Francis Vadilloren hilketak kalera atera zuen herria
Errenteriaren 700 urteurrenaren harira, Errenteriako Udalarekin elkarlanean elkarrizketa sorta egiten ari da HITZA. Honakoa, LGTBI+ Mahaiko Andoni Etxeberria, Naroa Zabala eta Mikel Martini egindako elkarrizketa da, galderaz galdera hamar egunez HITZA-k zabalduko duena, osorik. LGTBI+ kolektiboaren errealitateaz, LGTBIfobiaz, sustatu beharreko politikez, eta parekidetasunaz mintzo dira, besteak beste.
Francis Vadillo. Haren hilketak kolektiboa kalera atera zuen. Zein eragina izan zuen, zein ondorio?
Andoni Etxeberria: Egoera gogor hura bultzagarria izan zen eta parez pare jarri zigun pertsona batzuen errealitatea. Kolektiboaren gain gelditu zen ardura, haserre atera zen kalera eta herriaren babesa jasotzea oso interesgarria izan zen, nahiz eta babes horren tartean ezjakina egon, baina heriotza bat zegoen, mutur muturrera iritsi zen. Herria mugitu zen, kolektiboko kideek, garaikoek, hartu zuten lekukoa horri aurre egiteko.
Mikel Martin: Gertaera triste hark leherrarazi gintuen, askapen sexualaren bandera, iraultza sexualaren bandera aterarazi zigun, halabeharrez. Esan genuen eskubidea genuela nahi bezala janzteko, pentsatzeko, izateko nahi dugun bezala.
Ez dugu ahaztu behar tiro egin ziona, hil zuena, Espainiako polizia bat izan zela. Errespetu handiz, 41 urte geroago gure iraultza sexual txikia, gure Stonwell txikia deitzen diogu hari, marika eta bollera batzuk aurrean jarri eta esan genuen ‘hemen gaude eta ez gara ezkutatzen!’ Hori 41 urtez mantentzea niretzako satisfazio handia da.
Hazi haietatik, odolez landatu ziren hazi haietatik, gaur dugu LGTBI+ Mahaia, eta dugu herri bat defizitak dituena baina baita positibo asko ere. LGTBI+ mahai existitzea bera da udalak mugimenduari egin dion aitortza. Mahai horretan, plan estrategikoa da helburua, LGTBIfobiari aurre egiteko errekurtsoekin planifikatutako ekinbide politiko sozial bat bideratzea.