EH Bilduk "arduraz jokatzeko" deia luzatu die herritarrei
San Pedro eta Donibanen gertatzen diren jende pilaketak direla eta, herritar ugari "kexu" direla adierazi du Pasaiako EH Bilduk.
Kalparra inguruan trafiko ordenantza berezia indarrean dagoela oroitarazi du EH Bilduk. Pasaiako EH Bilduk “arduraz jokatzen jarraitzeko” deia luzatu die herritarrei. Azken egunetan jende pilaketak eman dira berriz ere Pasaiako zenbait tokitan. Donibaneko alde zahar eta Alabortzako pasealeku estuan paseoan doan jende asko pilatzen da. Bokalearen beste aldean, San Pedroko Kalparra inguruan ere antzekoa gertatu da. Aurreko asteburuko Arrokaundietako gertakariek ere, zeresan handia eman dute, talde asko bildu baitziren bazkariak egiteko.
Gertari horien harira, herritar askok haien “kexua” helarazi dietela adierazi du koalizioak. Herritar askok kalera irteteko duten nahiarekin bat egiten dute abertzaleek, baina koronabirusaren mehatxuaz ohartarazi dute, “inoiz baino garrantzitsuagoa da prebentziorako ezartzen diren neurri eta arauak errespetatzea”. Orain arte eraginkorrak izan diren neurriei eustearen alde agertu da EH Bildu “norbera babestea eta distantzia soziala mantentzea dira garrantzitsuenak”.
Pertsonez gain, autoak eta motorrak ere gehiegi zirkulatzen dutela salatu dute, bereziki San Pedron. Gune horiek ordea, trafiko ordenantza berezia dute gaur egun, “kotxe eta motorrek ezin dute nolanahi gora eta behera ibili eta bertara sartu ahal izateko baldintza bereziak bete behar dira” gogorarazi du EH Bilduk.
Norbera eta ingurukoak ez ezik, ingurumena ere zaintzea “inoiz baino garrantzitsuagoa” dela diote abertzaleek. Pasaiako kale eta bazterrak garbi mantentzea denen ardura dela nabarmendu dute “dei egin nahi diogu herritik dabilen pertsona orori zaborra dagokion edukiontzietan sar dezan, baita zakurren jabeei hauen kakak jaso ditzaten”.
Amaitzeko, Pasaiako Udalari zuzendu zaio EH Bildu, udalaren zeregina baita “kontrol neurriak ezartzea, elkarbizitza errazteko”. Orain arte arte hartutako neurrika nahikoak izan ez direlakoan, gehiago hartu beharko direla ziurtatu du Pasaiako EH Bilduk.
