"Normaltasun berrian" ere arduraz jokatzeko eskatu du udalak
Esker mezua zabaldu du gaur Lezoko Udalak. Hartzaileak, herritarrak, oro har; arrazoia, berriz, COVID-19aren osasun larrialdian erakutsi duten ardura.
Esker mezua zabaldu du gaur Lezoko Udalak. Hartzaileak, herritarrak, oro har; arrazoia, berriz, COVID-19aren osasun larrialdian erakutsi duten ardura: “Hiru hilabete baino gehiago pasa dira COVID-19a gurera heldu eta egungo gizartea hankaz gora jarri zuenetik. Orduz geroztik egoerari aurre egiteko aldaketa garrantzitsuak egin behar izan ditugu gure bizimodu zein ohituretan”.
Horrek guztiak esfortzu handia eskatu diela herritarrei jakitun da udala, eta hartutako hainbat neurrik eragin gogorra izan dutela gizarte zein familia ekonomian, “baian egoera zail horren aurrean ere, badakigu lezoarrek arduraz jokatu eta ezin hobe erantzun duzuela; eta horregatik eskerrak eman nahi dizkizuegu”.
Eskerrik asko hori zabal-zabal izan da, hasi etxean gelditu diren guztiekin, “arduratsuak izateagatik”, segi adineko eta txikiekin, jarrera eredugarria erakusteagatik, baita Lezo Herri Eskolako zein Pasaia Lezo Lizeoko irakasle eta gurasoei, “egindako lan eta esfortzuagatik, eta gure etxeak eskola txikiak bihurtzeagatik”. Hezitzaile, merkatari, ostalari, okin, industria… atal horretan, aipamen berezia egin die udalak, krisiagatik denda itxita izan dutenei, “zuekin gaituzue orain, guztion artean, tokian tokiko kontsumoa suspertzeko, bultzatzeko eta indartzeko”.
Eskertu beharrekoen zerrenda ez da hor amaitu; boluntarioak, Lezoko anbulatorioko langile, sendagile, erizain, farmazialariei, udal langileei, gizarte langileei, “eta bereziki goizero gure herriko kaleak garbitu eta desinfektatzen dabilen lan taldeari”.
COVID-19aren eraginez senitartekoren bat galdu duten pertsonei dolumina eta babesa helarazi dizkie udalak, halaber: “Egungoa guztiok batera hasi zein bukatuko dugun borroka da, elkarrekin eta elkartasunean, arduraz eta elkartasunez jokatuz, eta osasun neurri, gomendioak zein aginduak errespetatuz”.
Horren harira, normaltasun berrian ere, orain arte bezala, arduraz jokatzen jarraitzeko deia luzatu die herritarrei udalak, “segurtasun distantziak errespetatuz eta osasun sailak helarazitako gomendioak errespetatuz, erlaxatu gabe eta adi egoteari utzi gabe. Eskerrik asko guztiei, animo eta eutsi gogor”.