Zaria Koru Eskolak zabalik du izena emateko epea
Ikasturte berriari begira, taldeen eraketa eta baldintzak errealitate berrira egokituko dituzte, segurtasuna bermatzeko. Irailetik aurrera, Zaria Abesbatza Eskolaren espiritua betiko berbera izango dela zehaztu dute.
Lanean ari da Zaria Koru Eskola ikasturtea amaitzen COVID-19ak ezarritako alarma egoeraren oztopoak gaindituta. Ikasturtea txukun amaitu nahi du ikasleekin, eta aste batzuk dira eskola presentzialak —babes neurri guztiak bermatuta—berrartu zituela. Horrekin batera, datorren ikasturteari begira, dagoeneko zabalik du izena emateko epea.
Zuzeneko eskolak etenda izan diren denboran, ahotsaren inguruko lanketa eta gozamena uztartzen jarraitu duela Zariak azaldu dute arduradunek: “Konfinamendu garaian online eskolen bidez, eta duela aste batzuetatik eskolan bertan eta Iztietako elizan egiten ari garen saioetan, betiere, beharrezko segurtasun neurriak hartuta”.
Eskola horietan, azarorako aurreikusia duten ikuskizuna prestatzen dihardute Zaria Koru Eskolako abeslariek, besteak beste: “The Beatles talde Inglesa eta bertsolaritza uztartuko ditugu ikuskizun horretan”. Ez dirudi erraza erronka, baina halakoak gustuko dituzte eta ziur paregabe arituko direla Imanol Elizasuren gidaritzapean.
Ikasturte berriari begira, berriz, taldeen eraketa eta baldintzak errealitate berrira egokituko dituzte, segurtasuna bermatzeko. Irailetik aurrera, Zaria Abesbatza Eskolaren espiritua betiko berbera izango dela zehaztu dute: “Abesbatza musikaz gozatu eta aldi berean, kultur jardunaren, taldekako lanaren eta giza balioen lanketaren bidez, norberaren giza garapena eta garapen intelektualean sakontzea; eta hori, ikasleen segurtasuna lehenetsiz egingo dugu: taldeen eraketa eta eskolak emateko baldintzak unean uneko egoeraren arabera egokituko dira”. Horretarako taldeak mugatuak izango direla, segurtasun distantzia gordeko dela, eta beharrezko garbitasun neurriak hartuko direla azaldu dute”.
Abesbatza musikarekiko grina piztu
Zaria Koru Eskolaren formakuntza eskaintzaren helburu nagusia haur, gazte zein helduen artean abesbatza musikarekiko grina eta zaletasuna piztea da, kalitatezko musika formakuntzaren bidez. Horretarako adinaren arabera taldekatu egiten dituzte ikasleak: 6-9 urte Zaria Txiki abesbatzan, 10-15 urte Zariatxo abesbatzan, 16-17 urte Zariagaz abesbatzan, eta hortik aurrerakoak, Zaria eta Zaria Ensemble abesbatzetan, “eskolaren plangintzan baina, garrantzia du adien ezberdinetakoak elkarrekin aritzea”.
Musika estilo zabala lantzen dute, klasikoa, garaikidea, tradizionala, pop musika… eta ahotsaren emisioa, entzunaldi aktiboa eta musika irakurketa lantzeaz gain, kontzentraziorako zein lanerako gaitasuna, oroimena, psikomotrizitatea eta arnasketa kontzientea ere lantzen dituzte. Abesbatza musikaren arlo teknikoak eta errepertorioa ere ikasgai dituzte, baita eskolaren ezugarria den giza balioen eta talde dinamiken lanketa.
Bdere bide du Zaria Koru Eskolak, eta bide horretan harremanak garatu ditu, saretu egin da hasiera hasieratik Errenteria-Oreretako zein Oarsoaldeko Bizarain, Egiluze, Gamon, Koldo Mitxelena, Orereta IKastola, Telleri, edota Elizalde ikastetxeekin. Oarsoaldeari eta Euskal Herriari begira bai, baina nazioarteari ere so egin dio, eta horren erakusle da Katalunia, AEB, Alemania, Frantzia, edo Txekiar Errepublikako hainbat abesbatzekin duen harremana. Horren harira primizia ere eman du, etorkizuneko iniziatiben artean, Parisen eta Katalunian kontzertuak ematea du agendan, baita Frantzia zein Txekiako abesbatzak Errenteria-Oreretara ekartzea.
Otrdutegiaren, matrikularen, nahiz kuotaren gaineko informazioa eskuratzeko edo edozein zalantza argitzeko posta elektronikora idatzi edo 635 200 962 telefono zenbakira dei dezakete interesdunek. Web gunean gainera informazio zabala aurkituko dute.