Esteban Agirre: "Ipuinen gordintasun eta arruntasunak astindua emango dio irakurleari"
Joaquin Gallegos Lara ekuadortarraren lan bat euskarara itzuli du Esteban Agirrek. Guayaquilgo herri xehearen bizimoduaren eta kulturaren berri ematen du ‘Ipuinak’ auto-editatutako liburuan.
Joaquin Gallegos Lara (1909-1947) ekuadortarraren Ipuinak (Cuentos, 1930) narrazio liburua euskarara itzuli eta fisikoki argitaratu berri du Esteban Agirre azpeitiarrak.
Sareko Booktegi argitaletxeak duela bost bat urte argitaratu zuen arren —izenburu ezberdinarekin: Guaraguao eta beste istorio batzuk—, orain izan du auto-edizioan murgildu eta fisikoki argitaratzeko aukera. Izenburuak beste ideia bat iradoki dezakeen arren, errealismo soziala jorratzen duen ipuin bilduma da.
Pertsonaia arruntak dira protagonistak, eta duela mende bateko Ekuadorko Guayaquil hiriko egoera kontuan izanik, gordintasun handiko istorio gogorrak topa litezke bertan.
Esteban Agirre Lazkano Azpeitian jaio zen 1950an. Arantzazuko komentuan egin zituen ikasketak, eta ordutik euskararen inguruko lanetan aritu da etengabe. Berrogeita bat urterekin joan zen Oiartzunera bizitzera, Sandra Mosquera emaztea ezagutu ostean. Halaber, irakasle izan zen urte luzez, eta euskarazko irakaskuntzaren hastapen garai hartako material falta zela- eta ekin zion itzulpengintzari.
Testu liburuak itzuli, moldatu eta klasean ematen zituen. Horiez gain, hainbat nobela itzuli ditu, ia denak gaztelaniatik euskarara. Itzulpengintzaren zailtasunez galdetzean honakoa esan du: «Zailena da jatorrizko egilearen arimari heltzea».
Denbora aprobetxatze aldera ekin zion lanari, 1994. urtean, alaba jaiotzear zela. Sandra emaztea ekuadortarra da eta, horrenbestez, hara eginiko bidaia batean ezagutu zuen Joaquin Gallegos Lara idazlea. Lagun batzuek Los que se van (1930) liburua oparitu zioten, hain zuzen, herri xehearen gorabeherak azaleraziz kultura montubioa islatzen duen liburua.
Bost idazlek, besteak beste, D. Aguilera Malta, E. Gil Gilbert eta Gallegos Larak berak osatutako El grupo de Guayaquil taldearen lana da. Agirrek itzulitako Ipuinak idazkia bertan, Gallegosek (21 urterekin) idatzitako istorio bilduma da. «Nire seme-alaben jatorri ekuadortarra eta euskalduna lotzeko modu polita iruditu zitzaidan», esan du Agirrek.
Gallegos Lara idazle berezia iruditu zitzaion Agirreri, hala nola, eskolara joan gabe (elbarritasun batengatik) oso kultura zabalaren jabe zelako, eta molde asko apurtu zituelako. Garaiko mundu akademiko literario guztiari aurre egin zion, herri xehearen izateko eta hitz egiteko modua aldarrikatuz.
Hitz egiteko modu herrikoi eta ez-jaso hori argi ikusten da haren obran, baita Agirreren itzulpenean ere. «Guayaquilgo hizkeraren eta pertsonaien arima (montubioak) mantentzeko, sarritan euskara ez-jasoa baliatu dut, kaleko jendeak egiten duen modukoa. Bestalde, pazientzia handiko lan zaila izan da obrako lexiko bereziaren esanahia argitzea», baieztatu du Agirrek.
Montubioen bizitzaren eta kulturaren berri ematen du lanak
Eginbehar horretan emazteak, haren gurasoek eta Ekuadorko lagun batzuek lagundu diote. «Lexiko bereziaren hiztegitxo bat egin dut liburu amaieran; gainera, ahalegindu naiz esanahiak bertakoek emandako azalpenen arabera osatzen».
Ipuin sortaren edukia da, funtsean, montubioen bizimoduaren eta kulturaren berri ematea. Gallegos Lararen xedea zapaldutako jendearen bizitza ezagutaraztea izan zen, duintasuna emanez. Hura, ordea, jatorriz kreolea zen, gaur egungo Hego Amerikako agintari gehienak bezalaxe. Pertsona horiek jatorri espainiarra dute, eta ideologia konkistatzailearekin agintzen dute nagusiki.
Aitzitik, guayaquildarrak aztura zapaltzaile hori alderatuz, indigenak eta kolektibo minorizatuak goretsi zituen, haien alde apustu eginez. «Horregatik guztiagatik deritzot moldeak eta egitura hegemonikoak apurtu zituen idazlea izan zela. Ezkertiar sutsua, politikoki zuzentzat jotzen ez zen bidea egin zuen eta hankaz gora ipini zuen inguru guztia, hala nola, literatura akademikoa eta egoera politikoa. Bere gisako beste egile batzuen moduan, gehiago ezagutaraztea merezi duen egilea dela deritzot».
Irakurlean eragina
Idazkiaren gaurkotasunaz iritzia eman du Agirrek: «Ipuinen gordintasun eta arruntasunak astindu ederra emango dio irakurleari». Oiartzunen bizi de azpeitiarraren aburuz, irakurleak sorpresa handia topatuko du liburuan. «Gizartea nolakoa zen eta nolakoa den argi ikusten da bertan. Egileak gertakari arruntak deskribatzen ditu, baina, era berean, haien krudeltasuna eta gogortasuna agerian geratzen da».
Estebanek liburuaren auto-edizio prozesua honela laburtu du: «Ordu gehixeago sartu, inprentara eraman eta kito. Hogei ale atera ditut guztira».
Aitortu du argitaletxeek ez zutela liburua argitaratu nahi izan hainbat arrazoirengatik, horregatik ekin diola auto-edizioari: argitaletxe txikiak zirelako; idazle ezezaguna eta esangura gabea iruditu zitzaielako; jatorrizko hizkuntzan argitaratzea hobe zelako… Beraz, auto-editatzea erabaki zuen.
Egile berberaren beste nobela bat (Las cruces sobre el agua) itzultzen ere hasi zen Esteban Agirre, baina, lan honen kariaz ikusitakoa ikusita, geratzea erabaki zuen.