«LGTBIfobia deseraiki behar dugu, ezabatu, pedagogia erabilita»
Urtebete da LGTBI+ Mahaia martxan dela, eta belaunaldien arteko etena gainditu eta, besteak beste, transmisioa bermatzeko tresna bihurtu da. Kolektiboak mugarriak jarri ditu teriaren historian.
LGTBI+ Mahaia martxan da Errenteriako Udalean. Zer suposatu du kolektiboarentzat?
Naroa Zabala: Hemen gaudenaren errekonozimendua da eta horrekin batera, saretzeko aukera izugarria izan da, beharrezkoa genuena Errenterian; belaunaldien arteko eten handia dagoelako, garai ezberdinak bizi ditugu eta haustura zegoen gure artean, beharrezkoa zen hori gainditzea transmisioa bermatzeko. Bestalde, lanerako aukera ikaragarria suposatu du mahaiak, eta pertsonalki, arnasgune moduko bat dela uste dut, espazio askea indarguneak eta ahulguneak elkarbanatzeko. Batasun horrek ematen duen indarra eta babesaren goxotasuna miazkatzeko aukera bat da mahaia.
Andoni Etxeberria: 54 urtez Errenterian bizi ondoren, ni ez naiz inoiz militantzia lanetan ibili eta sentitu dut nolabait borroka indibidual batetik, borroka kolektibo batera pasa naizela mahaiarekin. Horrek zama arintzen du. Babes eta zaintza bila joan naiz. Belaunaldi ezberdinekin elkartzeak hankak lurrean jartzen dizkizu, benetan gure errealitatea zein den ezagutzeko. Oso aberasgarria izan da. Belaunaldi berriei erreferentzia bat eskaintzea da gure lanetako bat.
Mikel Martin: Udalaren aitortza izatea, gure errealitate organizatiboa izatea LGTBI+ Mahaia bezala mugarria da. LGTBI komunitatearen gaineko diagnostikoa egin zen aurretik,lan handiarekin, eta iniziatiba horrek saria izan du, udalak bitartekoak jarri dituelako LGTBIfobia ezabatzeko martxan den plan estrategikoa betetzeko, modu intersekzionalean. Ez da mahaia hutsetik sortu; duela 41 urte abiatu zen borroka baten aitortza da, nire ustez.
Bidea ez du erraza izan kolektiboak. Zein izan da egoera Errenterian, LGTBIfobikoa da?
Etxeberria: Bai. Badirudi gure gizarte honetan onartuago gaudela. Baina guk ez dugu onarpena nahi, guk berdintasuna nahi dugu, eta berdintasunetik oso urrun gaude.
Martin: Bai. Nik ere ez dut zalantzarik. Ezagun batek pandemiaren testuinguruan beste lagun batzuekin batera etxea partekatu zuen, eta auzokide batzuk marikoi deitzen zuten… Homofobia jarrera antisoziala da, eta gure herriak sendatu egin behar du, jarrera antisozial horrek isiluneak eragiten ditu, ez die zoriontsu bizitzen uzten emakume eta gizonei, edo heteronormatibismotik eta binarismotik disidenteak diren pertsonei. LGTBI+ Mahaitik hori ezabatu nahi dugu, bide horretan goaz baina lan handia dago egiteko. LGTBIfobia mota asko dago, brutalak, eta mikroak. Guztiak ezabatu nahi ditugu.
Inork ezin du baldintzatu besteen zoriontasuna. Ezberdina ukatzen duen gizarte batean bizi gara, ezberdintasunak aberastu egiten gaituen arren.
Zabala: Onartzen zaituztenekiko eskertza sentimendua sortzen da, eta ez du horrela behar. Horrek erakusten du ez gaudela parekotasunean, eta lan sakona eskatzen du hori gainditzeak, ez da egun batetik bestera lortuko dugun zerbait. Errenteriak badu oraindik hortik, baina politikoki eta sozialki oso inplikatutako herria da gurea, eta gai honi dagokionean, uste dut, azken aldian nabaria dela hartu duen lana eta konpromisoa. Oraindik lan handia dago egiteko.
