[Erreportajea] Elkartasuna zainetan daramate
Sendi giroan hasi zen elkartasun ekintza batek, familia zabalago baten kide bilakatu zituen Mikel Arnaez eta Ane Aginagalde: Odol emaileen taldeetako ordezkari dira, orain, antxotarra eta hondarribiarra.
Aurten 56 urte bete dira lehen aldiz, ofizialki, Gipuzkoan odola emateko saio bat egin zenetik. Orduantxe hasi zen Mikel Arnaez, egun Antxoko odol emaileen arduradun denak, odola ematen, aitaren eraginagatik. Antxotarra 18 urte zituela hurbildu zen lehen aldiz elkartasun keinua egitera, eta ordutik ez du bere jarduna eten. Arnaez ez da senide batek, gaztetatik, odol elkartearekin bat egitera bultzatu duen bakarra: Ane Aginagalde hondarribiarra bere ahizparekin bertaratu zen lehen aldiz erauzketa batera: «Ahizpa laguntzera joan nintzen eta, probatu nuenean, pentsatu nuen: Jo! ez da horrenbesterako». Egun, odol emaile izateaz gain, Hondarribiko taldearen ordezkari ere bada.
Julian Carmona antxotarrak odol elkartearen alde eman zituen lehen pausoak gogoan ditu Arnaezek; hura izan zen, lehen aldiz, odol erauzketa baterako jendea batu zuena Pasai Antxon, «eta indar handiz, gainera». Victorio Luzuriaga fabrikako langilea zen Carmona. Orduan 3.000 bat lagunek egiten zuten lan bertan, ia herri oso bat, eta haietako asko odol emaile bilakatzea lortu zuen. Inguruko herrietako jende asko egin zen orduan Antxoko emaile. «Oiartzuarrak, Oreretakoak, Altza ingurukoak… Finean, orotariko jendea», zehaztu du Arnaezek.
Lehen saio hartara batu zen, halaber, Arnaez ere. Aita Luzuriagako langilea zen: «Eta nik, ikusi, entzun eta esandakoa egin; hala joan nintzen lehen aldiz». Ordutik aurrera, 50 urte baino gehiagoz, ahal izan duen erauzketa guztietan eman du odola. «100 baino gehiago izan dira, hori ziur!». Odol emaile izatetik, elkartearen arduradunetako bat izatera pasa zen irakasle lanetik erretiroa hartu zuenean. Ordurako Julian Carmonak utzia zuen taldea, adinagatik. Oinordekotza Mertxe Eceizak hartu zuen; hark ere urte askoz dinamizatu zuen taldea, eta Arnaezi behin baino gehiagotan esana zion erretiroa hartzeko gogoz zegoela. Hala hartu zuen Arnaezek odol emaileen ordezkariaren erreleboa, 2013an.
Aurten 56 urte dira lehen odol emate saio ofiziala egin zela Gipuzkoan
Aginagalderen kasuan, antzeko: Hondarribiko elkartearen lehengo arduradunak (herriko taldearen sortzaile ere izan ziren) adinekoak ziren, eta urteak zeramatzaten lanean. Nekatuta zeuden, beste norbaitek txanda hartzeko gogoz. Hala, hondarribiarrak eta beste bi kidek [Jesus Mari eta Maritxu] hartu zuten erantzukizuna. «Eta, gaur arte!». Hondarribiko arduradunak ez du zehazki oroitzen lehen aldiz odola eman zuenean zein adinekoa zen. Argi duena da «bizitza oso bat» igaro dela ordutik, eta lehen aldiz esku-ohean etzan zenetik ez dela banandu odol emaileen mundutik.
Arnaezen eta Aginagalderen istorioen antzekoak izango dira Oarso Bidasoko beste herrietan ere. Izan ere, Lezon, Donibanen, Trintxerpe-San Pedron, Irunen, Errenteria-Oreretan eta Oiartzunen ere badaude taldeak.
Baldintzak zorroztuz
Gauzak, baina, aldatzen joan dira bi herrietan lehen erauzketak egin zirenetik. Hasiera batean ez zen baldintza zorrotzik behar emaile izateko. Arnaezek barre artean gogoratzen du nola «Txirrita antzeko zahar batzuk, gizon lodikoteak» hurbiltzen ziren odola ematera eta ez zitzaien trabarik jartzen: «Ziur tentsioa zerutik zutela. Egun ezingo zuten odolik eman, baina beste garai batzuk ziren…».
Gaur egun baldintzak ez dira horren malguak eta, esate baterako, 65 urtetik gorakoei ez zaie dei ere egiten. Gutxi dira, elkarteko medikuek hala gomendatuta betiere, 70 urte bete arte odol emaile izaten jarraitzeko aukera dutenak.
