Astelehenean zabalduko da Lezoko ludotekan izena emateko epea
Internet bidezko izen ematea lehenetsiko da. Aurtengo zerbitzua azaroaren 2an (astelehena) hasiko da, 2021eko ekainaren 25era arte.
Urtero lez, aurten ere Lezoko ludotekak zerbitzua eskainiko du, ezohiko egoerari moldatuta, betiere. Izen emateak hilaren 19an (astelehena) zabalduko dira, interneteko matrikulazioa lehenetsiz aurten; interesdunek Lezoko Udalaren webgunean edota Kultura saileko bulegoan eman ahal izango dute izena, 08:30etik 13:30era. Aurtengo zerbitzua azaroaren 2an (astelehena) hasiko da, 2021eko ekainaren 25era arte.
Segurtasuna bermatu ahal izateko, aurtengo zerbitzua 6-10 urte bitarteko haurrei eskainiko zaie, plaza kopurua aurreko urteetan baino mugatuagoa izanik (30 erabiltzaile, gehienez). Izen emateek kopuru hori gaindituz gero, inskribatutako haur guztien artean zozketa egingo litzateke ordutegien banaketa egokitzeko. Aurreikusitako ordutegia honakoa da: 16:30etik 19:30era.
Ludotekan izena eman ahal izateko, haurrek Lezon erroldatuta egon behar dute, edo bertako ikastetxeetan matrikulatuta egon. Ikasturteko kostua 50 eurokoa da, bi salbuespenekin: familia ugariko kideak eta prestazio ekonomikoen onuradunak.