«Emakumeak ziren fabriketako langileen erdia industrializazioan»
Errenteria sortu zuteneko 700. urteurrenaren harira HITZAk eta Errenteriako Udalak elkarlanean abiatutako elkarrizketa sortaren barruan, Barcenillak industrializazioaren garaia xehetu du.
Noiz heldu zen industria Errenteriara, nolakoa izan zen itsas jarduera eta nekazaritzatik industriarako bidea?
Lehenengo fabrika moderno kapitalista 1845. urtean jarri zuten martxan. Herriko ekonomia nahikoa ahulduta zegoen ordurako, mendea zeraman gainbeheran, eta XVIII. mende erditik aurrera, antzinako industria, burdinolak eta ontziolak, batez ere, ixten joan ziren. Azken horiek gerra ontziak egiten zituzten estatuarentzat. Estatuak, ordea, ontziola ofizialak Ferrolera (Coruña, Galizia) eta Cartagenara (Murtzia, Espainia) eramatea erabaki zuen, eta galdu egin zen ontzi handien eskaera; ontziola txiki batzuk baino ez ziren gelditu eta horiek ez zuten eraikitzen, konpondu baizik.
Beste ofizio batzuen beherakada eragin zuen horrek, eta baserritarrek ere lan asko galdu zuten, batez ere ikazkintzan eta zurgintzan, baita minerala eta produktuen garraioan, lantegietatik itsasora eta alderantziz.
Itsasoa Errenteriatik kanpo eraman zuten, bestalde, eta Donostiak hartu zuen portuaren kontrola. Area botatzeari utzi zioten Errenteriako eremuan, eta ontziek jada ezin zuten bertaraino iritsi. Arrantza ere nahikoa galduta zegoen. Lehenengo fabrikarekin, beraz, gainbeheran zegoen ekonomia berpiztu egin zen. Biztanleriaren gehiengoa une horretan nekazaritzan zebilen, %55 baino gehiago; artisauak %18 inguru ziren. Gainerakoak zerbitzuetan eta merkataritzan aritzen ziren.
Zein izan zen zabaldu zuten lehenengo fabrika?
Sociedad de Tejidos de Lino izan zen Errenterian zabaldu zuten lehenengo fabrika. Bertakoek Fabrika Handia deitzen zuten, eta egungo Agirre Lehendakariaren plazan zegoen kokatuta; Gipuzkoan zabaldu zuten bigarren fabrika izan zen; Santa Klara kalearen ezkerralde osoa hartzen zuen ia. Sozietate anonimoaren formula erabili zuten sortzeko. Kapitalista gehienak Baionatik zetozen, hor ziharduten merkatari, eta oiartzuar batzuk ere baziren tartean, Mexikora joan, eta horrek independentzia lortu zuenean Baionara etorri zirenak. Baionako beste kapitalista batzuekin elkartuta sortu zuten Lino enpresa, eta hasieran Oiartzunen kokatu zuten. Muga lerroan zegoen, ordea, eta ezin zuten handitu: Errenteriara etorri ziren.
Berehala izan zuen arrakasta fabrikak, eta bost urte geroago, 500 langile zituen. Arrakasta ikusita, herriko kapitalista txiki batzuk lihoarekin lotutako beste hiru fabrika txiki baina garrantzitsu jarri zituzten martxan.
1859an Compañia Asturiana de Minas fabrika zabaldu zuten Kaputxinoak auzoan, beruna eta zilarra fabrikatzeko.
Oihalgintzarekin lotutakoak ziren lehenengo enpresak, baina hori ere aldatu zen, ezta?
Bai, hasieran oihalgintzarekin lotutakoak izan ziren. Bigarren Karlistadak eztanda egin zuenean (1872-1876) zazpi fabrika zeuden Errenterian, eta ia 1.000 langile ari ziren horietan. Gerra arte, langile herria zen, fabriketan edo baserrietan egiten zuten lan. Zazpi lantegi horietatik lau, liho lantegiak ziren. Karlistada ostean berriro industria berpiztu zenean —1880. urte inguruan— fabrika pila etorri ziren Errenteriara, sektore askotarikoak eta lihoa lantzeko soilik Fabrika Handia eta Beheko kalean zegoen beste lantegi bat gelditu ziren. Papera, gailetak, beruna, irina, artilea, edo jute-ehungintza lantzen zituzten. Lihoak garrantzia galdu zuen hortik aurrera.
