"LGTBIfobia mota asko dago, muturrekoak eta mikroak direnak"
Errenteriaren 700 urteurrenaren harira, Errenteriako Udalarekin elkarlanean elkarrizketa sorta egiten ari da HITZA. Honakoa, LGTBI+ Mahaiko Andoni Etxeberria, Naroa Zabala eta Mikel Martini egindako elkarrizketa da, galderaz galdera hamar egunez HITZA-k zabalduko duena, osorik. LGTBI+ kolektiboaren errealitateaz, LGTBIfobiaz, sustatu beharreko politikez, eta parekidetasunaz mintzo dira, besteak beste.
Errenteriaren 700 urteurrenaren harira, Errenteriako Udalarekin elkarlanean elkarrizketa sorta egiten ari da HITZA. Honakoa, LGTBI+ Mahaiko Andoni Etxeberria, Naroa Zabala eta Mikel Martini egindako elkarrizketa da, galderaz galdera hamar egunez HITZA-k zabalduko duena, osorik. LGTBI+ kolektiboaren errealitateaz, LGTBIfobiaz, sustatu beharreko politikez, eta parekidetasunaz mintzo dira, besteak beste.
Bidea ez du erraza izan kolektiboak. Zein izan da egoera herrian bertan, LGTBIfobikoa da Errenteria?
Andoni Etxeberria: Bai. Gako bat dugu, badirudi gure gizarte honetan onartuagoak gaudela; baina guk ez dugu onarpena nahi, guk berdintasuna nahi dugu, eta berdintasunetik oso urruti gaude. ‘Nik onartzen zaitut’, astakeria iruditzen zait. Imajina egoera: ‘Heteroa zara? Lasai, nik onartzen zaitut, lagunak izan gaitezke eta zoragarria iruditzen zait’. Zu zein zara ni onartzeko. Berdinak gara, berdintasunean bizi gaitezen. Galderari erantzuna beraz, homofoboak gara? Bai, Euskal Herrian eta herri honetan ere bai.
Mikel Martin: Bai, nik ere ez dut zalantzarik. Duela bi hilabete ezagun batekin topo egin nuen, eta berak esan zidan pandemiaren testuinguruan beste lagun batzuekin batera etxea partekatu zuela, eta estutasun handiarekin kontatu zidan auzokide batzuk nolako jarrera izan zuten, marikoi deitzen… Hori duela bi hilabete izan zen.
Homofobia jarrera antisoziala da, eta gure herriak osatu egin behar du, jarrera antisozial horrek isiluneak eragiten ditu, eta eragiten du zoriontsu bizi ezin duten emakumeak edo gizonak ikustea, edo heteronormatibismotik eta binarismotik disidenteak diren pertsonak ezin zoriontsu bizitzea. LGTBI+ Mahaitik hori ezabatu nahi dugu, bide horretan goaz baina lan handia dago egiteko.
LGTBIfobia mota asko dago, muturrekoak direnak, eta mikroak direnak… guztiak ezabatu nahi ditugu. Hemen gaude eta argi izan, herrikideak aske bizi daitezen utz behar ditugula, aske behar dute, eta LGTBIfobikoek egin behar dutena da ez debekatu aske izateko eskubide hori. Zein arazo duzu? Arazoak kendu behar dituzu, eta ezin duzu baldintzatu besteen zoriontasuna; hori aniztasun afektibo sexualaren parametroetara eramanda ohartuko zara homofoboa, lesbofoboa, transfoboa zarela, pobreak ez dituzula gustuko, beste arrazetako jendea ere ez duzula gustuko… Ezberdina ukatzen duen gizarte batean gaude, eta zu ez zara nor ezberdina ukatzeko, ezberdintasunak aberastu egiten gaitu.
Naroa Zabala: Onartzen zaituztenekiko esker sentimendu modukoa sortzen da eta ez du horrela behar. Horrek erakusten du ez gaudela parekotasunean, esaten digute nik onartzen zaituztet… hori azalekoa da, ikasi duguna, ez goaz barrura, zerikusi gehiago dauka buruko paretak botatzearekin, lan sakona eskatzen du gainditzeak eta ez da egun batetik bestera lortuko dugun zerbait. Errenteriak badu oraindik hortik gizarteak duen bezala.
Esan behar da ere, politikoki eta sozialki oso inplikatutako herria dela gurea, konpromisoa hartu du eta gai honi dagokionean ere. Uste dut, azken aldi honetan, nabaria dela ere hartu duten lana eta konpromisoa eta hori ere esan behar dugu, baina oraindik oso azalekoa da, eta lan handia dago egiteko.
Mikel Martin: LGTBIfobiak jende askoren bizitzarengan du eragina, eta ez gara soilik LGTBI pertsonak inplikatu behar, ez soilik senideak, gizarte osoak inplikatu behar du, kirol eta kultur eragileak, eragile politikoak eta hezkuntza instituzioa bere osotasunean. LGTBfobia deseraiki behar den ikasketa dela ulertarazi behar dugu, eta pedagogia erabili behar dela. Ikasgeletan hezkuntza zuzena erabiltzeak, LGTBIfobiaren transmisore diren telebista, irratiak, prentsa, komikiak, errealitate birtualei aurre egiteko tresnak ematea da.
Naroa Zabala: Ez dagokigu bakarrik guri egoera honekin amaitzea, denon konpromisoa eta lana eskatzen duen zerbait da. Guk barrutik bizi dugu eta klabe inportantea gara azalarazteko LGTBIfobia, heteronormatiboak direnei ikusten ez duten hori azalerazteko, baina denoi dagokigu konponbidea ematea.