Garapen iraunkorra sustatzeko Lezo 2030 Agenda osatuko du udalak
Proiektua Nazio Batuen Erakundeko Garapen Iraunkorreko Helburuekin lerrokatuko ditu Lezoko udal politikak.
Lezo 2030 agendari esker, NBEn Garapen Iraunkorrerako Helburuak beteko ditu Lezok. Garapen iraunkorra bultzatzeko asmoz, Lezo 2030 Agenda osatzeko lanean ari da Lezoko Udala. Agenda bukatzean, “Lezoko udal politikak NBE Garapen Iraunkorrerako Helburuekin lerrokatuko dira” adierazi du Lezoko Udaleko Ingurumen eta Trantsizio Ekologikoko zinegotzi delegatu Jose Angel Sanchezek.
2030 Agendari esker, kudeaketa iraunkorra lortzeko ekintza plan bat duen udalerrien artean kokatuko da Lezo. Sanchez zinegotziaren ustez, planak eragin zuzena izango du “lurralde eta ingurumen arloetan” eta ondorioz “garapen ekonomiko eta soziala” bultzatuko dira.
Planak fase ezberdinak izango ditu; lehen fasean Lezoko udalak, GIHen sentsibilizazio kanpaina abiatuko du, herritarrek, udal langileek, elkarteen eta beste edozein eragileren parte hartzea sustatzeko. Jarraian, udal politika eta proiektu guztiak Lezoko ekonomia, gizarte eta ingurumen arloetako garapen estrategiekin lerrokatuko dituen Ekintza Plana egingo da. Udalbatzarena izango da plan hori onartzearen ardura.
Lezo 2030 Agenda, alkatetza zein udal gobernuarentzat “ilusioz beteriko erronka” dela gaineratu du Sanchezek.