Martin: LGTBIfobiak jende askoren bizitzarengan eragiten du, eta ez gara soilik LGTBI pertsonak inplikatu behar, ez soilik senideak, gizarte osoak inplikatu behar du: kirol eta kultur elkarteak, eragile politikoak, hezkuntza bere osotasunean. LGTBIfobia deseraiki behar den ikasketa dela ulertarazi behar dugu, eta pedagogia erabili behar dela horretarako. Ikasgeletan gaia zuzen landuta, LGTBIfobiaren transmisore diren telebista, irrati, prentsa, komiki edo errealitate birtualei aurre egitea dago.
Zabala: Guk barrutik bizi dugu eta gakoa gara azalarazteko LGTBIfobia, baina denoi dagokigu konponbidea ematea.
Francis Vadillo. Haren hilketak kolektiboa kalera atera zuen. Zein eragin izan zuen hilketak LGTBI komunitatearengan?
Etxeberria: Egoera gogor hura bultzagarria izan zen, parez pare jarri zigun pertsona batzuen errealitatea. Kolektiboko kideek hartu zuten lekukoa hilketa salatu eta egoerari aurre egiteko.
Martin: Gertaera triste hark leherrarazi gintuen, iraultza sexualaren bandera aterarazi zigun, halabeharrez. Esan genuen eskubidea genuela nahi bezala janzteko, pentsatzeko, izateko. Ez dugu ahaztu behar tiro egin ziona, hil zuena, Espainiako polizia bat izan zela.
Errespetu handiz, 41 urte geroago gure iraultza sexual txikia, gure Stonewall txikia deitzen diogu hari; marika eta bollera batzuk lehen lerroan jarri eta esan genuen, ‘hemen gaude eta ez gara ezkutatzen!’. Hori 41 urtez mantentzea niretzako satisfazio handia da. Odolez landatu ziren hazi haietatik, ernatu da LGTBI+ Mahaia. Hura existitzea da udalak mugimenduari egiten dion aitortza. Helburua, LGTBIfobiari aurre egiteko errekurtsoekin planifikatutako ekinbide politiko-sozial bat bideratzea da, plan estrategikoa.
Francis aipatuta, ezinbestekoa da ortzadar zebrabidea aipatzea. Haren omenez margotu zenuten lehenengoz 2014an eta azkenekoz 2019an. Herri paisaiaren parte da, baita herritarren parte ere.
Zabala: Horrela sentitzen dut nik. Herritar askoren eskuek eta maitasunak egina da. Zebrabideaz gain, Francisen oroigarria bertan izateak eremua tenplu txiki modukoa bihurtu du, energia bereziz biltzen duena zonaldea, eta leku egiten diona pasarte ilun batzuei eta minari. Aldi berean, harrotasun eta itxaropen kolorez janzten du zonalde hori. Herritarrena eta herriarena da.
Etxeberria: Lagun batzuk aipatu zidaten zebrabidea eta oroigarria ez duela inork hondatu, eta horrek esan nahi zezakeela onartuta dagoela.
Martin: Ekarpen sinbolikoa da. Francisen oroitarria Patxiku zelaitik Iztietara eraman zenean aberastu egin zen, gainera, zebrabidea. Aldare edo leku magikoaren zentzua hartu du, iristeko dagoen zerbaiten adierazle. Ortzadarra bertan da Francisen izenarekin, plakarekin, bere kolore alaiekin… Memoriala da, duina, eta aitortza nahiz errespetu eremua da, iraultza baten lekukoa. Aitortza hori egin behar zen, modu beroan, hurbilean, egun argiz, denok ibil gaitezen nahi dugun erritmoan eta nahi dugun bezala, eta horrek erakustean duena finean hori da, egun argiz aske bizitzeko eta zoriontsu izateko nahia.
Aurreratu da: LGTBI+ Mahaia, zebrabidea, Madelon sariak… Oraindik ere, ordea, LGTBIfobia ematen da. Hala jaso zuen Enara Larrain ikerlari errenteriarrak egin zuen tesian, eta fokua ikastetxeetan jarri zuen.
