Osasuna eta ingurumena sustatzeko 'Orain Bizikletan' kanpaina jarri du martxan udalak
Orain Bizikletan kanpainarekin lotuta bi kontratazio berri egin dituela jakinarazi du udalak: 2016ko bizikleta planean jasotako plangintzaren berrikuspena da bat, eta bizikletarekin lotutako trafiko seinaleak hobetzeko azterlana, bestea. Udalak gainera, Bizikleta Hiriko Garraiobide Gisa Ezartzeko Udal Programa diseinatu eta garatu nahi du datozen hilabeteetan.
Bizikletaren erabilera sustatzea da helburua. Osasun, ingurumena eta herri erosotasuna sustatzeko eta ingurumenaren gaineko kontzientzia zabaltzeko asmoa du Errenteriako Udalak, martxan jarri berri duen Orain Bizikleta kanpainaren bidez. Ez da hutsala asmoa, eta onura ugari lituzke herriarengan zein herritarrengan; lortzeko, bizikleten presentzia nabarmen handitu nahi dute, erabilera ezberdinetan: lanera joateko, erosketak egiteko, ikastetxerako joan etorriak egiteko.
Tokiko gobernu batzarrak, 2016ko martxoan onartu zuen oinezkoen eta bizikleten mugikortasunerako dokumentua; 2025era arte dago indarrean dokumentu estrategiko hori, eta udalak, mugikortasun motorizatuaren murrizketaren arloan dituen nahiak eta konpromisoak jasotzen ditu.
“Bizi berri dugun konfinamenduaren arintzea datorrenean, eta jarduera ekonomiko eta sozialak berraktibatu ondoren, egoera sozio ekonomiko berria, epe labur eta ertainera zalantzazkoa da —azaldu du udalak—Agertoki berriko neurriek hala ere, izango dute etorkizunerako mugikortasunean eraginik”, eta horrek, bizikleta hiriguneetan garraiobide gisa sustatzeko aukera eman dezakeela dio, “mugikortasuna, segurtasuna, autobabes, eta segurtasun distantzia baldintzetan garatzea bermatzen baitu”.
Mugikortasun ez motorduna lehenetsiko duen agertoki berri bat sortzeko arrazoiak ugariak direla dio, gainera: osasun publikoa eta ingurumena hobetzea; jarduera fisikoa areagotzea; gas kutsatzaileen eta ingurumen zarataren emisioa murriztea; klima aldaketaren aurkako ekintza; pertsonen arteko gizarte urruntzea bermatzea; espazio publikoa motorrik gabe okupatzea lehenestea; adin tarte kalteberenetan —haurrak, hirugarren adina, aniztasun funtzionala duten pertsonak…— hiriko segurtasun eta erosotasun bermeak handitzea; oinezkoen eta bizikletan doazenen arteko lotura…, “Gainera gogoan zian behar da, atmosferaren kutsadura izan dela SARS-cov-2 koronabirusaren transmisioen eta kutsatzeen gorakaden bektore bat”.
Bi kontratazio berri
Orain Bizikletan kanpainarekin lotuta bi kontratazio berri egin dituela jakinarazi du udalak: 2016ko bizikleta planean jasotako plangintzaren berrikuspena da bat, eta bizikletarekin lotutako trafiko seinaleak hobetzeko azterlana, bestea. Udalak gainera, Bizikleta Hiriko Garraiobide Gisa Ezartzeko Udal Programa diseinatu eta garatu nahi du datozen hilabeteetan, hirigunean bizikleta gaur egun baino gehiago erabili dadin.
