Plazetan ateak itxita jokatuko dituzte partidak
Baliabide pertsonal nahikoak ez izateaz gain, espazioak berak ere ez duela aukera handirik ematen protokoloa zehatz betetzeko gaineratu du taldearen zuzendaritzak.
Allerruko taldeak hasi dira partidak jokatzen. Partida horiek baina, publikorik gabekoak dira, ateak itxita ari baita kluba Lezoko zelaian. Futbol Federazioak zein osasun erakundeek protokoloa bideratu diete klub guztiei, eta partidak ateak irekita, hau da publikoarekin jokatzeko baldintzak zehaztu dizkiete bertan. Klub batzuk bat egin dute protokoloarekin eta ateak zabalik hasi dira partidak jokatzen, baina beste batzuk ateak itxita jokatzen jarraitzea erabaki dute.
Allerru Taldeko zuzendaritzako kideek azaldu dutenez, erabakia ez dute pisuzko arrazoirik gabe hartu, “baldintza zehatz batzuk bete behar dira, zorrotz jarraitu behar dira sarrera eta irteera guztiak partida bakoitzean eta klubak ez du une honetan hori zorrotz eta jarraian egin ahal izateko bitarteko pertsonal nahikorik. COVID-19aren osasun larrialdia eragin handia izaten ari da esparru guztietan, kirolean ere, eta guk ez dugu berme guztiekin ateak zabalik jokatzeko aukerarik”.
Baliabide pertsonal nahikoak ez izateaz gain, espazioak berak ere ez duela aukera handirik ematen protokoloa zehatz betetzeko gaineratu du taldearen zuzendaritzak, “ikusleek harmailetan egon behar dute, ez da onartzen inor zutik izatea. Jokalariek ezin dute aulkian izan, bertan entrenatzailea, laguntzailea eta delegatua izango direlako, eta beraz, jokalariek ere harmailetan egon behar dute. Eguraldi txarra egiten badu, harmailetako lehen hiru lerroak ez dira erabilgarri, busti egiten direlako”.
Horrenbestez, “egoera ulertu” dezaten eskatu die Allerruk jarraitzaileei, eta taldeetako jokalari txikienen eta gazteenen gurasoei, “ez da kapritxoa, osasun segurtasuna bermatzeko baldintzarik ez dagoela baizik”.