Martin: Historia kontatzerakoan presente egon behar dugu lesbianek, transexualek, homosexualek… Lorcatik harago. Genero klabeek zentzua dute ordena diskriminatzailean eta botere klabeetan, eta horiekin amaitu behar da. Agian gehiago hitz egin behar da artikulu neutroetan, bakoitza identifikatu dadin nahi duenarekin.
Etxeberria: Euskararekin abantaila dugu, generorik ez daukalako.
Martin: Euskarak berezkoa duen hori, hezkuntzara eman behar dugu, orekatu behar dira erreferente historiko, politiko eta geografikoak, eta eskola kontseilutik, sindikatuetatik eragin behar da. Hitzen diskriminazioa ezabatu behar da, hitzen injustizia, kontzeptu matxista eta misoginoak ezabatu behar dira, eta hizkera berriak artikulatu. Ikusezinari hitzak jarri behar zaizkio, eta gure errealitatea mahaigaineratu.
Zabala: Curriculumean LGTBI errealitatea barneratzea ezinbestekoa da. Ez da historia ezagutzen, ez gaur egungo egoera, ez dago erreferenterik. Hutsune handiak daude, eta curriculumak anitza behar du izan, pertsonak anitzak garen moduan. Hezkuntza da dugun arma boteretsuena. Ezberdintasunak aberasten gaitu, berezi eta bakarrak egiten gaitu.
Etxeberria: Badugu Errenterian emakumeen eskubaloi talde oso famatua, eta inongo eskrupulorik gabe edonork esaten du denak lesbianak direla. Despektiboki esaten dute. Gurasoen artean aritzen dira. Hori normala da? Hezitzaileak astindu behar ditugu, beraiek ere balioetan hazi behar dituzte haur eta gazteak, eta balio horien artean identitate eta genero aniztasuna ere kokatu behar da. Ezin dira onartu halako jokaerak.
Martin: Eta talde batean jokalari guztiak lesbianak balira, non legoke arazoa? Arazoa aurreiritziak dituenak ditu. Guk aholkua ematea diogu, erraz: bizi eta utzi bizitzen.
Zabala: Lan ikaragarria dugu profesionalak prestatzen.
Errenterian aske sentitzen zarete, zuen genero eta identitate sexuala lasai bizi duzue?
Etxeberria: Ausartuko nintzateke esatera pribilegiatua sentitzen naizela. LGTBI kolektiboko kideekin berdintasun osoa dut, 54 urte ditut, familia ezaguneko kidea naiz, euskaldun peto-petoa, eta babesten nauen ingurune bat daukat. Familia monoparentala gara, seme bat adoptatu dut nik bakarrik, betidanik jakin dute gaya naizela eta itxuraz, azaletik, onartu egin naute. Lumafobia ez dut bizi, luma gehiegirik ez dudalako, eta baimen gehiago ematen didate hobeto bizitzeko herri honetan.
Zabala: Beti duzu beldur hori, emakume izateagatik dugun bera, eta gizonek ulertzen ez dutena. Azkenean zuk sentitzen duzun zerbait da, baina nola azaldu zein zama suposatzen duen horrek, etxera joateko beldur hori… Askatasun falta hori ikaragarria da, askotan egiten duzu topo errealitate gordin horrekin. Gertukoekin babestuta, onartua sentitzen naiz, maite zaituen jendea delako, baina hortik kanpo beti duzu alarma txiki hori piztuta. Erabateko askatasuna ez dut nik, zoritxarrez.
