[Erreportajea] Gertuko altxorrak ezagutzeko aukera
Aisialdiari dagokionez, bada zer egin terrazez eta kirolaz harago. Hainbat museok ateak ireki dituzte. Soinuenea asteartetik dago irekia, gaur Oiasso Erromatar Museoaren txanda izan da, eta bihar, Mater Ontzi Museoarena.
Aste honetan nabarmen aberastu dira herritarren aisialdirako aukerak. Azken asteetako izarrak kirola eta ostalaritza izan dira. Multzo horri jakintza, kultura eta ondarea gehitu behar zaizkio, museoek ateak irekitzeko baimena jaso baitute, eta Bidasoko eta Oarsoaldeko zenbait museo bisitariak hartzeko prest daude dagoeneko.
Gaur bertan irekiko dute Irungo Oiasso Erromatar Museoa. Bi hilabete baino gehiago eman ditu itxita museoak, eta berez lanean jarraitu badute ere, bisitariak hartzea «ilusio» berezia eragiten diela nabarmendu du Juanjo Jimenez museoko zuzendariak: «Publikoarekin zuzeneko harremana beharrezkoa zaigu, noski». Gaurtik aurrera, beraz, museoa egunero bisitatu ahalko da, astelehenetik larunbatera 10:00etatik 20:00etara, eta igandetan 10:00etatik 14:00etara. Itzuleran aldaketak izango dira, baina ez sakonegiak.
«Bisita gidatuez gain, ez da aurretiazko hitzordurik eskatu beharko museoa bisitatzeko. Baina Oiasso museo txikia denez, bi metroko tartea mantendu ezin denean, maskara erabiltzeko eskatuko dugu», azaldu du Jimenezek. Museo dinamikoa da Irungoa, eta ukitzeko gida eta pantaila ugari ditu. Hori dela-eta hainbat gunetan gela jarri dute, bisitariek eskuak garbi ditzaten. Zuzendari eta gainontzeko langileen helburu nagusia, bisitariek inolako kezkarik ez izatea da: «Dena prestatu dugu bisitaz segurtasunez goza dezaten».
Irekierarekin batera prestatzen ari diren erakusketa berri bezain interesgarri bat iragarri du Juanjo Jimenezek, Gastronomia erromatar garaitik gaur egun arte. «Erromatarrekin batera produktu berriak iritsi ziren Euskal Herrira merkataritzaren bidez. Gure gastronomian zer nolako eragina izan duen aztertzeko aukera izango da; erromatar garaitik errotuta dauden tresnak, elementuak, errezetak…», zehaztu du Jimenezek. Erakusketa iraunkorrarekin batera, familiei zuzendutako tarifa berri bat ere prestatu dute Oiasson. Bi gazte eta bi heldurentzako bonuari esker, %40ko beherapena izango dute bisitariek. Gaur jakingo dute zein den publikoaren erantzuna Oiasso Erromatar Museoan. Zuzendariak, dena den, argi du egoera berrira egokitu behar direla.
Ontziratzeko prest
Pasai San Pedroko Mater Ontzi Museo Ekoaktiboa bihartik aurrera bisitatu ahalko da. Langileak lanari ekiteko «gogoz» daudela adierazi dio Hitzari Eneko Sarasua museoko arduradunak. Herritarrei museoa «lasai» bisita dezatela adierazi die, segurtasuna «uneoro» zainduko baitute. Arrantzontzi ohia izanik, Mater-en izaera bereziak baldintzatuko du irekiera; erreserbak aldez aurretik egin beharko dira. Hainbat tokitan espazioa mugatua denez, gehienez ere zazpi lagun egon ahal izango dira ontzian une berean. Gainera, gel desinfektatzailea hartzeko bi gune izango dira, eta museoa bera maiz garbituko da.
izateak ere abantaila garrantzitsuak izango ditu ontzi museoarentzat; ohiko irteera eta ekintzei eusteko moduan izango direla aurreratu du Sarasuak: «Itsasora irteteak aukera ematen digu jende kopurua gehiago ez mugatzera, itsasoko garraioaren araudiak ez baitu mugarik ezartzen, betiere maskarak eta bestelako babes neurriak erabiliz». Itsas labarretara egindako irteerak edo zabor bilketa bezalako ekintzak egin ahalko dira, moldaketa batzuekin. Adibidez, norberak jaso dituen hondakinak beste inork ez ukitzea. Bihartik aurrera, aingura jaso eta bide berriari ekin ahalko diote Materrekoek.
Soinuenea, aberatsago
Oiartzungo Soinuenea asteartetik dago irekia. Bi bisita gidatu eskaintzen ditu asteartetik larunbatera; lehena 11:30etik 12:30era, eta bigarrena 16:30etik 17:30era. Higienea eta gutxieneko tartea zaintzeko neurriak ere hartu dituzte. «Betiko lanera» itzultzea eskertu du Joseba Zabaleta museoko teknikariak. Betiko lan hori aberastu egiten ari dira, izan ere, museoa itxita egon den abagunea digitalizazio eta telelanaren onurez baliatzeko erabili dute langileek: «Beti nahi dugu eduki digitaletan sakondu, baina denbora orain izan dugu». Langile batzuk, adibidez, soinu tresnen informazioa idatzi dute. Museoan zegoen langile bakarrak tresna horien soinua grabatu du eta emaitza Soinuenearen artxibo digitalean dago.
Asmoa da onura horiek guztiak herritarren esku jartzea, haiek museoaz goza dezaten, izan etxetik ala zuzenean. «Webgune osoagoa» dutela nabarmendu du Zabaletak, eta spot bat grabatzen ari direla, museoaren berri emateko. Betiko lanari berritasun horiek gehituz, publiko berriak erakartzea espero dute. Zabaletak, baina, ez du iraultzarik espero: «Ez dut uste gauzak hainbeste aldatuko direnik. Soinuenea ez da turismoaren motorretako bat».
Museoentzako momenturik emankorrenean iritsi zen itxialdia. Turismo ezak eta eskolen eteteak, gainera, eragina izango du bisitengan. Museo txikiek, inguruko herritarren babesa behar dute orain.