Garai batean, odola emateko baldintzak ez ziren egungoak bezain zorrotzak
Hamar bat lagun dira, boluntario lanean, Pasai Antxoko odol erauzketak antolatzeaz arduratzen direnak, eta beste hiru Hondarribian. Ordezkariek denetarik pixka bat egiten dute: astebete lehenago, inguruko komunikabideei hitzorduaren berri emateaz arduratzen dira, haiek herritarrei informazioa helaraz diezaieten; egun pare bat gelditzen direnean, bi herrietan lan egiteko modu ezberdina dute.
Antxotarrek ohiko emaileei telefonoz hots egiten diete eta, orain behintzat, larrialdi egoeragatik, hitzorduak ematen dizkiete. Banan-banan deitzea «lantxo bat bada» Arnaezen esanetan, baina hala erabaki zuten lan egitea Antxoko arduradunek, bestela nahikoa jende ez hurbiltzeko arriskua zegoen. Ordezkariak dioenez, sistema horrek jendea anima dadin funtzionatzen du.
Aginagalderen kasuan, deien ordez mezu bat bidaltzen diete ohiko emaileei, ordua gogorarazteko eta hurbil daitezen animatzeko.
Martxoan, COVID-19a agertu zenean, hitzorduak emateko aparteko lan hau nahitaezko bihurtu zen jende pilaketak ekiditeko. Hori ez da izan, alabaina, egoerari egokitzeko hartu behar izan duten neurri bakarra. «Lehen, pintxoak guk geuk prestatzen genituen, eta jendeak eskertzen zuen». Baina orain bermatu behar diren osasun baldintzek lan hori bertan behera gelditzeko beharra ekarri dute.
Arnaezek dio jendeak eskertzen duela boluntarioek prestatutako merienda. Hark, odola eman zuen lehen egunetik, ardo botila bat ikusi izan du mahaian, eta tradizio horren aldekoa da antxotarra. «Medikuek, batzuetan, bronka botatzen digute, ez omen da oso ona». Baina 30 pertsonen artean botila bat (gehienez bi) edatea «ez da beste munduko ezer, eta ohitura polita da», aitortu du barre artean.
Hondarribian ere, odol emateak irauten duen bitartean bertan egoten dira arduradunak. Aginagaldek jakin badaki jendeak eskertzen duela aurpegi ezagunak ikustea. Boluntarioak dira indarrak berritzeko jakiak prestatzen dituztenak; beste leku batzuetan osasun arduradunek Donostiatik ekartzen dituzte, baina eurek betidanik egin izan dute horrela, eta tradizioarekin jarraitzeko asmoa dute.
Ordezkarien lana, nagusiki, odola ematera doazen haien akonpainamenduan oinarritzen da. «Jendeak zalantza bat duenean nahiago du guri galdetzea, Donostiara deitzea baino», dio Hondarribiko arduradunak.
Pandemia garaian
Koronabirusak, ordea, ez du Odol Emaileen Elkartea geldiarazi. Osasun larrialdiak inoiz baino beharrezkoago egin ditu emariak, eta herritarrek, egoerak agintzen zuen mailan, eredugarri jokatu dute.
Bi ordezkariak bat datoz horrekin, bai Antxon zein Hondarribian jendeak ulertu du odola inoiz baino gehiago behar dela ospitaleetan, arduratsu jokatu dute. «Finkatutako kopuruak bete ahal izan dira, jendeak erantzun du», dio Aginagaldek.
Faltan botatzen dira ohiko egoeran mahai-inguruan sortzen ziren tertuliatxoak: herriko jendeak bat egiten zuen odola eman ostean eta oso giro polita sortzen zen. Irudi hori ezingo da, denbora gutxian behintzat, errepikatu. Orain, mahaian, hiru edo lau lagun elkartzen dira asko jota, eta derrigorrezko distantzia mantenduz.
Behar berriekin, zailtasun berriak ere agertuz joan dira. Hondarribian, normalean, odol erauzketak osasun zentroan egin ohi ziren eta, orain, Jostaldi frontoira lekualdatu behar izan da jarduna. Aginagalde eta gainontzeko arduradunak ezin izan dira, osasun irizpideei jarraiki, erauzketetara hurbildu, eta elkarteak berak antolatu ditu horiek pandemiak iraun duen hilabeteetan.
Antxoko kasuan, osasun zentrotik herriko Kultur Etxera mugitu dituzte odol emate lanak, bertan segurtasun neurriak bermatzeko baldintza hobeak baitaude. Arnaez eta beste taldekideek ez dute euren boluntario lana eten, bertan egon dira erauzketa bakoitzean.
Faltan botatzen dituzte, lehen, mahai-inguruan sortzen ziren tertuliatxoak
Lekualdaketa horiek, baina, arazoren bat edo beste sortu dute azken egunetan. Zenbaitetan, hitzorduak eman, eta konexio eragozpenengatik, ordu erdiko itxaronaldiak egin behar izan dituzte odol emaileek. Egoera horietan ikusi da, inoiz baino ageriago, herritarren borondate ona eta laguntzeko sena; bi ordezkariek bat egin dute jendearen jarrera «miresgarria» izan dela esaterakoan.
