Lezoko 29 entitateren konpromisoa jaso du Euskaraldiak
Atzo egindako agerraldian, entitateek euskararen erabileran eragiteko erabakia hartu dute. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra da Euskaraldia.
Atzo, osteguna, Euskaraldiarekin bat egin duten Lezoko entitateek agerraldia egin zuten. Orotara, 29 izan dira euskararen erabileran eragiteko iniziatiba kolektiboarekin bat egin duten elkarte, eragile, talde eta enpresa lezoarrak. Euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko konpromisoa hartu dute, lehen gaztelaniaz egiten zena euskaraz egiten hastearena, edo egiten jarraitzearena. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra da Euskaraldiaren bigarren edizioa. Hortik aurrera Euskaraldirako hartutako erabakia luzatzea dagokie, egoki ikusten badute.
“Ahobizi eta belarriprest izango da gutako bakoitza, baina eguneroko bizitzan elkarreraginean bizi garen gizataldean ere eragitea eskatzen zaigu, hizkuntza ohiturak euskararen alde lerratzea”, esan zuten agerraldian. Lantokiko taldean, elkartean, kirol klubean, dantzan edo aisian dabiltzan entitateek kolektibo gisa hartu dute konpromisoa, “txikiena izanda ere, berebiziko garrantzia du euskararen erabilera handitzeko orduan”.
Entitate lezoarrek nabarmendu zuten euskararen gurpila martxan jarri beharra dagoela bizitzako alor guztietan: “Ohitura hartzen goazen neurrian gero eta errazago eta normalago egingo zaigu euskaraz aritzea”. Hori horrela, lezoar eta herriko entitate guztiei dei egin diete bide horretan bidelagun izatera, eta Euskaraldian parte hartzera.
Honakoak dira Euskaraldiarekin bat egin duten Lezoko entitateak:
- Oroitzene AEK euskaltegia.
- Allerru Kirol Elkartea.
- BPxport Lezo.
- Caixabank.
- Etxetxo Lezoko Memoria Historikoaren Elkartea.
- Euskara Talaia.
- Gaxuxa emakumeen elkartea.
- Haurtxo haur eskola.
- Hezikuntza Guraso Elkartea.
- Laboral Kutxa.
- Lezo Herri Eskola.
- Lezo Institutua.
- Lezoko Badian Bizi.
- Lezoko EH Bildu.
- Kurkubi Saskibaloi Kluba.
- Lezoko Udala.
- Lezoko Zinema Txikia.
- Pasaia-Lezo Lizeoa.
- Piztu Lezo.
- Tiñelu elkartea.
- Trapujale taldea.
- Txingurri taberna.
- Xanto eta Brinko Elkartea.
- Xoxolur mendi kluba.
- Taloka kafetegia-gozotegia.
- Ixkulin elkartea.
- Tomas Garbizu Lezoko Udal Musika Eskola.
- Txerrimuño.
- Allerru-Jaizkibel ehiza eta arrantza elkartea.