[Erreportajea] Arkatza eta papera jostailu
Zorionekoa dela badaki Juan Luis Landa ilustratzaileak. Gaztetatik dabil gehien gustuko duenean. Lezoko estudiotik Euskal Herrira eta harago zabaldu ditu lanak.
Gaztea zela murgildu zen Juan Luis Landa errenteriarra marrazketaren eta ilustrazioaren unibertsoan. Lezon du bere sortze estudioa. Sei urte zituela, aitonak ikatz-ziri eta bizar-paper orri batzuk oparitu zizkion marrazketari ekiteko, eta azkar hartu zion gustua. «Argi dago aitona Juanitok nik marrazketa maitatzea lortu zuela, berarengandik jaso bainuen marrazketarako grina«. Landak azkar garatu zuen marrazketarekiko pasioa, eta argi mintzo da bere txikitako jostailu gustukoenez: «Beti esaten dut niretzako paper zuria eta arkatza zirela jostailurik onenak».
Landak bizitza guztia eman du ilustrazioan eta marrazketan lanean, eta bere ogibidearekin maitemindua dagoela onartu du. «Mundu guztiak bezala une politak eta gogorrak bizi izan ditut lanean, baina aulkiari lotuta askatasuna aurkitzen dut marrazteko. Egiten dudana maite dut, eta ez nuke beste ezer egin nahiko».
Sortzaile errenteriarra hemezortzi urterekin hasi zen lanean Juan Bautista Berasategi zinemagilearekin Kalabaza tripontzia animazioko filmaren ilustrazioak egiten. Garai hartan ilustrazio gehiago egiteko aukera izan zuen, eta Erein argitaletxearentzako ere zenbait komiki sortu zituen. «Sormen handiko garaiak izan ziren haiek. Gaztea nintzen, eta era guztietako lanak egiteko denbora ateratzen nuen beti», adierazi du, marrazkigintzan eman zituen lehen pausoak gogoratuz.
Hasiera, baina, gogorra izan zela onartu du. «Ez zen erraza izan. Gaztea zara, iritsi berria, eta zure lekua bilatu behar duzu. Bezeroak aurkitu behar dira, eta euren konfiantza irabazi. Horrez gain, nire buruarekin ere borrokatu behar izan nuen estilo propioa lortzeko. Mundu honetan irauteko oso gogor egin behar da lan, sormenari zuku guztia atera behar diozu».
Aldi berean, argitaratutako lehen lanen emaitza ikusteak poztasun handia eman zion, aurrera jarraitzeko indarrak bildu zituen. «Momentu gogorrez gain, hasieran ere une magikoak bizi izan nituen. Lehenengo obra argitaratuak ikusten nituenean nire helburua betetzen ari zela sentitu nuen», zehaztu du.
Euskal historia ardatz
Kalabaza tripontzia filmaren marrazkiak izan ziren bere lehen ilustrazioak. Komikietan edota telesailetan ere murgildu da, baina berehala ohartu zen bere bidea hartu behar zuela, eta liburuetarako ilustrazioak egin ditu gehienbat azken 35 urteetan. Ibilbide luze eta oparo horretan, publiko eta gai guztietarako marrazkiak egin ditu, baina bere gai kutunenak mitologiarekin eta Euskal Herriko historiarekin zerikusia eta lotura dutenak direla nabarmendu du sortzaileak. «Nire ibilbide profesionalean adin guztietarako eta askotariko estilotako marrazkiak egin ditut. Guztiekin disfrutatu dut, baina nire erronka beti izan da mitologia, historia, euskaldunon historia, eta batez ere Nafarroako erreinuan kokatua dauden ilustrazioak egitea. Maite dut une historiko hori, gure herriaren identitatearen iturburu zoragarria delako. Iraganean historiaren bidez sakontzea beti iruditu zait liluragarria».
Bilduma eta obra pila publikatzeko eta argitaratzeko beta izan du sortzaileak. Ilustrazio horietatik bat aukeratu du, esanguratsuena dela dio: Arthus Trivium. «Azken urteetan Europako merkaturako komikiak egiten ibili naiz. Arthus Trivium izeneko serie bat ere kaleratu dut Raule gidoilari katalanarekin. Oso pozik nago azken lan honen emaitzekin, oso kritika baikorrak jaso dituelako».
Bere abizenarekin hitz-jokoa eginez, lan eta lan dabil sortzailea momentu honetan. Frantziako Glénat argitaletxearekin dago elkarlanean, eta eskuartean duen proiektua bere ibilbide profesionaleko lan gogorrena izaten ari dela zehaztu du. «Europako merkatuan ere Frantziako Glénat argitaletxerako lanean nabil. Beharbada hau da nire bizitzako lanik gogorrena. Primizia bat da, eta Chroniques de Roncevaux (Orreagako kronikak) izango da obraren izenburua. Otsailean kaleratuko da. Euskaraz ere argitaratuko da, eta bertan VIII. mendeko baskoien istorioak kontatuko ditut. Proiektua serie batean bihurtzeko pentsatua dago, eta horrela balitz, luze iraungo duen amets atsegin batean murgilduko naiz aurrerantzean».
Sortzaileen egoera
Landak pasioa ogibide bihurtu du. Betidanik egin du lan ilustrazioan, eta hori ez da kasualitatea izan. Gustura dago bere ogibidearekin, maite du, eta ez luke beste gauzarik egin nahiko. Hala ere, kontziente da pasiotik bizitzeko dauden zailtasunez. «Zaila da pasioa ogibide bihurtzea, baina luxu bat ere bada. Nik uste pasioa ogibide bihurtzea mundu guztiaren ametsa dela, baina tamalez, jende gutxik bete dezake hori. Gainera, ilustratzaileen kasuan, bide oso gogorra egin behar dugu egonkortzeko».
Sortzaileen egoerari dagokionez, inoiz ere ez dela ona izan adierazi du ilustratzaile errenteriarrak, eta horietako asko ziurgabetasun egoeran bizi direla badaki. «Orokorrean sortzaileen egoera ez da inoiz ere ona izan. Uste dut ilustratzaileak egoera hobeagoan bizi garela beste arte diziplina batzuekin alderatuz gero. Guk plataforma ugari eta askotarikoak ditugu gure lanak argitaratzeko. Egun, ilustratzaile asko dago Euskal Herrian. Seinale ona da gure lan mundurako. Dena den, sortzaileen artean ziurgabetasunean bizitzea da ohikoena, batez ere hasiberrien artean».