Indarrez dator kultur programazioa
Kultura erruz, kalitatezko eta askotariko emanaldiak ... publikoa baino ez da falta.
Hileko arte eszenikoen programazioa aurkeztu du Niessen Kulturguneak, Iker Tolosa Kultura teknikariaren ahotik. Ez da bakarrik aritu aurkezpen horretan, kultur agendan egosten ari denaren erakusle bi artista izan ditu ondoan gaurko agerraldian: egonaldi artistikoa egiten ari diren Naita produkzioak antzerki konpainiako zuzendaria den Nere Ariznabarreta eta Ai Do Project Dantza konpainiako zuzendari den Iker Arrue.
Pozik daudela esan du lehenik eta behin Tolosak, konfinamendu hilabeteetan programatuta zituzten emanaldiak ez dituztelako galdu, “berreskuratuko ditugu eta orain denak batera ikusita nolabaiteko harrotasuna sentitzeko modukoa da urriko programazioa”.
Hilabeteak emango duena zehaztu du ondoren Kultura teknikariak. Igandean ekingo diote programazioari Teatro del Barrioren Celebrare mi muerte lanarekin. Alberto San Juan eta Jordi Evolek bultzatu dute produkzioa. Duela hamar urte emakume bati hiltzen lagundu zion Marcos Ariel Hourmann sendagileak hartzen du parte. Ez da fikzioa, erreala da, eta sendagileak berak bere ahotik kontatuko du bizitutakoa. Emanaldia igandean izango da, 19:00etan Niessen Kuturgunean eta sarrerak salgai daude jada Niessen Kuturguneko harreran zein web orrian, 8 euroan.
Hurrengo emanaldia, familia osoari begirakoa izango da: Gorakada konpainiaren Pinocchio. 18:00etan izango da eta horretarako sarrerak 3 euroan salduko dituzte bide berak erabilita. Zuzendaritza Onenari Fete saria jaso du XXI. Mendeko eta zertxobait punkya den Pinocchioren istorioa kontatzen duen antzezlanak.
TransUrria jardunaldiekin bat egin da eta Errenteria-Oreretako LGTBIQ+ mahaiak antolatutako programaren barruan, Andoni Mutiloaren Esnatu naiz lana izango da kultur agendako hurrengo emanaldia. Kabareta da lan hori. Hilaren 15ean izango da, 19:00etan.
Ohiko programaziotik kanpo ere, hilaren 23an Sortutakoak, dantzaguneak duen lehiaketan aurten hautatutako pieza baten entsegu ireki bat izango da: Jone Amezagaren Zerbait, Noizbait, Nonbait lana.
Ohiko programaziora itzuli da Tolosa, eta hilaren 18an Kamikaz kolektiboaren Matriuska helduko dela Niessen Kulturgunera aurreratu du, “historiaren parte diren aurreko emakume guztien gorputzak, izenak eta izanak berreskuratzeko beharraz hitz egiten du antzezlanak. Tolosaren hitzetan, “oso pieza politikoa, soziala”.
Hilabetea amaitzeko, 30ean, familiari begirako beste emanaldi bat: La Coja Dansa dantza konpainiaren Deshielo; saioa 18:00etan hasiko da.
Atarian ekimenari esker Celebrare mi muerte eta Matriuska antzezlanen ostean, publikoak artistekin solasteko aukera izango du.
Sorkunta prozesuak
Duela urte batzuk abiatutako bideari segida eman diola udalak azaldu du Tolosak, “arte eszenikoen sorkuntza prozesuak hartzen jarraitzen du Niessen Kulturguneak. Konpainiek beharrezkoak dituzte halako guneak euren lana garatu ahal izateko, baina prozesu hauek hartzeaz harago, gure helburua da egonaldi artistiko hauek baliatuta herritarrei arte eszenikoak gerturatzea”.
