Iñaki Bilbao euskal presoari elkartasuna adieraziko diote
Herritar talde batek elkarretaratzera deitu du gaur 19:00etan Herriko Plazan, 'Txikito gose greban. Elkartasuna euskal preso politikoekin' lelopean.
Iñaki Bilbao Txikito euskal presoak 28 egunbete ditu gose eta komunikazio greban Espainiako errepresioa salatu eta independentzia eta sozialismoaren alde. Astelehenean elkarretaratzea egin zuten Errenteria-Oreretako Herriko Plazan Bilbaori elkartasuna adierazi eta euskal presoek bizi duten egoera salatzeko. Horren harira, denbora aurrera doala eta euskal presoek espetxeetan krudelkeria jasaten jarraitzen dutela nabarmendu zuten bildutakoak eta egoera horren hainbat adibide eman: “isolamendua, dispertsioa, gaixotasun larriak, 65 urtetik gorakoak, zigorraren 3/4ak beteta dituztenak, motxiladun umeak, errepresio politiko eta ekonomikoa…Luzea da euskal preso politikoek sufritzen duten errepresio moduen zerrenda”.
Egoera hori izanik, eta Bilbaoren protestaren harira, herrian eta kaleetan mobilizatzeko beharra sentitu dutela esan zuten, “herriarengatik dena eman dutenei elkartasuna eta babesa adierazteko beharra. Honekin lotuta azken egunetan gertatutakoak aipatu nahi ditugu: Igor Gonzalez Sola presoaren hilketa Martuteneko espetxean, indar errepresiboek hiru herritar atxilotu dituzte, baita kartzeletan presoak egiten ari diren borrokak, Txikitorena barne”. Hori dela eta, herritar talde batek elkarretaratzera deitu du gaur 19:00etan Herriko Plazan, Txikito gose greban. Elkartasuna euskal preso politikoekin lelopean.