COVID-19aren itzala
Hamarnaka lagun kutsatu dira COVID-19arekin Oarsoaldean eta Bidasoan. Horietako askok arin pasa dute gaixoaldia, beste batzuk larri, eta gutxi batzuk ez dute borroka irabaztea lortu.
Bizitza aldatu egin zaie. Egun batetik bestera, COVID-19aren pandemiak bete-betean jo ditu Joseba Campano sanjuandarraren eta Lorena Diez errenteriarraren familiak. Campanoren kasuan, gurasoak eta bera gaixotu zituen; aita hil egin zen. Ama-semeak etxean pasa zuten ezarritako isolamendua, aita ospitalean zegoen bitartean. Ospitaleratu zutenetik ez zuten aita eta senarra bizirik gehiago ikusi. Orain, errautsak etxean dituzte, egoerak hobera egin zain dira, aita behar bezala agurtzeko.
Lezoarrak dira Diezen gurasoak, eta biak gaixotu ziren; Diez bera, bere senarra, eta bi seme-alabak ere berrogeialdian izan dira aiton-amonekin izan zirelako COVID-19an positiboa eman baino bi egun lehenago. Diezen amak etxean pasa du gaixotasuna. Aita, berriz, gogor eraso zuen koronabirusak; 41 egunez izan da zainketa intentsiboetako unitatean. Maiatzaren 17an itzuli zen etxera.
Koronabirusak eragindako osasun larrialdiaren txanponaren bi aldeak dira Campano eta Diez. Haria eten egin da Campanoren kasuan, eta osorik jarraitzen du Diezenean; baina biek sentitu dute hari ezdeusa dela bizitza, ezustean, apurtu daitekeena, borroka latza tarteko.
Hirurak batera hasi ziren sintomekin Campanoren etxean, gurasoak eta semea. Data ez du ahaztu. Martxoaren 7an hasi zen amesgaiztoa: «Donibaneko kantu jiran izan ginen eta Bera Beraren eskubaloi partida ikustera joan ginen arratsaldean hirurak, bazkide gara eta». Orduan hasi zela aita gaizki sentitzen du gogoan. «Beroa eta hotzikarak zituela esan zuen, eta etxera iritsita sukarra zuen. Nork pentsatuko zuen halako zer edo zer zetorrenik».
Euskal Herrian ordurako azaldu ziren kasuak Araban, baina Donibanen eta inguruan ez zen entzun bat bera ere. Egun bat geroago hasi zen sukarrarekin Campano bera, baita ama ere. Aita sukarrarekin hasi eta bi egunera joan ziren hirurak medikuarenera: «Ez zioten aitari ezer antzeman. Etxera joan eta parazetamola hartzen jarraitzeko esan zion medikuak, eta egoera okertzen bazen, itzultzeko». 24 ordura aldatu zen egoera: «Aita ez zen hitz egiteko gai, totelka hasi zen. Ama asmatikoa da, oxigenoa neurtzeko aparatua du eta aitari jarri zion; 89 eman zion neurketak». Errenteriako anbulatoriora eraman zuten berehala, eta pneumonia zuela esan zieten. Iztietako anbulatoriotik ospitalera eraman zuten eta han COVID-19aren proba eginda positiboa eman zuen: «Ama zegoen aitarekin ospitalean eta berari ere egin zioten proba; bera ere positiboa. Niri etxean isolatzeko agindu zidaten eta etxean egin zidaten proba; nire kasuan ere positiboa eman zuen. Ama eta biok etxean isolatuta izan ginen. Aita hogeita hiru egunez izan zen ingresatuta ZIUn, itzali zen arte».
Agurtu gabe hil
Hogeita hiru egun horiek ikaragarri gogorrak izan zirela dio sanjuandarrak: «Krisi txiki bat izan zuen ZIUra eraman zutenean, lokartuta eta intubatuta zegoen bertan, eta hasieran hobera egiten ari zela zirudien, buelta emango ziola; aita aterako zen itxaropena genuen. Tutuak kentzeko unea heldu zen eta trakeotomia egin zioten. Zerbait ondo ez zihoala ohartu ziren; birusa barruan zegoen oraindik eta birikak erabat kaltetuta zituen. Oxigenazio gehiago ematen hasi ziren, makina topera jarrita ere ez zuen arnasarik hartzen… birikak txikitu zizkion».