Galleteroak omen errenteriarrak. Zein garrantzia izan zuen Olibet Galletak fabrikak?
Kontu bitxia da hori, eta izen hori kanpokoek jarritakoa dela uste dut nik, ez oreretarrek. Herritarrek gehiago ikusten zuten ikur industrial gisa Fabrika Handia, liho fabrika, alegia. Zergatik galleta-herri izendapena orduan? Kazetari batek esaten zuen usainagatik zela. Galleta fabrika tren geltoki ondoan zegoen, eta trenez heltzen zirenek herrira hori topatzen zuten lehenik; agian sumatzen zuten lehenengo usaina ere galletena izan zitekeen.
Galleteraren arrakastak publizitatearekin zerikusia zuela uste dut nik. Gainera, bera izan zen, Olibet, Maria motako galletak Espainiako merkatuan sartu zituena. Oso merkea zen Maria galleta, eta arrakasta handia izan zuen herri xumearen artean, gosari eta meriendetan. 1920. urtera arte Maria galleta Olibet bezala ezaguna izan zen. Langileen argazkiekin postalak egiten zituen Olibetek eta irudi horiek popularra egin zuten. Gainera, Maria Cristina erreginak Donostian pasatzen zituen oporrak, eta badirudi gustuko zituela oso Olibeteko biskuitak eta galletak; Errenteriara etortzen zen gorte guztiarekin haiek jatera. Fabrikak hori erabili zuen Madrilen eta Donostian publizitatea egiteko.
Errenteriako emakumeek zein leku hartu zuten industrializazio garaian?
Emakumeek izugarrizko ekarpena egin zioten Oarsoaldeko garapen industrialari. Errenteriako lantegi gehienetan emakume kopuru handia zegoen garai horretan. Fabrika Handian, emakume gehiago ziren lanean gizonak baino, eta 1861. urteko datuen arabera, 900 langile inguru ziren herriko fabriketan eta horietatik 361 emakumeak ziren, %40. 1903. urtean 479 emakume langile ari ziren fabriketan,%40 ere; fabriketako hamar langiletik lau emakumeak ziren. Gerora jaisten joan zen portzentaje hori, batez ere burdin eta metal fabrikak ugaritu zirenean. 1930ean, errepublika baino pixka bat lehenago, fabriketan ari ziren emakumeak %25 ziren.
Industrializazioaren hastapenetan fabriketan ari zen emakumeen kopurua gizonen pareko zela esan dezakegu. Horri gehitu behar diogu beste emakume batzuek etxetik kanpo ari zirela lanean, fabriketan ez bazen ere: neskame, arropa garbitzaile, merkataritzan eta ostalaritzan… Bitxia da: gizarte horietan, emakumeak ikusezinak dira; herriko emakumeen erdia etxetik kanpoko lanetan aritu zen, baina imajinario sozialean beren etxeetan zeuden emakumeak, beren familia artatzen, etxeko lanak egiten.
Zergatik izan daiteke hori?
Estatuak, erlijioak eta mediku ugarik presionatu egiten zituzten emakume horiek etxera itzul zitezen. Diskurtso ofizialak zioen ez zela egokia emakumeak etxetik kanpo lanean ibiltzea; elizarentzat immorala zen gizonen zaintzarik gabe kalean bakarrik ibiltzea, eta estatuak, berriz, erreprodukzio lan hutsean nahi zituen emakumeak, gizon indartsu eta osasuntsuak emateko. Etxetik kanpoko lan horietan emakumeak ahultzen zirela zioten, osasuna galtzen zutela.
Gizon langileek ere presioa egiten zuten emakumeak etxera itzul zitezen. Esaten zuten soldatak jaisten zituztela. Emakume batek gizon baten soldata erdia kobratzen zuen lan bera egiteagatik. Presio horrek ez zuen eraginik izan herrian, baina bai diskurtsoan eta emakumeenganako irudi sozialean. Hoberena emakumeak etxean egotea zela zabaldu zuten, eta ikusgarritasun handia eman zieten; emakume burgesak edo erdi mailakoak eta etxean zeudenak ziren eredua, eta irudi hori gureganaino heldu da.
