[Erreportajea] Trintxerpera itzultzea helburu
Oporraldia itxialdi bihurtu da Trintxerpeko familia batentzat. Apiriletik daude Boliviatik irten ezinik. Han eta hemen, agintariek utzita dituztela salatu dute. Ingurukoen babesa, ordea, badute.
Itxialdiko asterik gogorrenetan, herritarrei helarazitako mezuek estoizismoari men egiten zioten, hau da, zoritxarrezko eta norberaren kontroletik at dagoen gertakari baten aurrean, jarrera positibo eta pragmatikoa izateari. Estoizismo erakustaldi paregabea egiten ari da Trintxerpeko familia bat. Oporraldia izan behar zuena, berrogeialdi bihurtu zen lehenik, eta jarraian itxialdia.
Giovanna Castro, Juan Ivan Azurduy eta haien hiru seme-alaba Yesennia, Asier eta Ainhoa Trintxerpeko Arrandegi kalean bizi dira, baina apiriletik Santa Cruz de la Sierran (Bolivia) daude, Euskal Herrira itzuli ezinik, koronabirusa dela eta. «Onik» eta «senideekin gustura» daudela dio Castrok, baina egonaldia «luzeegia» izaten ari dela aitortu du Azurduyk. Etsipenik adierazi gabe, arduratuta daudela adierazi dute Hitzarekin egindako bideo-deian. Alde batetik, egoerak haien lanarengan izan ditzakeen ondorioak kezkatzen ditu: «Lanean gure egoeraren berri dute eta laguntzeko prest egon dira uneoro, baina beldur gara ez ote zaien pazientzia amaituko», dio Castrok. Hala ere, 10 urteko Yesseniak, 7 urteko Asierrek eta eta 6 urteko Ainhoak «klaseak normaltasunez jaso ahal ez izatea» da haien buruhauste nagusia, batez ere, euskararen erabilera ezin bermatzea: «Saiatzen ari gara haiekin euskaraz hitz egiten, gutxi bada ere. Baina ezinbestekoa da ingurukoekin ere hitz egin ahal izatea».
Oporraldia lau paretetan
Martxoaren 11n, hau da, Euskal Herrian larrialdi egoera indarrean sartu baino bi egun lehenago joan ziren Boliviara. «Ez zegoen bidaiatzeko inongo debekurik eta guk ere ezin genuen jakin mugak itxiko zirela. Are gutxiago hegaldiak erreserbatu genituenean, iazko abuztuan», dio Castrok. Bikotearen asmoa zen, seme-alabekin batera, senideak bisitatu eta gurasoen sorterriko bazter politenak ezagutzea. Plana baina, azkar okertu zitzaiela esan du Giovanna Castrok. «Aiton-amonen etxea, hori izan da haien turismoa»; Castroren gurasoen etxean izan dira ia etengabe. Alde ona da baserria dela Santa Cruzeko aiton-amonen etxea. Trintxerpeko pisu batean baina espazio gehiago badute gutxienez.
Apirilaren 18tik Boliviatik irten ezinik dago Trintxerpeko familia.
Bolivian mugikortasun murrizketak ezarri bezain laster, haien hegaldiari eragingo ote zien galdetzeko harremanetan jarri ziren Air Europa eta Boliviana de Aviación enpresekin, apirilaren 18an itzuli behar zuten eta. Arazorik ez zela izango adierazi zieten arren, azken orduko albiste txarra jaso zutela gogoratu du Juan Ivan Azurduyk: «Apirilaren 15ean, gure hegaldirako hiru egun falta zirela, Boliviako Gobernuak hegaldiak bertan behera gelditzea erabaki zuela jakinarazi ziguten, koronabirusa zela eta». Atzerapen bat gutxi balitz, beste bi ere jasan behar izan dituzte. «Lehenengo maiatzaren 4rako programatu zuten, eta ondoren, ekainaren 15erako. Baina biak bertan behera gelditu dira», dio Azurduyk.
Enpresek ez diete gainerako informaziorik eskaintzen eta dirudienez, Espainiako Atzerri Ministerioak ez ditu etxeko lanak adierazi bezain ongi egin, «ez gara bakarrak, jende asko dago gure egoeran». Azurduyk dionez, soilik Bolivian, Espainiako Estatura itzuli ezinik dauden «600 bat lagun» daude. Itxaronaldia luzatu ahala, ondorio larriak jasateko aukerak areagotzen dira haien artean. Boliviako zein Espainiako Estatuko agintarien eta hegaldi enpresen isiltasunaren aurrean, urratsak eman behar izan dituzte, horren ondorioez jakitun izanda: «Kalera atera gara protesta egiteko eta gure egoera aintzat har dezatela eskatzeko. Kutsatzeko arriskua hortxe dago, noski».
Presioak eragina izan duela dirudi, enpresek hegaldiak egongo direla ziurtatu baitute. Iberiak «aberriratzeko hegaldi solidarioak» iragarri dituela, itzultzeko premia duten horientzat alegia. Dena den, kasu honetan solidario hitza, adar jotze hutsa da: «Hegaldiak erosteko ikaragarrizko gainkostua ordaindu behar da, 800 eta 1.200 euro artekoa eta gainera, Madrileraino doa, ez azken helmugaraino. Jende askok ezin dio aurre egin gastu horri, guk adibidez».
Kontutan hartu behar da, Trintxerpeko familiak, dagoeneko ordaindu zuela bidaia osotasunean eta itzultzea, haien eskubidea dela kontsumitzaile gisa. Hegaldi bakoitzeko 800 dolar ordaindu behar badituzte eta familian bost kide izanda, argi dago familia arrunt batentzat ordainketa handiegia dela, are gehiago diru sarrerak etenda badaude: «Dirua duen jendea atera daiteke, gainontzekook itxaron behar dugu». Adin txikiko hiru seme-alaba izateak, eta hirurek espainiar hiritartasuna izan arren, familiak ez du inongo laguntzarik jaso espainiar agintarien aldetik.