«Ikaragarri gogorra izan da aita galtzea, gainera, agurtzeko aukerarik gabe»
«Zer gertatuko da orain? Erantzuna ez du inork, ez medikuek ez ikerlariek…»
Joseba Campano, COVID-19arekin gaixotutakoa
Aita ikusi edota harekin hitz egiteko aukerarik ez zuten izan ospitaleratu zutenetik, medikuek deitzen zieten haren berri emateko. «Oreretako anbulatorioan anbulantzian sartzen ikusi nuen aita; hori izan zen azken aldia, ez dut gehiago ikusiko. Ikaragarri gogorra izan da aita galtzea, gainera agurtzeko aukerarik gabe. Anaia duela pare bat aste ikusi dut lehen aldiz, eta berak, larunbatean ikusi zituen lehenengoz aitaren errautsak. Oso irreala izan da guztia, ulertezina». Berez sendatuta daudela dio Campanok, baina berari ez diote beste probarik egin hala dela baieztatzeko. «Amari bai, asmatikoa da eta txertoa jartzeko egin zioten pasa den astean; negatiboa eman zuen».
Arin pasa zuen COVID-19a sanjuandarrak, baina birikez kexu da: «Kirolaria naiz, Behobia-Donostia lasterketa egin nuen iaz, eta orain ez naiz 30 minutu baino gehiago korrika egiteko gai».
41 egunez ospitalean
Gurasoak gaixotu zirela jakin zuenean COVID-19arekin kutsatu ote ziren jakiteko ordaindu eta proba egitea erabaki zuten Lorena Diezek eta bere senarrak; negatiboa eman zuten. Ez du gaitza pasa, baina arrasto sakona utzi dio hari ere. 41 egunez, egunero izan da Donostia Ospitaleko ZIUko medikuaren deiaren zain, eta horietako bakoitza lauza ikaragarria izan dela dio. Une oso latzak bizi izan dituzte, eta bere aitak gaixotasuna gainditzea lortu badu ere, Diezen ahotsean nabaritzen da oraindik larritasun hori. «Egun pare bat zeramatzan aitak gaixorik, eta martxoaren 17an, sukar handia zuela eta, familia medikuak anbulantzia bidaliko zuela esan zigun plaka bat egitera ospitalera eramateko. COVID-19aren proba egin, positiboa eman eta ingresatuta utzi zuten».
Hiru egunez izan zen plantan, eta laugarrenean ZIUra eraman zuten. «Gaizki oxigenatzen zuela esateko deitu ziguten medikuek, lokartu, eta intubatu egingo zutela. Imajina ezazu zer den hori telefonoz entzutea, aitarekin egoteko aukerarik gabe, eta ama, baita ere COVID-19ak gaixotuta, isolatuta, etxean bakarrik dagoela jakinda». Diezen amak etxean eman du gaixotasuna. «Dastamena eta usaimena galdu zituen, baina ez zen aitaren egoerara heldu; aita oso gaizki egon da, oso gaizki».
Medikuen deiak egunero
41 egunez, 12:30ean jaso dute medikuaren deia, egunero, aitaren berri emateko: «Egunetik egunera okerragoa zen parte hori; giltzurrunek funtzionatzeari utzi ziotela, itotzen zela eta buruz bera jarri behar zutela… ikaragarria izan da. Egunero deiaren zain; atzeratzen baziren, beldurrez, eta telefonoak jotzen zuen bakoitzean, entzungo genuenaren beldur. Inoiz ez dugu entzun aurrera egingo zuenik, beldur horrekin bizi izan gara etxera itzuli den arte».
Diezek esker on hitzak ditu denbora horretan aita artatu duen profesionalen taldearentzat, eta bereziki Izaskun Azkarate Donostia Ospitaleko medikuarentzat: «Zoragarria izan da gurekin, humanoa, zorte handia izan dugu aita bere eskuetan izan delako». ZIUtik atera baino hiru egun lehenago jakinarazi zioten familiari plantara eramango zutela: «Zainketa intentsiboen unitatean zela infekzioa izan zuen aitak. Hainbeste denbora intubatuta izanik, laringean bakterioa sartu eta tratatu egin behar zuten septizemia eragin ez ziezaion odolaren bidez. Trakeotomia egin zioten eta hortik aurrera hobetzen hasi zen». Itxuratzen hasi zenean, aitarekin bideo deiak egiten hasi zen familia medikuen bidez, «aita ikusten hasi ginen orduan».
