Hogei urte etorkizuna urratzen
Bi hamarkada ditu soinean Zabala Enea II gaztetxeak. Hainbat belaunaldi eta egoerari erantzun behar izan die bide horretan, gazteei hutsik egin gabe. Xume ospatuko dute urteurren biribila.
Luzea da gazte asanbladaren historia. Aspalditxo hasi zen gaztetxea, gazteek beraiek autogestionatutako espazio bat lortzeko borroka Errenteria-Oreretan. 1988an asiloa okupatu zuten hainbat gaztek eta hutsa zegoen eraikin grisa, kolorez bete. Ez zuen luzaro iraun ametsak. Poliziak berehala hustu zuen eraikina; ehunka herritar atera ziren kalera protesta egitera, eta berehala eraitsi zuten berriz ere okupatzea saihesteko, baina gaztetxea, gazteen etxea izango zenaren ametsa egi bihurtzeko gogoa ez zuten itzali.
Gaur egun liburutegia dena, aurretik kuartel izandakoa, okupatu zuten ondoren; Olibet auzoko egoitza heldu zen gero, baina hura bilerak egiteko baino ez zuten baliatu; eta azkenik, Gecotor lantegia zenaren bulegoen eraikina eskaini zien udalak gazte asanbladan ari ziren garaiko gazteei. 1995eko ekaina zen; gogotsu hasi ziren hura egokitzen.
Bost urte iraun zuen Zabala Enea I gaztetxeak; hirigintza planeamenduan zegoen eraikina eta udalak, bota behar zuela eta, beste aukera batzuk eskaini zizkien gazte asanbladako kideei, eta Gaztañoko parbularioa bihurtu zen gaztetxe berria, Zabalenea II. Hogei urte bete berri ditu, eta nahi bezala ez COVID-19agatik, baina ospatu, ospatuko dute urteurrena. Zabala Enea I eta II Gaztetxeen historiaren parte izan dira Maitane Escudero eta Ane Beltran.
Hamasei urterekin heldu zen Escudero gazte asanbladara eta gaztetxera. Zabala Enea I gaztetxearen azken urteak eta Zabala Enea IIren lehenak ezagutu zituen, batetik besterako trantsizioa egin zuen belaunaldiko kide baita. Ez zen erraza izan hasiera. 1.000.000 pezetako zorra azaldu zitzaien hasi berritan, «ez dakigu nondik eta nola sortu zen, hornitzaileei zor zitzaien diru hori eta erantzutea tokatu zitzaigun».
Maria Lezotik Gaztañora
Dirua lortzeko kontzertuak antolatzen hasi ziren. «Astebururo kontzertu bat zegoen, izena zuten taldeekin, eta astebururo 300 lagunetik gora etortzen ziren herrikoak zein kanpokoak, eta garai hartan gaztetxeen artean erreferente musikala bihurtu zen Oreretakoa». Garaiko talderik entzutetsuenak pasa ziren bertatik, Def Con Dos, Anestesia, Fermin Muguruza… Zabalenea I gaztetxearen egitekoa horretara mugatu zen azken bi urteetan.
Ondoren, iritsi zen aldaketa Gaztaño auzora. «Miguel Buen zen alkate eta Juan Carlos Merino Kultura zinegotzia. Gurekin harremanetan jarri ziren gu ezer mugitzen hasi aurretik, prozesua lasai egiteko edo, eta hainbat lokal zeudela aukeran, baina Gaztañokoa erakutsi ziguten. Ikusi, gustatu eta hortxe sortu genuen Zabala Enea II», azaldu du Escuderok.
Herritik hurbil izatea gakoa iruditu zitzaien jendea bertaratzeko, gazte asanbladara hurbiltzeko eta kontzertuez gain, eguneroko dinamiketan parte har zezaten; hori zuten helburuetako bat. Kontzertuetarako aurreko eraikinak ematen zuen aukerarik ez zuen berriak, baina horrek, gazteen problematika lantzen hasteko aukera eman zien. Saiatu ziren herrira hurbiltzen, eta baita lortu ere: «Hainbat dinamika jarri genituen martxan, tailerrak… Baina kanpainarik indartsuena etxebizitzaren inguruan antolatu genuena izan zen. Bi urtez atera genuen inauterietako konpartsa babes ofizialeko etxebizitza baten zozketa irudikatzen, kartoizko etxez jantzita ateratzen ginen kalera».
