Erabakitzeko eskubidea, Lezoko plazan larunbatean
Erabakitzeko eskubidea, Lezoko plazan larunbatean. Gure Eskuk jarduera antolatu du Gurutze Santuaren plazan 11:00etatik 12:00etara.
Lezoko Gure Eskuk erabakitzeko eskubidearen gaineko ekitaldia egingo du larunbatean (ekainaren 6an) Gurutze Santuaren plazan, 11:00etatik 12:00etara. Hemen erabaki esaldia idatzita izango da plazan, eta horren barruan herritarrek etxean egindako kartelak euren aldarrikapenekin (kartoian, kartulinan edo paperean, A3 edo A4 tamainakoak ahal bada) jarri beharko dituzte; 150 aldarrikapen mezu behar dituzte esaldia betetzeko. Ondoren, 12:00etan eta esaldia estalita dagoela, herri argazkia atera nahi dute Herritarrok erabaki lelodun pankarta bertan dutela. Lezoko Gure Eskuk herritar oro deitu du jardueran parte hartzera: “Merkatariak, gazteak, emakumeak, kultur eragileak, osasun etxeko langileak, irakasleak, haurrak, den-denak”.
Gure Eskuk garbi du erabakitzeko eskubidearen mezuak present jarraitu behar duela agenda politikoan. “Zertarako erabaki nahi dugun herritarrok? Gure bizitzetan eta komunitatean eragiten duten auziei nahi eta behar ditugun erantzunak emateko. Krisi egoeran, gainera, gure inguruko egoerak zailtzearekin batera, aldarrikatzeko arrazoi gehiago ditugu”, esan dute taldekideek.
Udaberri honetarako Hamaika Gara egitasmoa jarri zuen abian Gure Eskuk. Erabakitzeko eskubidearen aldeko sinadura bilketa erraldoia da. Osasun krisiaren eraginez hori aktiboki sustatzeari utzi dio Gure Eskuk, eta horren ordez erabakitzeko eskubidea, herritarren eskaera eta aldarrikapenekin bat egin dezala erabaki dute. Lezon bezala, Euskal Herriko plazetan ere egingo dute jarduera.