«Lan eta bizitza egoki bila etorri ziren gurasoak Errenteriara»
1960ko hamarkadan, ehunka lagun heldu ziren Errenteriara, bertako fabriketara lanera. Etorkizun hobe baten bila etorritako guztiek ere jarri dute alea herriaren historia eraikitzeko.
Etorkizun bila etorri ziren. Ehunka izan ziren beren herriak atzean utzi eta abentura berriari ekitea erabaki zutenak. Lana eta bizimodu duin baten bila etorri ziren Espainiako Estatuko probintzia ugaritatik. Lana aurkituta, Errenterian eraiki zuten beraien familia eta jarri zituzten etorkizunerako oinarriak. Biztanleriak gorakada izugarria izan zuen 1960ko hamarkadatik hasi eta 1975era arte. Hor jo zuen goia.
Rosi Ribero eta Marina Rubio Errenteriara etorritako horietako bi dira; 3 eta 8 urterekin iritsi ziren, hurrenez hurren, gurasoekin bizimodu egoki baten bila. Etorritako horiei guztiei lekua eskaini zien Errenteriak, eta herriaren historian beren alea jarri dute. Anitza da Errenteria, zalantzarik gabe; aniztasun horren lehen hazia 1960-1970 hamarkadan heldu ziren horiek guztiek erein zuten.
Noiz eta nondik iritsi zineten Errenteriara?
Rosi Ribero: Hiru urte nituela heldu nintzen Errenteriara; ahizpak zortzi zituen. Casillas de Flores Salamancako herritik heldu ginen etorkizun hobeago baten bila. Aita etorri zen aurretik, eta lana aurkitu zuenean, ama-alabak trenean etorri ginen. Biteri kaleko etxe bateko gela batean izan ginen bizitzen lehenik; garai hartan oso ohikoa zen gelen alokairua, sukaldea erabiltzeko aukerarekin. Oiartzunera joan ginen gero, eta hiru urte han emanda, aita Papeleran lanean hasi eta Errenteriara etorri ginen berriro. Migel Alduntzin kalean fabrikak langileentzako egindako etxeetako bat tokatu, eta han bizi izan nintzen ezkondu nintzen arte.
Marina Rubio: Zortzi urte nituen Errenteriara iritsi nintzenean. Gure kasuan ere, aita etorri zen lehenik, eta sei hilabete eman zituen hemen bakarrik, lan eta etxe bila. Osaba-izeben etxera etorri ginen lehenik, eta berehala etxea aurkitu zuen Galtzarabordan. 1963. urtean izan zen hori. Galtzarabordara iritsi ginenean, auzoan egindako azken etxea zen gurea. Caceresko Torrecillas de la Tiesa herritik, Extremaduratik etorri ginen. Aita obretan ibili zen lanean hasieran, eta gero, Ramon Vizcainon aurkitu zuen lana.
Nola oroitzen duzue garai hura?
Rubio: Galtzaraborda dut gogoan, etxe gutxi batzuk kenduta, hortik gora dena zen mendia. Koldo Mitxelena institutua dagoen lekuan baserria zegoen, eta San Marko kalean ur depositoa. Haur ginenean, igandeetan bertara joaten ginen meriendatzera, mendira. Gogoan dut etxe aurrean jolasean ematen genituela ordu pila.
Ribero: Txikitako gauza asko ez ditut gogoratzen, baina batzuk iltzatuta ditut. Gure etxebizitza lehenengo pisu baxu bat zen, eta hiletetan elizatik Gaztelutxoko kanposantura joateko etxe aurretik pasatzen ziren kutxa sorbaldan zutela. Balkoian esertzen ginen pasatzen ikusteko.
Ilea erosten zuen gizon bat ere gogoan dut, trentzak erosten zituen; ile horia nintzen ni, eta gogoan dut behin amak moztu eta saldu egin ziola dirua ateratzeko edo, garai zailak ziren. Beste hiru anai-arrebak hemen jaio ziren.
Gurasoei moldatzea kosta egin zitzaien? Nola sentitu ziren bertan?
