[Elkarrizketa] «Neure aletxoa jartzen saiatzen naiz euskal kontzientziaren alde»
‘Emilio Lopez Adan: Euskal iraultza libertarioen pentsalari’ obra argitaratu du Sudupek (Azkoitia, 1959). Pasaiako Udaleko Euskara Zerbitzuko langileak San Pedron aurkeztuko du lana, hilaren 20an.
Ez da lehen aldia Euskal Herriko gatazka politikoarekin lotutakoen bizitza ahotan hartzen duzuna. Zergatik euren pausoak gogora ekartzeko beharra?
Egungo egunean ematen du gatazka politikorik ez dagoela, ETA desegina baita, nahiz eta badiren politikari batzuk ETA jardunean balego bezalako itxurak egiten dituztenak, batez ere eskuin espainolaren kide direnak, deskalabru elektorala gainditze aldera. EAEko instituzio publikoetan, egun kudeaketa gailentzen da, PNV-PSE gobernu akordioak halaxe nahita.
Euskaldun asko, berriz, ni barne, ez gaude egungo egoera politikoarekin kontent, afera publikoen gehienbat kudeaketa den politikarekin, eta euskaldunon kontzientzia politiko eta linguistiko-kulturala bizirik atxiki dadin, neure aletxoa jartzen ahalegintzen naiz.
Beste elkarrizketa batean honakoa esan zenuen: «Axolazkoa da atzera begiratzea, nondik gatozen jakiteko eta zergatik gauden egoera honetan ulertzeko; etorkizunera kontzientzia gehiagorekin begiratzeko, euskal kontzientzia gehiagorekin». Gara zenezake ideia hori?
Aztertu ditudan erreferente gehienak —azterketa partziala noski, ez exhaustiboa inondik ere— aski ezezagunak dira euskaldun gehienentzat eta euskal ikastetxeetako curriculumetan ere ez daude, gure gazte jendeak ezagut ditzan. Litekeena da, orduan, pentsatzera iristea gure aurrekoek alde politiko eta kultural-linguistikotik ez dutela ezer egin.
Egia da Euskal Herri kontinentalean, Frantziako Iraultzaren ondotik eta haren ildo eta aire bortitzean, askatasunaren ideia unibertsal abstraktuarekin batean jakobinismo nazional gotorra zabaldu dela, eta euskaldunak kolonizatzea eta asimilatzea lortu dela, mundu-gerra eta deskolonizazio-gerra erabakigarriak tarteko, eta Euskal Herri penintsularrean, gerra karlista eta 1936ko gerraren ondoko 40 urte luzeko diktadura faxistaren ondorioz, oztopo itzelak izan ditugula euskal herri bezala irauteko, baina batzuk nabarmendu dira erresistentzia-lan horretan, eta horien berri izatea kontzientzia-sortzaile eta identitate indargarri gerta liteke; niri hala gertatu zait, behintzat.
Zergatik, oraingo honetan, Lopez Adan? Nor da Beltza?
Kasu honetan, Joxe Azurmendiren iradokizunaren bidez hartu nuen erabakia. Bion arteko solasaldi batean, garai batean erreferente izandakoetatik gaur egun zein idazle zeuden ahaztuak galdeturik, hiru izen aipatu zizkidan hark: Eusebio Osa, Emilio Lopez Adan, eta Txillardegi, azken hau ahaztua ez, baina bai, ordea, aztertu gabe.
Hego Euskal Herrian, iragan mendeko 50 eta 60ko hamarkadetan, plaza politiko-kulturalera ateratzeko hautua egin zutenek borroka nazional antiinperialista eta borroka sozial antikapitalistarekiko posizioa hartu beharra izan zuten. Labur-zurrean esanik, Txillardegik zazpi euskal lurraldeetako borroka nazional-antiinperialistari eman zion lehentasuna; Eusebio Osak Espainiako estatu mailako iraultza sozial kutsu marxista-leninistakoari, eta Emilio Lopez Adanek, berriz, iraultza sozial kutsu libertariokoari; eta, bien bitartean, hirurak euskaltzale handiak izan dira, Euskal Herri euskaldunaren aldeko, ez bakarrik Txillardegi.
«Erresistentzia lanean ibili direnen berri izateak kontzientzia sor lezake»
«Lopez Adanen espiritu independente horixe gertatzen zait erakargarrien»
Lopez Adanek euskal borrokari buruzko artikulu asko eman ditu argitara, nola deskribatuko zenuke bere obra? Zergatik da erakargarria zuretzat?
