Bizi Errenteria kanpainari atxikitzeko epea zabalik
Gizarte zein kultur eragileekin elkarlanean, herriari bizia eman, elkar zaintzen jarraitu, eta zentzu zabalenean herri egiteko asmoa duela abiatu berri duen iniziatibarekin dio udalak.
Bizi Errenteria, pertsonak erdigunean eta tokiko gizarte eta ekonomia eredua bultzatzen dituen programa martxan jarri du udalak. Orain herriko eragile ekonomikoei dagokie kanpainari atxikitzea, eta horretara deitu ditu udalak, “euren esku hartzea ezinbestekoa baita iniziatiba aurrera eramateko”.
Gizarte zein kultur eragileekin elkarlanean, herriari bizia eman, elkar zaintzen jarraitu, eta zentzu zabalenean herri egiteko asmoa duela abiatu berri duen iniziatibarekin dio udalak. Atxiki daitezkeenak, bonuen bidez ondasun edo zerbitzuak erosteko aukera ematen duten Errenteria-Oreretako merkataritza, zerbitzu, ostalaritza, eta jatetxeetako txikizkako establezimendu guztiak. Deialditik kanpo gelditzen dira, beraz, firma handien, eta estatuan edo nazioartean ezarpen handia duten enpresa filialak, baita azalera handiak ere —400 metro koadro baino gehiagokoak—. Interesdunek, galdetegia bete behar dute kanpainari atxikitzeko, gaurtik aurrera. Atxiki ondoren, euren establezimenduaren izena Bizi Errenteria iniziatibaren web orrian argitaratuko du udalak eta bonu kanpinaren publizitate materiala jasoko dute, posta arruntez edo posta elektronikoz; aldi berean jasoko dute aplikatutako hobariak ordaintzeko eskaera egiteko inprimakia ere.
Bonuen onuradunak
Erosleei begira, bi motatako onuradunak izango dira. Bizileku berean bizi diren pertsonek osatzen duten familia unitateak batetik; eta 1985 eta 2002 urteen artean jaiotako gazteak bestetik, 18-35 urte artekoak, guztiak Errenteria-Oreretan erroldatutakoak. Bizikidetza unitate bakoitzak 10 euroko bi bonu jasoko ditu eta beste hainbeste 18-35 urte arteko gazte bakoitzak. Bonu horiek 30 eurotik gorako erosketetan erabili ahal izango dira, eta bateragarriak dira, gainera.
Kanpainari atxikitzeak erraztasunak emango dizkie tokiko establezimenduei beren jarduna sustatzeko, tokiko erosketa indartzeko, baina ez hori bakarrik, Bizi Errenteria programaren barruan antolatuko diren dinamizazio ekintzetan parte hartzeko aukera emango die, halaber. Dinamizio horren helburua, kanpainarena berarena bezala, tokiko kontsumoa bultzatzea da, eta horretarako askotariko ekintzak antolatuko dituzte datozen hilabeteetan.
Edozein zalantza argitzeko bi telefono zenbaki jarri ditu udalak establezimenduen eskura: 010 eta 943 449 600.