Trans Urria kontzientzia sortzera dator
Trans Despatologizazioaren aldeko Nazioarteko Eguna izango da hilaren 20an. Horren harira, Trans Urria programazioa antolatu du Errenteriako Udalak LGTBI+ Mahaiarekin elkarlanean hilaren 13tik 16ra.
Trans Despatologizazioaren aldeko Nazioarteko Eguna izango da hilaren 20an. Trans identitateen patologizazioaren ondorioak ikusarazteko eta kontzientzia sortzeko bultzatu zen. Horren harira, Trans Urria programazioa antolatu du Errenteriako Udalak LGTBI+ Mahaiarekin elkarlanean hilaren 13tik 16ra.
Programazioaren barruan, filma, film laburrak, antzerki eta musika emanaldia eta liburu aurkezpena antolatu dituzte. Doakoak dira ekitaldi guztiak, baina gonbidapenak beharko dira aforoa kontrolatu ahal izateko, eta horiek Niessen Kulturguneko harrera bulegoan eskuratu behar dira astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara edo webgunean.
Lehen hitzordua, hilaren 13an, asteartearekin egin dute 19:00etan Niessen Kulturgunean, Zinegoak zikloan ikusi ahal izan ziren film batzuen emanaldiarekin. Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia da Zinegoak. Honako filmak emango dituzte: Mi pequeño gran Samurai, XY, Cocodrilo, Dejarse crecer el cuerpo, eta AD LIB. Filmak jatorrizko hizkuntzan proiektatuko dituzte euskarazko azpitituluekin.
Hilaren 14an, berriz, Indianara film luzea emango dute, jatorrizko hizkuntzan eta gaztelerazko azpitituluekin. Aurrekoak bezala, Kulturgunean emango dute 19:00tan.
Lehenengo planoan egon ohi ez diren sexu aniztasunaren elementuei ikusgarritasuna eman nahi izan diete aurtengo programazioan, sexu orientazioaz harago, eta genero identitate eta adierazpena lehen lerroan jarri dituzte. Mi pequeño gran samurai filma nabarmendu dute antolatzaileek; 2018an bere buruaz beste egin zuen Ondarroako Ekai Lersundi trans gaztearen istorioa jasotzen duen lana da eta aurtengo publikoaren saria jaso du Zinegoak Jaialdian.
Egitarauarekin jarraituta, hilaren 15ean, Andoni Mutiloaren azken obra ikusteko aukera izango da Niessenen 19:00etan. Esnatu Naiz lanean antzerkia, dantza eta musika nahasten ditu, identitatea, giza harremanak eta sexualitatea ditu hizpide, besteak beste, baina batez ere, norberaren nortasunarekin bat egin eta aske bizitzeko gonbitea egiten du.
Azken hitzordua, hilaren 16an egingo du Trans Urriak. Moio: gordetzea ezinezkoa zen liburua aurkeztuko dute Jose Luis Caso aretoan. Aimar Elosegi Ansa gazte transexual hernaniarraren suizidioaren memoria ariketa bat da liburua eta Kattalin Miner idazlearekin solasaldia antolatu dute. Egoitz A. Albeniz Hiruki Larroxako kolektiboaren partaideak gidatuko du.