Lau bitxikeri
Lau bitxikeri, lau kontaketa, lau bizipen istorio labur moduan azalduta helarazi dizkio HITZAri Errenteria-Oreretako Pastaingo Urkizuk. Izen hori, izengoitia da, egileak berak azaldu duenez, "emozio eta oroimenen" emaitza da idatzi duena.
Piriniotan: Gaur, goizeko 07.00tan abiatu naiz Oiartzungo Arditurri bidegorrira. Bidegorri hori da bailarako osasun zentro garrantzitsuenetakoa eta erabilienetakoa. Bere funtzio nagusia gure bizimoduak inposatzen digun estresa arintzea da. Osasun zentro erraldoiagoak baditugu gure inguran: Jaizkibel, Añarbe, Artikutza eta oro har inguratzen gaituzten ekosistemak: mendiak, basoak, hegaztiak, narrastariak, errekak, arraiak… eta bakterioak.
Han ikusi ditut Xabier eta Ainhoa, korrika alaiaren mirarian, adineko emakume taldeak ordu horietan tipi-tapa kalakan, berdin adineko gizon kuadrillak, korrikalariak… Baina gaur ez noa horretara. Gaur Pirinioetan egon naiz. Nola? Non? Ez da sorginkeria izan. Mamutera iritsi baino lehenago bada zubi bat errekaren gainean. Lehen errekan harrizko hesi bat zegoen, orain kenduta dago izokinei pasabidea libre uzteko. Harri zapalak handi xamarrak errekaren aldaparen ildoan.
Gaur ura indartsu zetorren, hotsa baino harrabotsa. Hiruzpalau minutu egon naiz uraren soinua entzuten. Eta zin dagizuet, aspaldi herriko bost lagunekin Pirinioetara joan nintzen erreka jaitsierak egitera. Aspaldi nengoen Orhi mendia, Hiru Erregeen Mahaia, Auñamendi, Ibon de Atxerito… bisitatu gabe. Baino gaur Mamuten ondoko errekan, erreka-jaitsiera hartan eta Pirinioetan nonahi disfruta daiteken ur-jauzien musika bera entzuten egon naiz.
Bizigune-errenta gune. Atzo, Udaletxearen arkupetan kartel bat ikusi nuen. Sinatzaileak Jaurlaritza eta Alokabide. Norentzat? Etxebizitza hutsik duten jabeentzat. Ziurtasun guztiak emanda —errenta kobratzea ziurtatua, etxebizitza baldintza onetan bultatzeko bermea…— honako gomendioa egiten da: “Zure etxe huts-ari errentagarritasuna atera iezaiozu”.
Hori omen da, Jaurlaritza eta zoritxarrez gutako gehienak eta bizitza eremu askotan —ez denetan, noski: presoen askatasunaren alde mugitzea ez da egiten errentagarritasun ekonomikoagatik— mugitzen duen motorra: errentagarritasuna. Baina etxebizitza zer da? Eskubidea edo negozio iturria? Baina etxebizitzen errentagarritasuna —burbuila inmobiliarioa deitutakoa— ez al zen 2008ko subprime katastrofearen iturria izan? Jaurlaritza beste krisi inmobiliario handiagoa elikatuko duen pentsamendua —errentagarritasuna da anuntzioan argudio bakarra—, errentagarritasunaren laudorioa sustatzen ari da. Eta zer etxegabeekin, eta zer langabeziaren hazkundearekin batera etxetik kaleratuak izan daitezkeenekin?
Colgate hiltzaile? Duela bi egun telebistaren batean ikusi nuen Colgate-ren iragarkia. Jota gelditu nintzen. Honela zioen gutxi gora behera —buruz ari naiz eta—: Ahoa bakterioz betea daukagu, baina lasai Colgatek garbituko ditu —akabatuko ditu— bakterio guzti horiek eta zure irribarrea distiratsua izango da.
Ahoa garbi eduki behar dela? Noski. Eta zer egiten dute ahoan ditugun bakterioek—milioika—? Eta zer egiten dute sabelean eta esteetan dauzkagun milioika milioika bakterioek eta birusek? Ahotik sartu ditugun haragia, arraina, tipula, gaileta, zikinkeriak eta armagnacak birziklatu gure gorputzarentzat baliagarriak diren proteinak, bitaminak eta abar odolaren bidez barreiatzeko, eta aldi berean gure hondakinak —pixa, kaka, izerdia…— garbitzeko.
Ahoan —sabelean, esteetan— ditugun bakteriak garbitzea geure burua asasinatzea da. Egin behar duguna, hori bai, bakterioei ematen diegun gehiegizko lana arintzea da, eta ahoa garbitu bakterioei laguntzeko. Ez akabatzeko! Adibidez, haragi gutxiago janez, zikinkeriak albo batera utziz eta abar… errazago egingo dute beren lan bizigarria gure ahoko bakterioak.
Amazonia Errenterian. Hau barne gida turistikoa da. Praktikatzeko, nahi bada, baina ez horretaz publizitatea egiteko. Alaberga plazatik hartu eta Galtzarabordara doan bidea jarraituz, jubilatuen etxea aurkituko duzue 100-200 metrora. Segi karretera gora 50-100 metro eta eskubira hasten da bide bat Basanoagako parkera eta Sorgintxulo kalera eramaten duena.
Bada, hantxe bertan, bide horren hasiera-hasieran, hantxe aurkituko duzue belar, landare, zuhaitz, belar-zintzilikarioak, itzal ederra eta eguzki izpi sarkor batzuk eguna egokia baldin bada. Benetako Amazonia txokoa Oreretan. Errenterian bizi naiz eta zenbat mirari ezagutu gabe oraindik. Adibidez, urteko egun batzuetan, Jaizkibeletik ateratzen den eguzkiak, goizeko zortziak inguruan, Papelerako munstroak topera botatzen duen keaz ia estalia dagonean, eraikinaren goialdean dituen metalezko hodiak zeharka ukitzean marrazten duen suzko ezpata disdiratsua da gure herrian ikusi dudan margo-lanik hoberenetakoa.