Matrikulatzeko epea irekiko du Pasaia Musikalek
Ikasle ohiek hilaren gaurtik aurrera matrikulatu daitezke eta gainontzeko herritarrak 18tik aurrera. Bi kasuetan, izena emateko epea, uztailaren 3an amaituko da.
Pasaia Musikal Pasaiako Udal Musika Fundazio publikoak datorren astean irekiko du 2020/2021 kurtsorako matrikulazio epea. Ikasle ohiek hilaren 15eko (astelehena) 09:00etatatik aurrera eman ahalko dute izena. Ikasle izan ez diren herritarrek hilaren 18ko (osteguna) 09:00etatik aurrera. Izan ikasle ohia ala ez, izena emateko epea egun berean amaituko da, uztailaren 3an (ostirala). Matrikulazio epearen aurkezpenean, Pasaiako Udalaren kultur zinegotzi Jorge Aguayok eta Gorka Miranda Pasaiako Musikaleko zuzendariak hartu dute parte.
Azkenean ez da iragarritako %2ko tasen gorakadarik izango, aurten tasen prezioa berean uztea erabaki baitu udalak. Matrikulazioa modu telematikoan egin beharko da ezinbestean, segurtasun eta higiene neurri bereziek hala eskatzen baitute. Matrikulatzeko xehetasun guztiak, bere webgunean bildu ditu Pasaiako Udalak. Hala ere, Pasaia Musikalen herritarren zalantzak argitzeko prest izango dira, posta elektronikoz ala 943 39 60 55 telefonoan.
Hain aldakorrak izan diren hilabeteetan komunitate osoari eskerrak adierazi dizkiote Pasaia Musikaletik. Ziurgabetasunetik eratorritako ustezko egoera ezberdinei erantzuteko prest daude musika eskolan eta ondorioz dena prest dute 2020/2021 kurtsoa aberasgarria izan dadin.