Kontziliazioa errazteko bidean, bi neurri zehatz
Kontziliazioa errazteko bidean, bi neurri zehatz hartu ditu Errenteriako Udalak. Urrats bat dira, guraso asko eta askok eskertuko dutena, baita haur ugarik ere konfinamendu luzearen ostean.
Familia eta lana uztartzea buruhaustea da berez familia asko eta askorentzat. Egoera horrek, okerrera egin du osasun larrialdiarekin; aiton-amonek hartu dute aspaldian beren gain biloben zaintza, gurasoentzat kontziliazio aukerak hutsalak direlako, eta gehienetan, emakumeak dira ezinbesteko zaintza hori bermatzearen ardura hartzen dutenak. Aiton-amonen komodina desagertu da COVID-19aren aroan; bai behintzat zaintza erdigunean jarri dutenentzat.
Kontziliazioa errazteko bidean, bi neurri zehatz hartu ditu Errenteriako Udalak. Urrats bat dira, guraso asko eta askok eskertuko dutena, baita haur ugarik ere konfinamendu luzearen ostean. Gaur eman dute horien berri Itziar Ostolaza Berdintasun zinegotziak, eta Maite Gartzia Gazteria zinegotziak. Osasun larrialdiak herriko haur eta familien eguneroko bizitza errotik aldatu duela esan dute biek: “COVID-19ak sortutako osasun krisia dela eta, duela aste batzuk udalak haurrei urtero eskaintzen dien Udako Oporrak programa bertan behera uztea erabaki zuen, osasun bermatzeko segurtasun neurriak betetzearren”. Udalaren ustez, baina, ezinbestekoa da hezkuntza aisia haurrentzat, “jolaserako, dibertsiorako, eta elkarbizitzarako espazio bat eskaintzen die, beren autonomia pertsonala gozatu eta garatu ahal izateko”.
Udako Oporrak orain arteko moduan ezingo du eskaini, baina egokitutako programa bat sortu du udalak, bi arduradunek zehaztu dutenez, “segurtasun neurri guztiekin”. Udan Ludotekara da Gazteria sailak sortu duen programa berri hori, eta aurretik, Udako Oporrak programan izena eman zuten haurrei zuzenduta dago.
Parte hartzaile kopurua taldeko adinaren arabera ezarri dute. Hala, 2014-2016an jaiotakoentzat, gehienez bost parte hartzaileko taldeak osatuko dituzte; 2008-2013 aldian jaiotakoekin berriz, gehienez zortzi parte hartzaileko taldeak. Elkarguneak ere asko izango dira: Errenteria-Oreretako sei ludotekak, bi gazteleku eta Merkatuzar eraikina. Ahal bada, gainera, ekintzak kalean egingo dira. Jarduerek astebeteko iraupena izango dute, eta lau txanda antolatu dituzte: ekainaren 29tik uztailaren 3ra; uztailaren 6tik 10era; uztailaren 13tik 17ra eta uztailaren 20,21,27,28 eta 29.
Ordutegiei dagokienean, berriz, 2014-2016 aldian jaiotakoak 10:00etatik 13:00etara arituko dira; eta 2008-2013 aldian jaiotakoak 09:30etik 13:30era.
Udan Ludotekara programan izena eman edo Udako Oporrak programaren zenbatekoa itzultzeko eskatzeko epea hilaren 15etik 21era bitartekoa da. Udan Ludotekarako parte hartzaileei ordaindua zutenaren %50 itzuliko zaie eta baja ematen dutenei berriz, %100. Izena emateko epean izena ematen ez dutenak zuzenena baja izango dira. Kasu horretan Udako Oporrak programan ordaindutakoaren %100 itzuliko zaie.
Aurretik izena eman zuten pertsona guztiek mezu bat jasoko dute, izena emateko edo baja emateko modua azaltzeko. Ohar garrantzitsu bat gaurko agerraldian egin dutena: izen emateak telematikoak izango dira. Programa erabili nahi den aldia aukeratzeko beta emango duen programa informatiko bat sortu da horretarako. Laguntza behar izanez gero, deitu aurretik ordenagailua eskura izatea komeni dela esan dute. Telefono zenbakiak: 943 449 606 (08:00etatik 14:00etara) eta 666 010 902 edo 617 420 730 (15:00etatik 19:00etara).
Kontziliaziorako laguntzak
Udala jakitun dela errealitate berrira egokitutako zerbitzua eskainiko badu ere, hainbat familiak zailtasunak izango dituela uda honetan haurren zaintza eta lan jarduera kontziliatzeko esan du Ostolazak. Horri begira, laguntza gisa, Errenteriako Udalak diru laguntza lerro berri bat sortu du; laguntza lerro hori, osasun krisiaren ondorioei erantzuteko diseinatutako talka planean jasotzen da. Helburua, ikasturte berria hasi bitartean, haurren zaintza kontratatzeko laguntza eskaintzea da.
Diru laguntza lerro berriaren sorrerarekin berdintasun politiketan urratsa bat aurrera egin nahi duela udalak azaldu du Ostolazak, “herriko emakumeak erdigunean jarrita eta horiei kontziliazioa erraztuz. Egun, oraindik, zaintzaren zama emakumeen gain gelditzen baita, osasun larrialdi honetan azaleratu den bezala”.
30.000 eurorekin hornitu du diru laguntza lerro berri hori udalak, “herritarren esku uzteko”. Laguntza jaso ahalko dute Errenterian erroldatuta. dauden eta 45.000 eurotik beherako errenta duten 14 urtetik beherako adin txikikoak haien kargu dituzten familia unitateek. Oinarriak argitaratzen diren unetik irailaren 15era arte egiten diren kontratazioak hartuko dituzte aintzat, bi irizpide oinarri hartuta: familia unitatearen errenta eta kontratuaren ordu kopurua. Familia unitate bakoitzak hilero jaso ahalko duen gehienezko diru kopurua 600 eurokoa izango da.
Deialdia datozen asteetan egingo dela publiko Aldizkari Ofizialean erantsi du Ostolazak, eta Zu! Zure Udala zerbitzuan egin ahalko dira eskaerak. Epea zabaltzen denean, ohiko bideetatik jakinaraziko du udalak.