«Zaila da jende berria animatzea, honek borondatezko erabakia izan behar du», dio antxotarrak. Bi ordezkariek aipatu dute jende gehiena ez dela kontziente dagoen odol beharraz. Asko eta asko egoera pertsonalengatik animatzen dira odola ematera, transfusio bat egin zaielako, edo senideren batek odola behar izan duelako une jakin batean. Asko dira, halako esperientziengatik, odol emaile bilakatzeko erabakia hartzen dutenak.
Zailena, bien ustez, odola ematea ohitura bilakatzea da. Ikasleak, esate baterako, unibertsitateetan edo ikastetxeetan, oro har, erauzketak daudenean animatu ohi dira odola ematera, baina zentroa uzten dutenean, askok eta askok, ez diote jarraipena ematen jardunari, ez dutelako loturarik sortu herri jakin bateko odol emateekin. Hori da elkarteak etorkizunerako daukan erronka nagusietako bat.
Hondarribiko arduradunak gazteak animatu nahi izan ditu, «gutxienez, ikustera hurbil daitezen», ezezagunaren aurrean izan ohi den beldur hori baztertzeko. Antxotarrak uste du, egun, gazteek duten mugitzeko ohitura dela odola emateko errutina oztopatzen duen arrazoi nagusietako bat. Biek ala biek segituko dute emaile berriak familiara batu daitezen adoretzen.
Pandemian zehar odol emaileek izan duten jarrera «miresgarria» izan da
Orain emaile diren horiei harrera irribarretsu eta beroa egiten jarraituko dute, nahiz eta, ezohiko egoeragatik, irribarreak musukoen atzetik antzeman beharko diren, eta besarkada zein musuak segurtasun distantzia mantenduz eman beharko dituzten.
Odola ematea, euskararentzat ere arnas
Errenteriako odol emaileen taldeak eta Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneak elkarlanean antolatzen dituzte odol emate saioak iazko irailetik. Euskararen normalizaziorako beste urrats bat da.
Errenteria-Oreretako Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunea herriko odol emate saioen bultzatzaileetako bat da. Euskara sustatzeko elkartearen eta odola ematearen aldeko elkartearen arteko batura hau herri mailan diseinatutako proiektu baten parte da, Aukerak Sortzen izenekoa. Lau Haizetararen erronka garrantzitsuenetako bat, Errenteria-Oreretan aukera berriak sortzea da bertako kideek Hitzari esan diotenez. Eta odola emateko aukerak euskararekin harremana badu, hobe. Arnasgunea da hizkuntzarentzat.
Herrian odol erauzketak kudeatzeko talde bat zegoen, eta haiek laguntza bila hurbildu ziren euskara taldera, erreleboa hartuko zuten herritarren bila. Iazko irailean izan zen hori, eta ordutik dihardute elkarlanean herriko odol emaileen taldeak eta Lau Haizetarak. Topaguneko kideek diote, oraindik ere, jendea odola ematera hurbiltzen denean harrituta gelditzen dela, ez baita ohikoa euskararen normalizazioaren alde lan egiten duen elkarte bat horrelako egitasmoak lantzen ikustea.
Odol Emaileek euren helburuak dituzte, baina Lau Haizetara taldeko kideek hizkuntza dute ardatz, eta, haientzat, «euskara da lehentasuna». Bi xedeak, ordea, ez dira bateraezinak. Erauzketak euskararen normalizaziorako «oso gune aproposa» dira Lau Haizetarako ordezkarien ustez.
Euskara taldeak argi dauka gizartean egiten diren ekintza «aurreratuek» garapen pertsonala eta, horren bitartez, euskararen normalizazioa ekarriko dutela. Pandemia garaian ikusi ahal izan denez, osasuna arlo haietako bat da, eta kideek argi daukate gizartean dauden praktika onek atzetik dakartela hizkuntzarekiko praktika on bat ere: «Ez da kasualitatea horrelako ekimen boluntarioetan euskara kalean baino gehiago entzutea». Bi taldeek elkarri laguntzen diote, eta ildo horretatik jarraitzeko asmoa dute. Ez hori bakarrik, etorkizunean indar gehiago lortzeko hainbat helburu finkatu dituzte.
Helburu jakinak
Lehen xedea odol-emaile kopurua handitzea da; Errenteria-Oreretan bi erauzketa gune ezarri nahiko lituzkete, eta 100 herritarrek odola eman dezaten lortu. Bigarren helburua, emaile haietatik %25, 29 urtetik beherakoa izatea da. Jende gaztea familiara batzeko saiakera da bigarren hau.
Azkenik, hirugarren ardatza, euskara elkartearen funtsa denez, prozesu guztia euskaraz egitea da. Lehen deia egiten denetik, azken papera sinatzen den arteko bidean hizkuntzaren erabilera normalizatzea.
Lau Haizetarakoentzat proiektu honetan euskara bidea da. Ekintza ardatz izanik (odola ematea), hura gauzatzeko modua.