Hala ere, emakumeek fabriketan lanean jarraitu zuten eta horretarako hainbat arrazoi dago. Lauzpabost pertsonako familia batean ez zen nahikoa gizon baten soldatarekin, horrekin elikadura ordaintzeko justua zuten, eta beharrezkoa izaten zuten, beraz, haur batek edo emakume batek lan egitea soldata hori osatzeko. Bigarren arrazoia da emakumeak lanean hartzea enpresentzat oso errentagarria zela. Lan bera eginez, eta askotan produkzio handiagoa izanik, gizon baten soldataren erdia kobratzen zuten emakumeek.
Hirugarren arrazoia, Errenteriako industriak kontsumo arlokoak zirela da: janaria, ehungintza, alpargatak… Lan horiek, industria hasi aurretik, artisautza garaian, etxeko lanak ziren, eta emakumeekin lotzen ziren.
Emakumeen ekarpena ez zen horretara mugatu, baina. Etxetik kanpo lan egin, hamar ordu baino gehiagoz batzuetan, eta etxea mantentzeko lanak, umeak haztea, eta familiaren zaintza ere beraiek egin behar zuten. Erreprodukzio lan ikusezina eta nekeza zen hori, baina ekonomia aurrera ateratzeko oinarrizkoa eta ordezkaezina, eta emakumeek bete zuten.
La Pequeña Manchester. Origen y consolidacion de un nucleo industrial liburua idatzi zenuen 1999. urtean. Industrializazioak Errenteriaren bizi kalitatearen gainbehera ekarri zuela diozu.
Industria beti kutsu baikor batekin azaltzen da garaiko idatzietan, prentsan, instituzioen agirietan; goraipatu egiten da eta aurrerapenarekin lotu, ustezko zorionarekin ere bai. Mende luze batean hazi ez zen populazioa ugaritzea ere ekarri zuen. Industrializazioarekin, jendeak ez du herritik atera behar lana aurkitzeko, eta kanpotik datoz langileak; beste ofizioak berreskuratzea ere ekarri zuen.
Hala ere, ikertzen hasi nintzenean bestelako testigantzak aurkitu nituen: dena hain polita ez zela zioten. Langileak garai hartan nola bizi ziren ikertzen hasi nintzen, eta industrializazioarekin heriotza tasa igo zela ikusi nuen; horrek adierazten du industriak eragina izan zuela osasunean eta bizi baldintzetan.
Hori horrela izatea eragiten zuten hiru faktore aurkitu nituen: soldata oso txikiak zituzten, eta ondorioz, elikadura oso eskasa eta etxebizitzak ez ziren egokiak, zikinak eta higiene neurririk gabekoak ziren. 40 urtean hiribilduan kontzentratutako biztanleria hirukoiztu zen, 700 biztanletik 2.000ra pasa zen, baina espazioa bera zen, ez zen handitu. 1890. urtera arte ez zen espazioa handitu. Garai horretan, gainera, ekonomia eta politika erabat liberalak ziren, eta estatuak ez zuen esku hartzerik ez gizartean, ezta ekonomian ere. Hori da bigarren faktorea. Horrenbestez, ez zegoen hirigintza planifikaziorik, ez gizarte segurantzarik eta jabeek erabakitzen zuten fabrikak non jarri; herri erdian izan zitekeen hala nahi bazuten. Hirugarrena, lan baldintzak dira. Oso nekagarriak ziren, oso gogorrak, 12 orduz aritzen ziren. Diziplina militarregia zuten fabriketan.
Ricardo Urgoiti zinegotzi eta medikuak 1902an, industrializazioa hasi eta 60 urtera, hiribilduko langileen etxe askotan dagoen higiene eskasa eta hezetasuna aipatu zituen, baita bertako kiratsa ere, ehorztoki usainarekin alderatuta. Estolderia sarerik ez zen, ez ur korronterik ezta elektrizitaterik ere. Diskurtso hori udalean hirigintza plana egitea proposatzeko baliatu zuen.
