«Euskal opera ez da berria»
Euskararekiko konpromisoa duen goi mailako abeslaria Antxon bizi da. Hilaren 30ean ‘Alare’ ikuskizunean parte hartuko du Otxoak. Euskal opera da, Euskal Herritik, eta musikari euskaldunekin.
Mila lekutan ibilitakoa zara,Baina nola iritsi zinen Antxoko Txirrita AEKn ikasle izatera?
Bada ohikoa bada ere, maitasunak ekarri ninduen Antxora [bilbotarra da jaiotzez]. 2003an joan nintzen Donostiara, Musikenen ikasteko, eta ondoren hainbat lanetan ibili nintzen, adibidez Easo Abesbatzan irakasle gisa. Denbora tarte hartan nire bikotekidea ezagutu nuen, eta bizitzak Antxora ekarri gintuen. Luzuriagako etxe berrietan bizi gara. Ordurako euskara ikasten ari nintzen, eta Antxoko Txirrita AEK leku paregabea zen ikasten jarraitzeko.
Noiztik ikasten duzu euskara?
Aspalditik egia esan, ez da kontu berria. Bilbon bizi nintzenean dagoeneko euskara ikasten nuen. Maila izan ez arren, EGA-ko ariketak egiten tematzen nintzen. Arazoa zen, ordea, euskaraz oso gutxi mintzatzen nintzela. Lotsa hutsagatik zen. Nire lagun euskaldunek bizkaieraz hitz egiten zuten batez ere, eta ni, ordea, euskaldun berria nintzen eta gainera euskara batua ikasten ari nintzen, hortaz, oso artifiziala nintzela iruditzen zitzaidan. Ulertu dut tontakeri galanta zela horrela pentsatzea, eta ez ditut halako arazorik. Gustura hitz egiten dut.
Eta Antxoko AEKn noiztik?
Duela lau bat urte iritsi ginela Antxora eta AEKn duela hiru urte inguru eman nuen izena.
Batuaz mintzatzen zarela diozu. Ba al duzu arazorik batuaz ere abesteko? Antza denez zenbait abeslarirentzat ez da nahikoa ‘goxo’.
Noski ezetz, nola edukiko nuke bada! Garrantzitsuena da euskaraz abesten dena, ongi abestea,baita hizkuntzaren aldetik ere, hau da, akatsik gabe egitea. Bestalde, errealitatea da opera gutxi egin direla euskara batuan. Aurreko mendearen lehen erdian idatzitako gehienak euskalkietan idatzita daude, normalean musikagilearen jatorriari lotutakoak. Abeslariok adi ibili behar dugu horrekin, gure ahoskera dagokion euskalkian izan dadin; abestiaren testuinguruan kokatu behar gara.
«XX. mendean sortutako euskal operak euskalkietan idatziak daude»
Hala ere, salatzeko modukoa da obra horiekin egin diren itzul-pen eta erredakzioak, sarritan akatsez josita baitaude. Guridiren Mirentxu opera, adibidez, bizkaieraz idatzi zen, baina guk 1947ko bertsio bat abestuko dugu gipuzkeraz. Batetik bestera akatsak agertzen dira maiz, eta ez ditu inork zuzentzen. Nire ustez, hori ulertezin bezain onartezina da. Behin bularetsu hitza irakurri nuen partitura batean… zer da hori? Eskerrak testuak nirekin eraman eta AEK-ko Xabier Alegria dudala zuzenketekin laguntzeko.
Giro polita al dago Txirrita AEKn?
Mundiala da giroa. Ikasketa eredua dut gustuko bereziki, oso dinamikoa da eta. Egunerokotasunetik tiraka ikasten dugu sarritan; gertakari baten inguruan hitz egiten dugu adibidez. Gustuko dut, ikasketa prozesu naturala iruditzen zait.
Antxok akaso ez du beste toki batzuk duten Glamour-a; xarma, ordea, soberan du ezta?
Herri honek giro ezin hobea du eta beti badago zerbait egiteko.Gehien harritzen didana, jendeak herrigintzarekiko duen kezka da. Antxoko biztanleak beti prest daude antolatzeko herriaren ongizatearen alde; Antxoko Tren Geltoki Berriaren Plataforma horren eredu da. Oso ongi moldatu naiz Antxoko bizimodura.
Jo dezagun musikara. Sopranoa zara eta irakasle bezala ere jardun duzu. Zertan zabiltza azkenaldian?
Beti bezala hainbat gauzarekin, baina prestatzen ari naizen antologia bat nabarmenduko nuke, Si las mujeres mandasen—Emakumeek aginduko balute—. Bizkaian oihartzuna izan zuen lanak, eta ilusioz ari naiz dena prestatzen. Funtsean, emakumeek agintea duten balizko mundu bat irudikatuko da antologian. Emakumeek aginduko balute, mundua bestelako leku bat izango litzatekeela adierazten du lan honek; biolentzia gutxiago egongo litzateke, arazoak beste modu batean konponduko lirateke… Emakumearen aldarria egingo dugu.
Hilaren 30an, ordea, ekitaldi berezi batean parte hartuko duzu, Andeka Gorrotxategi tenorearekin batera. Euskal opera historikoak oholtza gainera eramango dituzue berriz ere.