Ribero: Hasieran apur bat, agian. Baina Salamancako etxea saldu zuten, eta pare bat aldiz baino ez ziren itzuli bertara beren gurasoengana. Ama Normandian jaio zen eta 10 urterekin heldu zen Salamancara. Bere herria bere seme-alabei jaten ematen ziena zela esaten zuen amak. Gosea kentzen zigun herria sentitzen zuen berea, eta garai hartan gosearekin heldu ginen hona. Ama onartua sentitu da beti. Hasieran, kanpokoak, pobreak… hala ikusten gintuzten, baina hemen ere garai hartan ez zegoen soberan, baten batzuk kenduta, Errenterian ere miseria zegoen.
Bizpahirurekin baino ez zait gertatu mantxurriana eta kalikeña deitzea. 13 urte nituen orduan.
Hala ere, esan moduan. oso jende gutxirekin gertatu zait, bi edo hirurekin; arazorik ez dut inoiz izan.
Rubio: Nik eskola dut gogoan, Calvo Sotelo ikastetxera joaten ginen, Galtzarabordako hirugarren malda jaitsita zegoen; tratu egokia jaso genuen, oso gustura izan ginen eskolan. Gurasoak ere oso gustura izan dira hemen, oso zoriontsu. Handik etorri baziren, zerbaitegatik izango zen. Han bizitzeko eta lanerako ez zituzten aukera egokiak aurkitu zituzten Errenterian.
Zein alde dago iritsi zineten Errenteria hura, eta gaur egungoaren artean?
Rubio:Haurra nintzenean ez nintzen ni asko jaisten herrira, Erdialdera, auzoan ibiltzen ginen jolasean. Hamahiru urterekin hasi nintzen jaisten, eta oso ezberdina zen gaur egungoarekin alderatuta: fabrikak zeuden Erdialdean, pila bat, Niessen, Lanera… Gaur egungo Errenteriak, alde horretatik ez dauka zerikusirik industria giro harekin; orain, oso polita dago herria.
Ribero: Oso ezberdina da, bai. Garai hartakoak zerikusi gutxi du gaur egungoarekin. Orduan jende gutxi bizi zen bertan, ni iritsi nintzenean behintzat bai. Handik urte batzuetara hasi zen ugaritzen biztanleria. Garai hartan egun osoa ematen genuen kalean; gaur haur txikiak ikusten dira, baina adin batetik aurrera ez dira ibiltzen gu ibiltzen ginen bezala. Gogoan dut, eskolatik atera, mojetan ikasi nuen nik, eta etxera igo gabe, txintxarria jo eta ogitartekoa leihotik botatzen zigula amak.
Papelerako etxeek patioa zuten, baina gogoan dut Patxiku zelaian ere ibiltzen ginela jolasean Goiko Kaleko haurrak, Gaztañokoekin. Beldur gutxiago genuen, denak ezagunak ginen eta beti ibiltzen ginen kalean. Gainera, ez zegoen dirurik beste gauzak egiteko garai hartan. Goiko Kaleko jaiak ere gogoan ditut, oso politak ziren; baita Patxikun San Joan sua pizten genuela, eta saltoka nola ibiltzen ginen Gaztañokoekin ere.
Fanderiara ere joaten nintzen aitarekin. Papeleran lana amaituta, bertan baratzeak zaintzera joaten zen eta berekin eramaten ninduen askotan; orain joaten naiz, eta polita dago inguru hori, baina garai hartan, txikia nintzenean ikaragarri polita zen, usain berezia zegoen bertan, benetan. Gogoan dut lanbroa jartzen zela gainean eta aitak esaten zidala horrek hezetasun berezia ematen ziela bertako lurrei, eta horregatik zirela oso egokiak bertako baratzeak.
Zer suposatu zuen aldaketak, zuen jaioterriak atzean utzi eta urrun zegoen herri berri batera etortzeak?
Rubio: Nik zortzi urte nituen, baina jaio nintzen herrian aparte ginen, hemengo baserri batean biziko bagina bezala zen. Han gurasoek lur jabearentzat egiten zuten lan, jauntxoarentzat, horregatik erabaki zuten Errenteriara etortzea aukera baten bila hura utzita. Denontzat hoberako izan zen erabakia.
