Udal ludoteketan izena emateko azken egunak
Izena emateko epea irailaren 23tik dago zabalik, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 19:30era. Antxoko ludotekan ez dago, jada, leku gehiago.
Pasaiako Udalaren Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sailak eta ludoteken kudeaketaz eta koordinazioaz arduratzen den Kantauri Ludiko Elkarteak iragarri dute azken egunak direla ludoteketan izena emateko. Inskripzioetarako epea zabalik da irailaren 23tik: astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 19:30era, Trintxerpe-San Pedroko Espinosa de Monteros plazan (baita 934 39 25 10 telefonora deituz) edota Donibanen, lehen Herri Eskola kokatuta zegoen JJ Otaegi plazan (edo 934 51 71 90 zenbakiaren bitartez). Antxon, gela bat gehitu duten arren edukiera handitzeko, jada ezin dute haur gehiagok izena eman, kupoa bete baita.
Ludoteken jarduna berehala da hastekoa, eta datorren urteko ekainera arte izango du iraupena. Ordutegia honakoa da: astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 18:30era txikienentzat (4-8 urte) eta 18:30etik 20:00etara handienentzat (8-12 urte) astean zehar. Larunbatetan adin guztietarako irekita egongo dira eremuak, 11:00etatik 13:00etara, edukiera jakin batzuekin.
Ikasturte osorako kuota 57,32 eurokoa da. Udal ludotekak egokituz joango dira pandemiaren eboluzioaren arabera, eta zerbitzua emateko modua alda dezakete, unean uneko egoeraren baitan. Arduradunek familiak animatu nahi izan dituzte gaztetxoenek (4-12 urte bitarte) izena eman dezaten, azken egunak baitira; nabarmendu nahi izan dute ludotekak leku seguruak ez ezik, inoiz baino beharrezkoagoak direla gaur egun.