Martin: Egungo errealitatea eta duela 50 urtekoa bizitzea ezberdina da. Garai hartan murmurikatzen zuten, ‘begira, hor dagoen hori marikoia da’. Egun ere gertatzen da hori, baina erantzuna du, ‘eta zuri zer axola marikoia izatea, ez zara konturatzen zure eskubide berak dituela, bizitzeko eskubidea duela; ez duzu epaitu behar’. Erantzun horiek LGTBI kolektibokoa ez den jendeak ere ematen ditu, eta nik hori sustatu behar dut, lasai bizi nahi dudalako egunaren 24 orduetan, bere goiz eta gauetan, eguerdi eta arratsaldetan. Ez ni bakarrik; ilobak ditut eta ez dut nahi inork kaltetzea bere toxikotasunarekin, zoriontsu izatea nahi dut, nahi duten bezala espresa daitezela. Erreprimituta bizitu garenok ez dugu onartuko belaunaldi berriei zer egin behar duten eta nondik eta nola egin behar duten esatea; aniztasun afektibo-sexualaren negazionistak borrokatuko ditut, nire sexualitatea, generoa, edo afektibitatea erasotzen dutenei aurre egingo diet. Lasai bizi naiz, baina urduritasun nahikoarekin erasoak saihestu eta aurre egin behar diedanean egiteko, irabazle izateko. Erasorik ez erantzunik gabe.
Konfinamendu betean LGTBIfobiaren aurkako nazioarteko egunean balkoiak ortzadar banderez josita esnatu ziren. Espero zenuten halako babesa?
Etxeberria: Ez, eta ni neu hunkitu egin ninduen.
Zabala: Ezusteko ikaragarria izan zen, babes eta goxotasun ikaragarria sentiarazten dizuten uneak dira.
Martin: ‘Hau zer da’, pentsatu nuen. Ongi egiten ari garela erakusten du. Konkistatu dugula nahikoa konplizitate, harrotasun eta indar, hemen gaudela esateko; berdin zait identifikatzea, nik identifikatzen dut nire burua, indarrez.
Zein ekarpen egin dio LGTBIQ+ kolektiboak Errenteriari?
Etxeberria: Hemen gaudela zabaltzea, errealitate hau mahai gainean jartzea; eta horren alde lan egiteko prest gaude.
Zabala: Aniztasunari duen garrantzia ematea, gure errealitatearen argazki bat egitea. Kontzientzia indibidual eta kolektibo bat piztea ahalbidetu du.
Martin: Ikusgarri egiteak askatasuna dakar, ahalduntzen gaitu, hobe sentiarazten gaitu; baita gero eta jende gehiagok babesten zaituela ohartzeak. Zuri ongi iruditzen bazaizu aniztasun honen ondoan bizitzeak, niretzako ezinbestekoa da zuk ez debekatzea, ez oztopatzea aniztasun honetan bizitzea. Hori zabaltzen ari da eta hori da gure ekarpena.
Manifestatzeko eta aldarrikatzeko garaian ere ekarpena egin du LGTBI+ kolektiboak: musika jarri zien bere aldarrikapenei, kolorea. Aldarrikapena poztasunetik egin daitekeela transmititu dugu, lumekin, purpurinekin, ezpainetako arkatzarekin, takoiekin, soinekoekin…
Nolako Errenteria amesten duzue?
Zabala: Giza eskubideak denaren gainetik jarriko dituen Errenteria amesten dut, feminista, askea eta aniztasuna besarkatzen duena.
Etxeberria: Estereotipoak ez dituen herri bat amesten dut. Kolektibo gisa ez dugu onarpena nahi, berdintasuna baizik. Armairuak ez daude, ez dira inoiz egon, derrigortu gaituzte borrokatzera gizarteak bizkarra eman digulako, baina guk ez dugu aukeratu, gu horrela jaio gara, horrela sentitzen dugu eta horrela bizi gara, baina ez da aukeraketa bat. Aukera bat da honengatik borrokatzea, defendatzea. Badirudi bizitzeko baimena eskatu behar dugula.
Martin: Gurekin aritzeko gogoa duen gero eta jende gehiago konkistatzen, gero eta jende gehiagok kritika dezan eta ekarpena egin dezan, LGTBI kolektiboaren bizitza hobetzeko herrian. Espero dut 2021. urtean topaketa egiteko aukera izatea kalean, lasai, maskararik gabe. Espero dut gehiago izatea haur eta gazteei informazioa transmititzen dien irakasleria, espazio komunak sortzea LGTBI+ Mahaiaren eta eskola kontseiluaren artean; espero dut erasoez ez hitz egin behar izatea, bat egiteez baizik. Egiten ari garena egiten jarraitzea espero dut.