Lehen aipaturiko bi borroka horien erritmoan, eta premien arabera joan da garatzen Lopez Adanen obra. Lan historikoak ere egin ditu, azterketatik kanpo utzi ditudanak, liburu luze-astunegia ez egitearren.
Ez da inoren epigonoa edo imitatzailea, eta aldekoak eta aurkakoak ditu. Espiritu independentea da eta ez du inor engainatzen. Bere pentsamendua garbi azaldurik, Euskadin gertaturiko borroka armatuaren azterketan dihardu egun ere, Espainian boladan dagoen ikuspegi terrorista hutsetik oso urrun, eta aldi berean apologista hutsengandik ere urrun, baina ez erdibide aseptikoan ere.
Berak jarduera armatua zein marko ideologikotatik epaitzen duen garbi azaltzen du, eta ekintzen azterketan, informazio ahalik eta gehien kontrastaturikoa aditzera ematen du. Espiritu independente horixe gertatzen zait erakargarrien, eta bere posizioa hamarkadetan gaindi tinko atxiki izana.
Orain arte beti hildakoei buruzko ikerketak egin izan dituzu. Proiektu honetan, baina, protagonista bera kide izan duzu.
Gauza guztiek bezala, bere on-gaitzak ditu. Kontuan izanik azterlan guztiak XX. mendeko idazle eta politikariei buruz egin izan ditudala, haiek ez daude hainbaten memoriatik desagertuak, eta horrenbestez, ez naiz erabat hilda daudenez ari izan lanean aurrekoetan ere.
Orain, Lopez Adanen obraren gainekoa berezia izan da, eta egia esateko, aski ongi akomeatu gara geure artean; aski askatasun utzi baitit neure lana egiteko, eta eskatutakoari erantzun baitio prestutasunez.
Liburua hiru zatitan banatu duzu.
Lehen bi parteak, bizi garen hamarkada honetan berak argitaraturiko bi liburutan dute oinarria; bata, memoria politikoen gaineko liburuan, eta bestea, ETAren estrategia armatuaren historiari buruzkoan. Hirugarren partea askotarikoa da, eta askotarikotasun horretan beldur naiz erakarmen gutxiago ez ote duen sortuko baina, nik uste, ez dela beste bi parteak baino kaskarragoa. Dena den, irakurleari dagokio epaitzea.
Aztertzen ari naizen autoreari buruz informazioa bildu eta ordenatu ahala hasten naiz liburuaren atal edo parteak zirriborratzen, eta aurrera egin ahala, jakina, aldaketak ere izan ohi dituzte material edo argibide berriak eskuratu ahala.
«Gure historia hurbila asko markatu duen gai bati buruz lekuko garrantzizkoa da»
Zer da, orobat, irakurleak liburu honetan aurkituko duena?
Irakurleak, gazte samarra bada, gure historia hurbila asko markatu duen gai bati buruz lekuko garrantzizko baten lekukotasun aparta aurkituko du, eta garai hori bizitzea tokatu zaion irakurleak, berriz, aukera izango du lehen bizitakoa hein batean berriz bizitzeko, segur aski beste ikuspegi baten eskutik, eta hori aberasgarri gerta lekioke.
Nolakoa izan da lan hau gauzatzeko egin duzun ibilbidea?
Lanketari doakionez, 2013an eta 2014an landu nuen liburu hau. Pare bat aldiz joan nintzen Angelura, Lopez Adanen bizitetxera, horietako batean Joxe Azurmendirekin. Aztertzen ari nintzen obraren egilearekin solastatzeko aukera izanda, ez aprobetxatzeari ez neritzon egoki. Ondo etorri zaizkit bisita horiek. Liburuaren zatiak idatzi ahala pasatzen nizkion, eta hark ohar edo iradokizunekin itzultzen zizkidan.
Argitaratzeari dagokionez, badakizue euskal saiakera apal dabilela, batez ere irakurle aldetik, eta duela sei urte ez nuen argitaletxerik aurkitu prest testu hau argitaratzeko. Aurten berriz, espero ez nuela, UEUk argitaratzeko gonbita egin zidan eta gustura eman nien baiezkoa. Zati batzuk kendu nituen, eta egungo irakurlearentzat interesgarrien gerta daitezkeenak hautaturik, UEUk eta EHUk elkarlanean atera dute. Bereziki eskerrak eman nahi dizkiet aipatutako horiei.
Badakit horrelako liburuek ez dutela irakurle ugari izaten, baina espero dut irakurtzen hasten denak gustura irakurriko duela.