Hutsik diren aulkiak bete arte
Sare Herritarrak manifestazioa egingo du hilaren 29an 'Preso gaixo larriak etxera. Orain Mikel' goiburuarekin 13:00etan Herriko Plazatik abiatuta. Herritar guztiak deitu ditu parte hartzera.
Manifestaziora deitu du Sare Herritarrak eta herriko eragile eta norbanako ugarik. Bertan ditugu Gabonak, eta data hauetan ere, errepresaliatuen gaia kalera ateratzen du Sare Herritarrak. Hala egingo du aurten ere, hutsik egin gabe; izan ere, hutsik dira etxe askotan oraindik aulkiak, eta haiek guztiak bete arte bederen lanean jarraituko du. Gabonen barruan, hilaren 29an deitu du kalera eta larri gaixo diren presoen aferari emango dio hauspoa. Egun horretan manifestazioa egingo du Preso gaixo larriak etxera. Orain Mikel goiburuarekin 13:00etan Herriko Plazatik abiatuta. Atzo arratsaldean aurkeztu zuten iniziatiba Foru plazan Sare Herritarreko kideek Errenteria-Oreretako hainbat elkarteetako eta norbanakoek lagunduta.
Bildutakoen artean larri gaixo dauden Mikel Arrietaren ama eta anai-arrebak eta Aitzol Gogorzaren gurasoak. Espondilartropatia kroniko seronegatiboa du Arrietak, endekapenezko gaixotasun larri eta sendaezina eta Algeciraseko espetxean da, etxetik 1.100 kilometrora. Astero, 2.200 kilometro eginbehar dituzte Arrietaren senide eta lagunek joan etorrian preso oreretarra bisitatu ahal izateko. Ez dela egoera hori pairatzen duen preso bakarra esan zuten atzoko agerraldian Sare Herritarreko kideek, “Aitzol Gogorza gure herrikideak egoera hori urte luzez pairati du. Aurten urte luze hauen ostean espetxe arinduan aurkitzen da eta haren etxean ez da aulkirik hutsik geratuko”.
Etxean da Gogorza, baina preso jarraitzen du. Izan ere, espetxe arinduan irten zen Basauriko kartzelarik pasa den apirilean oreretarra, eskumuturreko telematikoarekin eta etxetik terapietara joateko irteteko baimena du bakarrik.
Hilaren 29an kalera ateratzeko arrazoiak, “milaka” direla esan zuten bildutakoek, baita nabarmendu ere oreretarrek aspaldi egin zutela giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aldeko hautua: “horregatik, hilaren 29an larri gaixo dauden presoen aldeko afera honi aurre egiteko prest gaudela erakutsi behar diogu munduari”. Horretara deitu dituzte herritar guztiak, manifestazioarekin bat egitera “Mikel eta larri gaixo diren gainontzeko presoen giza eskubideak bermatzea galdegiteko. Bakoitzak bere hazia ereinda lortuko dugu hainbeste amestutako elkarbizitza, konponbidea eta bakea”.
