxirekin aritzea, auzoetan egindako ekintzetan deszentralizazioa eta bereizketa izatea, herritarren parte hartzerik gabeko proiekturik egitea, adostasunik gabeko hiri segurtasuna, konpondu gabeko ezberdinen arteko elkarbizitza, edota zikinkeria, pankartak eta pintadak nagusi diren herri bat”.