Juan Ivan eta Giovannak jaso duten azken berria hilaren 23an itzuliko direla da. Dena dela, orain arte gertatutakoaz ikasi dute eta ez dira fio: «Txartelak eskuartean izan arte ez dugu ezer ziurtzat joko».
Sosei, oztoporik ez
COVID-19ak agerian utzi du, pandemia baten aurkako borrokan, gobernuak mundu osoko arlo guztiak eteteko gai direla, ekonomia izan ezik. Haiek ez bezala, familiak egin beharreko ordainketek ez dute inongo oztopo edo zailtasunik izan «zergak, etxebizitzaren hipoteka, ura eta gasa» ordaintzen jarraitzen dutela dio Giovanna Castrok. Haien egoera geroz eta zaurgarriagoa bilakatzen ari da, aste batetik bestera. Suertatu zaien azken arazoa, errenta aitorpena egiteko ezintasuna da. Kutxako bezeroak dira eta Castrok ez du ezkutatu banketxearekiko duen haserrea: «Jende asko bezala, Internet bidez kudeatzen dugu gure kontua. Edozein mugimendu egin ahal izateko gako bat eskatzen dute. Gako hura, ordea, Euskal Herriko telefono zenbakira helarazten digute, ez hemen dugun telefonora. Gure egoeraren berri eman diegu, beste zenbaki bat dugula, baina ez digute konponbiderik eskaintzen».
Han eta hemengo agintariek ez diete inongo laguntza eskaintzarik egin
Haserre egotea ez da harritzekoa negozioa benetan txarra baita; ez dute haien diruaren kontrolik, baina badakite dirua galtzen ari direla. «Kutxak abandonaturik utzi gaitu», salatu du beste behin Castrok. Bolivian ere, ez diete erraztasun gehiegirik eman. Herrialdera iritsi berritan, Asier semea «ondoezik» sentitu zen Castrok azaldu duenez; ezer larririk ez, sabeleko min pixka bat, ohikoa da halakoak gertatzea elikadura aldatzen denean egun batetik bestera. Larria, semea sendatzera eramateagatik ordaindu beharreko faktura izan zen, «beste gastu bat eta ez zen merkea izan». Bi hiritar boliviarren seme-alabak dira, eta noski, Boliviako hiritartasuna dute jaiotzez. Baina herrialdetik kanpo jaio direnez, atzerritarren gisara artatuak dira.
Oporraldian, beraz, gutxi mugitu dira, baina hori bai, garesti ateratzen ari zaie. Eta garestiago aterako zaie, izan ere, Boliviatik irtengo diren askok, isun bat ordaindu beharko dute, herrialdean adierazi baino luzeago egoteagatik. Bai, hala da: haien esku ez zegoen izurrite batek harrapatuta utzi ditu; jarraian, gobernuak itxi zien atea bertan gelditzera behartuz; eta azkenik irteteko aukera dutenean, beste batzuen erabakien ondorioak haiek ordaindu behar dituzte.
Ingurukoen babesa
Herritarren eskubideak zaindu beharko lituzketen gobernuek bizkarra eman diete. Ingurukoen babesa, ordea, ez zaie falta. Besteak beste, «Karmengo Ama Herri Ikastetxeko profesionalek erakutsitako prestutasuna» nabarmendu du Giovanna Castrok. Profesional horietako bat, Ruth Pousada da. Pousada, Lehen Hezkuntzako 4. mailako irakaslea da, Yeseniaren tutorea. Bera izan zen familiaren egoeraren berri izan zuen lehenengoetakoa: «Klaseak etxetik emateko bideak aztertzen ari ginela, ez zidaten posta elektronikoetara erantzuten. Oporretan zeudela jakinda, hasieran ez ginen kezkatu. Aurrerago jaso nuen mezu bat, haien egoeraren berri emanez eta inkomunikatuta zeudela adieraziz». Gurasoen ardura nagusia haurrek eta bereziki Yeseniak «kurtsoa galtzea» zela dio Pousadak, hau da, LH 4 errepikatzea: «Edukiez ez kezkatzeko esan nien, garrantzitsuena haiek lasai egotea zela eta konponbide bat topatuko genuela».
Konponbide bat, alegia, hegaldi enpresek, kontsulatuak eta gobernuak eskaini ez dietena. Txikia bada ere, familiaren ezinegona arintzeko urratsa eman zuen Pousadak: «Inkomunikaturik zeudela eta, nire telefono zenbaki pertsonala eman nien, gutxienez Whatsapp bidez harremana izan genezan». Ordutik ostegunero du hitzordua Yeseniak tutorearekin, astekoak errepasatzeko, baina batez ere, errepaso hori euskaraz egin ahal izateko. Ez dute kezkatu beharrik gurasoek, Yesenia «oso ondo» ari dela ziurtatu du Ruth Pousadak. Itxialdian izan arren, eguneroko bizipenak azaltzen dizkio irakasleari, senideak inguruan dituela. Tutorearen arabera, bizitzen ari diren egoera aintzat hartuta, Giovanna eta Juan Ivanen jarrera eredugarria izan da: «Gertatzen ari denaz jakitun dira, baina umeak pozik ikusten ditut. Nik uste dut guraso horiek oso ondo jakin dutela kudeatzen egoera. Indartsuak dira».
Dena dela, hezkuntzaz harago beste helburu bat bete dutela garbi dute; urrun egon arren, sare herrikoi baten parte direla sentiaraztea. «Hemen egon ala ez, familia osoa ikas-komunitate honen parte dira», nabarmendu du Pousadak.