Ezker Anitza-IUk Pasaiako udal gobernuari "mugikortasun gabeziak" konpontzeko eskatu dio
Pasaiako Ezker Anitza-IUk uste du EAJ eta PSEk osatutako gobernuak herrian mugikortasun jasangarria bermatzeko lanak oraindik egiteke dituela. Bizikleta aparkalekuak ere berrikus ditzatela eskatu dute.
Pasaiako Ezker Anitza-IUk herriko udal gobernua osatzen duten EAJ eta PSEri eskatu die Pasaian mugikortasun jasangarria bermatzeko lanak egin ditzaten: “Bizikleta erabiltzea ez da lan erraza, batez ere hasiberrientzat”, horregatik, ezinbestekotzat dute errepideetako seinaleak hobetu ditzaten; lan hauen beharra sumatzen den hainbat puntu jarri dituzte adibide bezala:
- Trintxerpeko Lasako bidegurutzetik San Pedroko biribilguneraino heltzen den errepidea ez dago margotuta: “Gainera, bide hori mota guztietako ibilgailuentzat da, horregatik, aurreratzea debekatu beharko litzateke, txirrindularien segurtasuna bermatzearren”.
- Herrera eta Trintxerpe lotzen duen pasabidean uste dute beharrezkoa dela seinaleen bidez jakinaraztea Pasaiako barrutira heltzean bidegorria moztu eta espaloia sartzen dela zuzenean, “horrek dakarren arriskuarekin”.
- Lezo eta Donibane lotzen dituen bidegorria egiteke dagoela gogorarazi dute, eta udal gobernuari eskatu dio alderdiak Foru Aldundiarekin eta Pasaiako Portuarekin “berehala” harremanetan jartzeko, zati hori “behingoz” egin dezaten.
Bide zati horien beharrak nabarmentzeaz gain, ezkerreko alderdiak bizikleta aparkalekuak berrikus daitezen eskatu du, abandonatuta dauden ibilgailuak baztertu eta guneen edukiera ere handituz. Maileguari dagokionez, Ezker Anitza IUk nabarmendu du ezinbestekoa dela lau barrutietan eskaintza bermatzea (egun Trintxerpen eta Donibanen soilik aloka baitaitezke). Alderdiak gailendu du CO2 isurketak gutxitzeko ezinbestekoa dela aipatutako obrak gauzatzea.
Mugikortasun bertikalari dagokionez, Hirigintza zinegotzi den Nahikari Otermini egin diote eskaera: “Zertara ari da itxaroten, oposizioan zegoenean eskatzen zuen Eskalerillaseko igogailua aurrera eramateko? Eskailera horiek arkitektura oztopo handia dira pertsona askorentzako”.