Elkarlanaren garrantzia
Beste eragileekin elkarlana sustatu zuten. «Garrantzitsua da konplizitate horiek saretzea, elkarlanean aritzea herriko beste eragileekin. Gazte asanbladak gazte marko baten atzean lan egiten zuela babestu dugu beti, oso garrantzitsua zen hori guretzat, eta eragile askok jotzen zuten guregana atxikimendu bila ekintza puntualetarako», zehaztu du Escuderok. Bere garaian, hogei bat gazte biltzen zituen gazte asanbladak.
Bizitzea tokatu zitzaien garai politikoari erreparatu dio Escuderok, hori izan omen zen zailena, edo gogorrena: «Gazteriak jasaten zuen errepresioa ikaragarria zen, eta horrek eragina zuen gaztetxearengan. Zabala Enea Ien ginela, oso ohikoa zen udaltzainak eta batez ere Ertzaintza bertaratzea. Mugimendu anitza izanagatik ere, errepresioa jasaten genuen gazte mugimendua izateagatik, politikoki zigortuta geunden». Onena, guztia izan omen zen. «Gazte asanblada bezalako mugimendu bateko partaide izatea izan da onena, aniztasun horrek eta bide horrek guztiak eman dizkidan baliabideak gaur naizena izateko. Ikaragarria da zer antolatzeko gai ginen, ilusioa eta gogoekin noraino heltzea izan genuen».
Belaunaldi berriak
Zabalenea II gaztetxera heldu den azken aurreko belaunaldiko kidea da Ane Beltran, duela bederatzi urte iritsi zen, hamalau urte zituela. Atzera begiratuta espazioa bera asko aldatu dela dio: «Iritsi nintzenean, sofa, telebista eta vending makina zeuden; erabaki genuen ezin zuela aisialdirako espazioa izan soilik, eta horiek guztiak bota egin genituen, beste funtzionamendu batekin hasi ginen».
Hala, 2014. urtean lantaldeak sortu zituzten: komunikazioa, aisialdia, musika, kultura… eta 2015ean eta 2016an gazte asanblada indartsua lortu zutela nabarmendu du, baita egitarau oparoa prestatu zutela ere: «Bertso txapelketa antolatu genuen, kontzertuak, Orereta izena eta izana dinamikaren barruan hainbat ekintza egin genituen, droga eta sexualitatearen gaineko tailerrak…».
2017an, baina, gainbehera heldu zitzaiola gazte asanbladari dio: «Oreretako lau gazteak atxilotu zituzten, eta indar guztiak horretan kontzentratu ziren, gazte problematika alde batera gelditu zen».
Hausnarketa prozesua
Atxiloketa horiek eragin handia izan zutela bai gaztetxean, baita gazte mugimenduan ere azaldu du gazteak: «Iritzi ezberdinak izan ziren, erantzuteko moduak ere, eta talka sortu zuen gertaerak gazte asanbladaren barruan. Gazteen artean ideia konfrontazioa izan zen, eta horrek eragina izan zuen hainbat arlotan: pertsonalean, kuadrilletan, baita gazte asanbladan ere».
2018an martxa hartzen hasi zen berriz ere gazte asanblada. «Zerotik abiatzea erabaki genuen, belaunaldi berriak hurbiltzeko lanean zentratu ginen. Santomasetan jende pila elkartu ginen, baina gero ez zuten gazte horiek dinamikan jarraitu, ez genuen indar guztia jarri belaunaldi aldaketa egokia egiteko, eta ez genuen, beraz, lortu helburua: belaunaldi berriak bertaratzea».
