Kirol makina berriak Bekoerrota kiroldegian
Hamar bizikleta, lasterka egiteko hiru zinta, eta bi eliptika berri jarri dituzte.
Lezoko Udalak jakinarazi du kirol makina berriak jarri dituztela Bekoerrota kiroldegiko gimnasioan. Berritasunak, honakoak: hamar bizikleta, lasterka egiteko hiru zinta, eta bi eliptika. Udalak jakinarazi du puntako makinak direla, teknologia berrienarekin hornitutakoak.
Bizikletek bluetooth konexioa eskaintzen dute, eta webgune batean sartuz gero, erabiltzaileek bizikleta horretan egindako entrenamenduak gordetzeko aukera izango dute.
Zintek eta eliptikek ere badute bluetooth sistema. Baita Interneteko konexioa eta pantaila ere. Hala, aparatuek dauzkaten nabigatzaileen bidez Interneteko hainbat zerbitzu (Youtube, Spotify, Netflix eta bestelakoak) erabili ahal izango dituzte kirola egiten den bitartean. Gainera, ibilbide ezberdinak aukeratzeko beta ere badago gailu horietan, eta bide horiek pantailaren bidez jarraitzeko aukera dago. Profil pertsonalak ere sor daitezke, norberaren entrenamenduak jarraitzeko.
Lezoko Udalak adierazi du, gailu berri horiekin erabiltzaileei kirola egiteko azpiegitura, material eta baliabide egokienak eman nahi dizkiela,. eta 2019ko aurrekontuetan jasotakoa dela inbertsioa. Gainera, urtarrilean, muskulazio gelan makina berri bat jarriko dutela adierazi du.