Sortzaileekin harreman zuzen hori sendotzeko eta egituratzeko lanean ari dira, eta ekintza bereziak antolatzen publikoarengana iristeko. Naita produkzioak antzerki konpainia eta Ai Do Project dantza konpainiak ari dira une honetan Niessenen beren sorkuntza prozesuak burutzen.
Hala, Ariznabarreta Naita produkizoetako zuzendaria Federico Garcia Lorcaren Bernarda Alba obraren euskarazko bertsioan ari da lanean bere taldearekin. Adela eta Martirio Bernarda Albaren etxean izenburupean, genero begirada batetik heldu dio konpainiak klasikoari.
Lanean zegoen agerraldiaren unean Ariznabarreta, eta Amparoren papererako karakterizatuta hartu du parte. Pertsonaiak orainean kokatu ditu konpainiak eta beren historia kontatzen dute berriz gerta ez dadin, “gizarte patriarkalak ez dezan eraman emakumerik bere buruaz beste egitera, edo ez dezan hil”, azaldu du zuzendariak. Drama eta komedia ukituak ditu lanak.
Oso pozik daudela eta oso harrera ona izan dutela Errenteriako egonaldian esan du Ariznabarretak, eta eskerrak eman dizkio udalari.
Ai Do Project dantza konpainiako Iker Arrue berriz En picado lan berriaren sorkuntzan arituko da datozen hilabeteetan Niessen Kulturgunean. Sorkuntza prozesu horretan zehar iniziatiba paraleloa egingo du Alzheimerra duten gaixoekin, halaber, eta iniziatiba paralelo horren barruan Musika eta Dantza Eskolako ikasleekin hainbat topaketa aurreikusi dituzte.
AFAGIrekin elkarlanean Alzheimerra duten pertsonei begirako programa 2013an abiatu zuen dantza konpainiak , “Donostian aritu gara batez ere, eta aurten Niessenekin elkarlana hasi eta proiektu hori hemen ere, Errenterian garatzea da helburua. Urtean zehar psikoestimulazio kognitiboko programa bat garatzen dute horiekin.
Bi egun dira elkarlanari ekin diotela dantza konpainiak eta Errenteriako Udalak Arruek azaldu duenez, proiektuaren helburu nagusia berriz, Alzheimerra duten pertsonen ahalmenak kitzikatzea eta mantentzea dela azaldu du. Topaketak antolatzen dituzte horretarako, eta aurten Donostian zein Errenterian egingo dituzte.
Horrekin batera, datorren urteko martxoaren 12an sorkuntza berriaren emanaldia egingo du konpainiak, eta Idoia Hernandez Hatxe musikariarekin arituko dira horretan elkarlanean.
Egonaldien garrantzia
Egonaldiek duten garrantziaz mintzatu dira Ariznabarreta eta Arrue. Jendeak uste duela antzerkia emanaldira mugatzen dela nabarmendu du Ariznabarretak, “horren aurretik lan handia dago ordea, sukalde lanak, eta egonaldiak lanean jarraitzeko aukera dira, itxaropena. Sentsazioa pixka bat kamikazea sentitzea da, baina behintzat lanean jarraitzeko aukera ematen du”.
Alerta Gorria mugimenduari erreferentzia egin dio zuzendariak, “aurretik babesgabe sentitzen baginen juridikoki ea lan arloan, COVID-19arekin areagotu egin da hori. Batu gaitezen eta eskatu dezagun minimo batzuk bizi ahal izateko honetaz”.
Erresidentziak dantza arloan gehienetan espazio bat erabiltzeko aukera batera mugatzen direla esan du bere aldetik arruek, “Niessen Kulturgunean oso bestelako zerbait aurkitu dugu, Europan erresidentzia programa batek eskaintzen duenari hurbiltzen da. Entsegu aretoa erabiltzeaz gain, entsegua eskaintzeko, emanaldia egiteko aukera ematen du. Elkarlanerako aukera ematen du. Halako erresidentziak aurkitzea ez da ohiko”.
Kultura erruz, kalitatezko eta askotariko emanaldiak … publikoa baino ez da falta.