Hausnarketa prozesua heldu zen gero, gaztetxearen eta gazte asanbladaren oinarriak eta funtzionamendua finkatzeko. Hiruzpalau hilabete eman zituzten hausnarketa horretan, barrura begirako prozesuan murgilduta, «positiboa izan zen jakiteko non ginen, zein balio genituen».
Iaz 16-17 urteko arteko gazteak heldu ziren Gaztetxera, «Zabala Enea II gaztetxeak bizirik jarraitzeko belaunaldi berriak behar genituen lekukoa hartzeko, eta ongi etorri egokia eman genien, aurretik egindako hausnarketa prozesuan ateratako ondorioak eta irizpideak konpartitu genituen, eta gazte asanbladara gonbidatu». Eragina izan duen zalantzarik ez du; horren erakusle, egun, hamabost lagun ari direla gazte asanbladan: «Gazte pila ari dira gaztetxea erabiltzen eta bertan lanean, gogo handiz; pena COVID-19aren osasun larrialdiak laguntzen ez duen».
Ibon Zabalari omenaldia
Urteurrena handitik ospatu nahi zuten; horretarako aukera ez dute izango, baina ospatuko dute. Egitarauaren artetik hitzordu bat nabarmendu du Beltranek: Ibon Zabalari egingo dioten omenaldia. Urtero hutsik egin gabe egiten dute hitzordu hori. Aurten, bereziagoa izango da, 25 urte bete direlako Zabala Enea gaztetxea martxan jarri eta hilabete eskasera ospatutako Oreretako I Gazte Egunean Zabala hil zela. Gaztetxeak haren omenez hartu zuen izena.
Ez zuten ezagutu Zabala, baina badakite gaztetxearen alde lan handia egin zuela, beste hainbat arlotan bezala, «aitortzea ezinbestekoa da».
Gaztetxeak etorkizuna duen galdetuta, ez du zalantzarik Beltranek: «Bai, gaur egun bai. Lekukoa egoki pasa behar da, eta uste dut asmatu dugula, hurbildu diren 16-17 urteko gazteek badakitelako zertan ari diren, eta lanerako gogoz heldu dira gainera».
Oinarriak, sendo
Hogei urte atzera eginda, egungo eta orduko Zabala Enearen arteko ezberdintasunak zein diren galdetuta, testuinguru soziopolitikoari erreparatu dio: «Gazte asanbladako kide izan garen belaunaldi guztiek izan dugu testuinguru ezberdin bat; aldatu ez dena borrokarako gogoa izan da, gazte problematikei aurre egiteko grina, helburuak eta oinarriak mantendu dira. Oreretako Gazte Asanbladaren filosofia urte hauetan guztietan mantendu da».
Horren harira, aitortza egin du Beltranek, goraipatu ditu gazte mugimenduko parte izan diren guztiak, «horiei esker jarraitu duelako bizirik gaztetxeak».
Urteurrenaren egitaraua
- Hilaren 19an. Gaztetxearen eta gazte asanbladaren historia argazkitan jaso duen erakusketa zabalduko dute Xenpelar Etxean. Astelehenetik ostiralera 17:00etatik 20:00etara zabalik. Hilaren 31ra bitartean izango da zabalik. Urteurrenaren harira, gazte mugimenduan aritu diren belaunaldi ezberdinetako kideen testigantzekin osatutako dokumentala zabalduko dute.
- Hilaren 24an.Gazte asanbladako kide izan diren belaunaldi ezberdinetako hainbat ordezkarirekin solasaldia. Xenpelar Etxean izango da, goizez, baina ordua zehazteke dago.
- Hilaren 25ean. Ibon Zabalaren heriotzaren 25. urteurrenaren harira, omenaldia. Oreretatik abiatuta Urdaburura mendi martxa, eta iaz Zabalaren omenez jarri zuten oroitarriaren ondoan ekitaldia egingo dute.
- Hilaren 30ean. Errepresaliatuen aldeko karteladara deitu dituzte gazteak. Ekitaldia egingo du gazte asanbladak bertan.
- Hilaren 31n. Mural margoketa eta formatu txikiko bazkaria, Zabalenea II Gaztetxean.