Gizarte homofobo, koldar eta erreprimitu baten gaineko hausnarketa proposatuko du OzZinemak
'Temblores' filma da Ozzinemaren hileko bigarren proposamena. Erlijioa eta homosexualitatea aurrez aurre jartzen ditu filmak, gizarte homofobo baten gaineko hausnarketa proposatuz.
OzZinemak hilean egingo duen bigarren saiorako aurreko denboraldiko film bat berreskuratu du: Temblores. Jayro Bustamante zuzendari guatemalarrak bi unibertso batu ditu film horretan: homosexualitatea eta erlijioa.
Ezkonduta dagoen eta bi seme zoragarri dituen 40 urteko aita da Pablo. Gizon eredugarria eta kristau ebanjeliko elizkoia. Bere bizitza tradizional perfektuan, ordea, arrailak azalduko dira, gizon batekin maitemindu eta bere sentimenduak eta gatazkak lehian hasten direnean. Bere bizitza intolerantzia infernu zaplatzailea bihurtuko da, hura sendatzeko ahalegin guztiak egitea erabakiko baitute familiak eta elizak, eta terapia bnidez, bulkadak erreprimitzera behartuko dute.
Temblores ez da herrialde baten erradiografia soilik, gizarte global homofobo, koldar eta erreprimitu baten pentsamoldearen gaineko hausnarketa baizik.
Filma hilaren 13an, 19:30ean emango dute Niessen Zinema aretoan. Sarrerak, 4 euroan daude salgai Niessen Kulturgunean.