Etxean da pasa den hileko 17tik, eta bost egun geroago bete zituen 71 urte. Etxean ospatu zuen urtebetetzea. Hamabi kilo galduta itzuli da aita, eta muskulu-zuntza guztia galduta duela dio Diezek. «Esnatu zenean ez zen hankak edo besoak mugitzeko gai». ZIUtik atera aurretik hiru proba egin zizkioten Diezen aitari, «hiruretan eman zuen negatibo».
«Medikuak egunero deitzen zigun, eta egunero, okerragoa zen partea»
«Aita atera da, irabazi du borroka hori. Guri gertatutakoa edonori gerta dakioke»
Lorena Diez, COVID-19aren gaixo baten alaba
Zainketa berezietatik aterata hiru egun eman zituen isolamenduan indarra hartzeko, eta beste hamabost egun errehabilitazioan, «Jo eta su aritu da, goiz eta arratsaldez ariketak egiten; etxera itzuli nahi zuen, eta indartu behar zuen». Harro dio Diezek: «Aita txapeldun bat da. Izugarria da pasa duena, eta izugarria da jartzen ari den gogoa eta adorea hobera egiteko». Aita ez dela pasa duen guztiaz kontziente dio, baina. «Lokartuta izan dute; gu kontziente izan gara, beldurrez ginen telefono deiaren zain, okerrenean jarrita, eta pentsatuz ezin genuela etxetik atera amarenera joateko, besarkatzeko, berekin egoteko…».
Konfinamendua ezarri aurretik gaixotu ziren Campano familiako kideak eta hura ezarri eta berehala dieztarrak. Alarma egoera, berrogeialdia eta orain neurri horien arintzea bizitzen ari dira, eta minduta eta haserre azaldu da Campano: «Nazkatuta nago, jendea ezer gertatu ez balitz bezala dago, euria egin edo eguzkia, egunero dago herria jendez lepo eta gehienak maskararik gabe doaz, distantzia fisikoak bermatu gabe. Pasa dugunarekin penagarria iruditzen zait, ezin dut ulertu. Arduragabekeria ikusten dut».
Ez ditu denak zaku berean sartu sanjuandarrak, beste batzuk gauzak ondo egiten ari direla dirudiela dio. «Emaitzek hala erakusten dutelako, jendeak oro har gauzak ongi egin ditu, momentuz, bigarren kolpe bat badator, ikusiko dugu. Bikotekidea Madrilgoa dut, eta gogo handia dut bera ikusteko eta hau guztia bukatzeko. Arduraz jokatu beharra dago».
Arduraz jokatzeko eskaera
Koronabirusak hainbat uste hankaz gora jarri dizkio Campanori. «Indartsuak ginela uste nuen, eta honekin ezetz ohartu naiz. Aita hil zaigu, eta orain aurrera egiten asmatu behar dugu, indartsu, elkarrekin, eta ahalik eta ondoen. Zer gertatuko da orain? Erantzuna ez du inork, ez medikuek, ez ikerlariek. Birus honek mundu osoa ezustean harrapatu du, eta ahal den moduan ateratzen saiatzen ari gara».
Koronabirusa hurbiletik ezagutu ez dutenak, ez direla benetan gertatzen ari denaz kontziente uste du Diezek: «Terrazak beteta ikustea ikaragarria iruditzen zait. Paseatzera ateratzeko aukera eman zutenean, balkoira atera eta jendeak neurriak betetzen ez zituela ikusi nuen. Horrek amorru bizia ematen dit. Izugarriak pasatzea tokatu zaigu familia asko eta askori, eta jende batek ez dio inolako garrantzirik eman. Beldur naiz urrian gerta daitekeenarekin». Pribilegiatua sentitzen da, ordea: «Guk kontatzea dugu, aita atera da, irabazi du borroka hori».
Kontziente izateko eskatu dio jendeari. «Azkenean gure familiari gertatukoa edonori gerta dakioke, zain daitezela. Nire aita noiz edo noiz poteatzera ateratzen zen, ardotxo bat hartzera bi lagunekin. Bi lagun horiek, aita baino lehenago igo zituzten ospitalera COVID-19arekin. Hiruretatik borroka irabazita etxera itzuli den bakarra aita izan da».