Ribero: Esan dudan bezala, gurasoak ez ziren itzuli apenas Salamancara, eta ni oso txikia nintzen hona etorri ginenean. Kuriosoa da, kanpotik etorritako guztiek zuten etxea, Caceresen, Salamancan… baina nire gurasoek ez. Beren gurasoak hil zirenean ez zituzten mantendu haien etxeak. Nik behin baino gehiagotan galdetzen nien zergatik ez zuten etxea egin udaran oporretara joateko; amaren erantzuna garbia zen, beti esaten zidan hainbeste sufrimendurekin etorri zirela seme-alabak han aurrera ateratzerik ez zutela ikusita, etorkizunik ez zutela ikusita, bertara itzultzeak samintasun handia eragiten ziela.
Oroitu bai, oroitzen ziren eta joan ziren hiletetara eta, baina egunak pasatzera ez. Ama 92 urterekin hil zen, eta hil baino lau urte lehenago izan ginen berarekin hara, 20 urte zeraman herrira joan gabe, eta hiru egun pasatzera joan ginen batera.
Tristurarekin lotzen zuten hura; hemen, aitak lana zuen, etxe bat, familia aurrera atera zuten.
1960ko eta 1970eko hamarkadetan Errenteriara hainbeste jende heldu izanak zein ondorio izan ditu zuen ustez. Zertan eragin dio Errenteriari?
Ribero: Nik uste dut aniztasuna ekarri ziola Errenteriari. Ni kanpotik heldu nintzen, euskaldun batekin ezkondu nintzen eta euskaraz egiten dut. Garai batean, jende batek, hartu gintuen herriarekiko erakusten ez zuen errespetua erakusten dute denek gaur egun, nire ustez. Ni eta familia ondo hartu gintuzten, ondo sentiarazi naute beti hemen eta hala sentitzen naiz gaur egun ere, gustura.
Gogoan dut, gurasoei euskarazko hiztegi txikia eskatu niela. Ikasten hasi nintzenean debekatuta zegoen, eta Alabergako elizako etxabean hartzen genituen eskolak. Irakaslea, Iñaki Pikabea Piti genuen. Gurasoek ez zuten ulertzen zertan ari nintzen, edo zertarako behar ote nuen euskara hiztegi bat, baina oparitu zidaten, Everest markako bat.
Rubio: Nik uste dut positiboa izan dela herriarentzat, hala pentsatu nahi dut; garatu da, aurrera egin du, eta hori bertakoen eta hona lanera eta bizitzera etorritakoen artean lortutako zerbait dela uste dut.
Nik hemen egin dut nire bizitza, jubilatuta nago eta oso gustura sentitzen naiz hemen.
Errenterian dena dugu eskura herritik atera gabe, bertan dugu sendagilea, azoka, dendak eta mugitu behar badugu, berriz, garraiobide aukera zabala. Lagun guztiak ondoko herri batekoak baditut ere, Pasaiakoak, oso gustura bizi izan naiz eta bizi naiz Errenterian gaur egun ere.
46.329
Errenteriak zituen biztanleak, 1975ean
1950. urtean 12.748 biztanle zituen Errenteriak. 1960ko hamarkadatik 1975. urtera arte etengabeko biztanleriaren igoera izan zuen udalerriak. 1960. urtean, 18.642 biztanle zituen; 197oean, 34.369; eta 1975ean, 46.329. 25 urtean populazioa ia hirukoiztera heldu zen Errenteria. 1981. urtean beherakada hasi zuen biztanle kopuruari dagokionean, urte hartan 45.789 biztanle zituen.
%17,6
Errenterian jaiotakoen ehunekoa 1975 urtean
1975. urtean zituen 46.329 biztanleetatik, erdia baino zertxobait gehiago ziren gipuzkoarrak, %54,35, zehazki. Horrek esan nahi du, urte horretan Errenterian bizi ziren 100 biztanletik 54 baino ez zirela gipuzkoarrak. Errenterian jaiotakoak, berriz, 8.269 baino ez ziren; orduko biztanleria kopuru osoaren %17,6 da hori.