Antzerkia eta algara, oholtzan
Taulatu gainean nahiz Pasaiako kaleetan, Pasaiako Umorezko Antzerki Jardunaldien 39. edizioak eguneroko kezkak ahatzaraziko dizkigu, sei egunez.
Ia lau hamarkada igaro dira lehen aldiz Pasaiako areto eta kaleek algarak eta antzerkia jaso zituztenetik, biak batean uztartuz. Aurten 39 urte beteko dituzte Pasaiako Umorezko Antzerki Jardunaldiek, eta emanaldiak bi asteburutan izango dira: hilaren 16tik 18ra arte lehen txanda, eta 23tik 25era arte bigarrena.
Bermatu beharreko osasun neurriek plangintza mugatzeko beharra sortu duten arren, eskaintza orotarikoa izango da: barruti guztietan, askotariko ordutegietan eta denentzat sortutako piezak antzeztuko baitira.
Edizio honek ardatz izango du kultura segurua dela egiaztatzea. Ildo horretan, herritarren bizitzen normalizaziorako lagungarri izango delakoan eta, maila berean, arte eszenikoak orobat jasaten ari diren krisiari erreparatuz, ahalegin guztiak egin ditu Pasaiako Udaleko Kultura Sailak jardunaldiekin aurrera egiteko, ekitaldietan beharrezko neurri guztiak bermatuz.
Aurten, antzezlanez gain, hilaren 16rako profesionalentzako prestakuntza-jardunaldi bat antolatu dute: Kaleluia. Jardunaldi hori Artekaleko kideek antolatu dute, Pasaiako Udalarekin elkarlanean eta Foru Aldundiaren babesarekin.
Antzezlanak
Ikastaroen hurrengo egunean, larunbatez (hilak 17), antzerkiaren txanda: Tomaxen Abenturak taldeak Adi, grabatzen, ekin! sorkuntzarekin Trintxerpeko txikiak barre-irriz blaituko ditu.
Arratsaldean ikuskizuna Antxora lekualdatuko da, aurten Max saria irabazi duen Zanguangoren Al otro lado-rekin. Lehen asteburu hori Guillen Albak itxiko du Donibaneko Kulturgunean, Kalma obrarekin.
Jardunaldien bigarren asteburuan, hilaren 23an, San Pedroko Udal Aretoan ATX teatroaren Zazpiak bat pieza emango da, aurten Donostiako Antzerki Saria lortu duena, hain zuzen. Larunbatean (Donibanen), familiei zuzenduriko Kartoibiraka antzezlana eskainiko du Markeliñek, eta igandean (Antxon) emango zaie amaiera jardunaldiei, Donostiako Patrikako Antzerki Saria jaso duen Anarkia relacional lanarekin.
Sarrera guztiak honako esteka honetan eros daitezke.
Intereseko informazio gehiago eskura daiteke Pasaiako Udalaren webgunean.