Bai hala da, Alare! Euskal operaren momentu handiak hilaren30ean (astelehena) izango da ikusgai Bilboko Euskalduna jauregian 19:30etik aurrera, eta emanaldiko abestiekin CD bat grabatuko dute. Andekazaleak Elkartearen eta Walk on Project fundazioaren arteko elkarlanaren emaitza da Alare ,eta euskara hutsean izango da. Andekazaleak Elkartea, hain zuzen ere, Andeka Gorrotxategi abeslariaren inguruan sortutako babes taldea da. Gorrotxategi goi mailako tenore abadiñoarra da; mundu osoan ospetsua, baina oso lan gutxi egin duena Euskal Herrian, ez dakit zergatik.
«‘Alare’ hilaren 30eanizango da ikusgai,Bilboko Euskalduna jauregian, 19:30ean»
Tankera honetako ekitaldi bat egiten den lehen aldia izango da? Hau da, euskal opera, euskaraz eta Euskal Herriko artistekin.
Baliteke baietz, izan ere, aurretik antolatu diren emanaldietan,Jose Maria Usandizaga konpositorearen lanekin egindakoak esaterako, atzerriko artistek abestu zuten. Abeslaria naiz, eta begira nolako aurpegia geratzen zaidan jakiterakoan horrelakoak egiten dituztela… Benetan beharrezkoa da kanpoko norbait ekartzea euskaraz abesteko, hemengo abeslariei aukerarik eman ez zaienean? Ez litzateke gauza berria izango, XX. mendeko lehen bi hamarkada oso emankorrak izan ziren euskal operarentzat, garai hartakoak dira Alaren abestuko ditugun pieza asko.
«Gaur-gaurkoz, aukera hobeagoak suertatzen dira atzerrian»
Kulturari dagokionez, euskara hizkuntza isolatutzat jotzen dute askok, euskal ohiturez gain kanpoko ekarpenik jaso izan ez balu bezala.
Bai, askotan esaten da, eta akats handia da. Euskaraz operak egin dira eta kalitate handikoak gainera. Euskarak beste edozein hizkuntza bezala kultura elikatu izan du arlo askotan, ez da isolatua egon. Ez da azken 20 urteetan gertatutako zerbait, esan bezala XX. mende hasieran euskaraz oso opera politak egin ziren.
Ba al dago aldarrikatu nahiko zenukeen euskal abeslari lirikorik?
Mikeldi Atxalandarbaso tenore bilbotarra aipatuko nuke nik. Ikaragarria da bere lana, eta Andekak bezala ospe handia izan du atzerrian, baina tamalez, Mikeldik ere ez du merezitako aitorpena jaso etxean.
Zergatik joan behar duzue atzerrira. Zaila da Euskal Herrian kantu lirikoan jardutea?
Bai. Ez dakit zergatik egia esan. Baina gaur gaurkoz aukera hobeagoak suertatzen dira atzerrian. Etxean aukera bat ematea, hori baino ez dugu nahi.
Are zailagoa izan behar du, orduan, soilik euskaraz jardutea, ezta?
Hala da. Nire ustez, ez jakintasunaren ondorio da hori, badagoelako zer abestu, zer sortu eta badira euskal sortzaileak; altxorrak baditugu. Dena dela, Euskal Herrikoa ez da kasu bakarra, kanpora begiratzearena arazo orokorra da. Duela pare bat urte Campos abizeneko musikologo batekin hitz egin nuen, eta hark arazo bera sumatu zuen Espainiako testuinguruan. Espainiako Estatuko areto nagusietan beti obra berberak daudela zioen; gehienak atzerriko klasikoak. Bien bitartean, gazteek ez dute lanik.
Agian euskarazko lanak kanpora eraman beharko lirateke,etxekoek garrantzia ematen hasteko.
Zergatik ez? Nik hemen norvegieraz abestu izan dut.
Egoera zaila da, baina baikor izateko arrazoirik badago?
Ni behintzat baikorra naiz. Ukaezina da zailtasun asko topatzen ditugula abeslari lirikook gustuko dugun hori gure ogibide bihurtzeko. Baina ez naiz kexatzen den horietakoa, ni zorteduna naiz lan egiten dudalako, ez Milango Scalan, baina abestuz lan egiten dut. Beste asko ni baino okerrago daude, eta oso argi dut hori. Horregatik eskaintzen dizkidaten proiektu txikiekin bat egiten ahalegintzen naiz, dirua bigarren mailakoa da.
«Euskal musika korala erreferente bat da mundu osoan»
Abesbatzekin ere lan asko egindakoa zara. Hauek bai, tradizio handikoak dira Euskal Herrian.
Euskal musika korala erreferen-te bat da mundu mailan; Saraso-la, Azurza, Busto… maila handiko musikagileak dira. Donostiako Orfeoia noski, hor dago ere.Kasu honetan, gainera, etxean badugu nora jo, Tolosako Abesbatza Lehiaketa goi mailako topaketa baita eta ziur asko, balio izan du Euskal Herrian musika koralari aitortza egiteko. Baina funtsean, musika koralak arrakasta du jendeak gustuko duelako.