Aberastasuna pila handitu zen industriarekin, baina etekin gehienak fabriketan inbertitzeko eta bazkide kapitalistei banatzeko erabili zituzten. Aberats horiek gehienak herritik kanpo bizi ziren, Frantzian, Belgikan, Madrilen edo Donostian.
Haurrak ere aritzen ziren lanean fabriketan.
XIX. mendean 8-10 urterekin hasten ziren lanean; lan gogorra ez, baina ordutegi osoa egiten zuten. 1900 urtetik aurrera giro soziala aldatu zen eta normalagoa zen haurrak eskolara bidaltzea. Fabrikan sartzea 12 urtera arte atzeratu zen. 1903. urtean 16 urtetik beherako 76 mutil eta 60 neskek egiten zuten lan fabriketan, eta 1906an, Fabril Laneran hamar orduko lanaldiak egiten zituzten haurrek.
Manchester Txikia deitu zioten garaian, zenbat lantegi zeuden Errenterian?
1903an jarri zioten izena, bertan ziren industria guztiek erakusketa antolatu ostean. Herri txikia zen eta industria mordoa zuen. Momentu horretan hamabost fabrika zeuden eta 1.178 langile. 1915. urtean, 29 lantegi ziren jada, eta 1930ean 40. Langile kopurua ez zen aldatu neurri berean, fabrika berriek makinaria berria eta produktibitate handiagoa zutelako.
Manchester Txikia izatea ohorea izan dela esango zenuke, edo kaltegarria herriarentzat?
Neurtezina da hori, eta oso partikularra. Hasieran langileentzat kaltegarria izan zen. Denbora pasa ahala hobera egin zuen egoerak, herrian higienea eta etxebizitzak hobetu zituzten, soldatak apur bat igo, lan baldintzak hobetu, eta 1919. urtean zortzi orduko lan jarduna lortu zuten langileek. Harrotasun bat badago, ‘langileak gara, herria handitzen eta garatzen ari gara’, baina atzean bada hain polita ez den beste alde bat. Ikuspuntua zein den, asko aldatzen da hori; irakurketa ekonomiko-teoriko hutsa egiten badugu, garaipen handia da. Errenteria industrialaren meritu guztia Errenteriarena eta herritarrena dela dirudi, baina ez da horrela. Errenteria aukeratu zuten kapitala zabaltzeko. Kapitalistak, enpresa handietakoak behintzat, herri kanpotik heldutakoak ziren. Ez zuen herriak aukeratu, beste norbaitek aukeratu zuen herria.
Zein ondorio izan ditu industrializazioak egungo eta etorkizuneko herrian? Zein onura eta zein lasta utzi dizkio?
Ondorioetako bat egungo hirigintzan nabaria da. Erdi Aroko planoa dago, herri erdian elizaren bueltan dauden alde zaharreko zazpi kale horiek osatzen dutena, eta bestetik, industrializazio garaiko kaosa, kaos urbanistikoa. Gaur egun plaza batzuk hartu dute garaiko fabrika handien lekua: Musika Plaza, Koldo Mitxelena, Xabier Olaskoaga, Agirre Lehendakaria… Modu kaotikoan sortu ziren marra horiek nahikoa garbituta ikusten ditugu gaur, baina lantegiak erdi-erdian zeudela erakusten dute, herriaren morfologia baldintzatu zuten.
Herriaren izaeran isla handia du garai horrek; joera du Errenteriak elkartasuna ehuntzeko, errebindikazioak mahai gainean jartzeko…Une zailetatik ateratzeko joera du, ehungintza soziala egiteko joera, eta hori, industrializaziotik datorkio.
OHARRA: Miguel Angel Barcenilla Lopez historialari eta ikerlariak luze eta zabal erantzun ditu HITZA-ren galderak, eta kontaketa interesgarria eskaini Errenteriaren industrializazio garaiaren gainean, baita horrek unean zein gerora izan duen ondorioez hausnartu ere. Papereko edizioak mugak ditu, eta beraz, Iago Irixoa Cortesen elkarrizketarekin egin moduan, Barcenillarena ere egunez egun igoko du webgunera HITZA-k, erantzun osoak zabaltzeko. Hamar galdera eta hamar erantzun dira guztira eta bihartik hasita, astelehenetik ostiralera hamar egunez galdera eta erantzun bana argitaratuko ditu HITZA-k webgunean.