2021eko jaiei begira jarri dira San Pedron
San Pedroko Jai Batzordeak ez du jarduerarik antolatzeko baimenik jaso udalaren eskutik.
Aurten ezingo da irudi hau errepikatu. San Pedroko Jai Batzordeak atzo alkateordearekin izan zuen bileran berretsi zen aurtengo sanpedroak bertan behera geldituko direla, eta ez dela aparteko ekintzarik antolatuko. Itziar Muñiz batzordeko kideak salatu du ez dutela udalaren aldetik laguntzarik jaso, “eta inplikazio eza ikusita ezin izan dugu ezer prestatu”.
Udalak Pasaiako jaiak bertan behera geldituko zirela jakinarazi zuenean sanpedrotarrek konprenitu zuten COVID-19ak eragindako egoerarekin ezingo zela ohiko ospakizunik egin. “Ulertzekoa zen. Denok onartu dugu hala izan behar zela, baina agian moduak ez dira izan egokienak”, adierazi dio Muñizek hedabide honi. “Erantzunak oso motel etorri ziren” haren ustez, eta aurretik hitzartuta zituzten kontratazioei lehenbailehen baiezkoa edo ezezkoa ematea premiazkoa zen batzordearentzat.
Batzordeko kideek, nahiz eta gauza handirik egin ezin zitekeela onartu, kultura bultzatzeko ahaleginak egin dituzte, udalari “tabernariei eman zaien malgutasuna herriko kultura eragileei ere onartzea” eskatuz, baina halakorik ere ez da lortu. Jaietarako aurreikusita zegoen diru hori zertan erabili ahal izango den ez du adierazi oraindik udalak, baina argi dagoena da festarako gogoak egon badaudela eta, Muñizen ustez, sanpedrotarren ilusioa ez dela hala nola desagertuko: “Haurrak galdezka ari dira, gazteak ere… Gogoak ez dira faltako!”
