Hausnarketarako plan bat jarri da martxan Pasaiako establezimenduentzat
Segurtasun baldintzei jarraiki partaidetza bermatze aldera, Zoom plataformaren bitartez egingo da bilera hilaren 21ean, eguerdiko 14:00etan.
Pasaiako ostalaritza, merkataritza eta zerbitzuak biziberritzeko plana fase ezberdinetan gauzatzen ari da, ekainean galdeketa-lanak abian jarri ziren eta, orain, sektoreen partaidetza aktiboaren faseari hasiera emango zaio. COVID-19aren pandemia orokorrak egoera ezohikoa eragin du, ziurgabetasuna eta ezjakintasuna nagusituz eta sektore horietan nabarmen eraginez. Osasun krisiaren aurretik egoera ere kritikoa zen, hamarkada bat baino gehiago igaro baitzen merkataritzaren sektorea etengabe jaisten ari zenetik; hori gutxi balitz, Koronabirusaren eragina gehitu behar zaio.
Ildo horretan, agertokia “sektorearen birmoldaketa” gisa definitu dute antolatzaileek, biziki gelditu baita agerian berritu eta profesionalizatu behar direla sektore horiek. Elementu positiboak ere bilatuko zaizkiola nabarmendu dute, hala nola: kontsumo-ohitura berriak, tokiko produktuei, tokiko merkataritzari, lehentasuna ematen dietenak. Esandakoaz hausnartu eta hitz egiteko, udalak hurrengo asteazkenean, urriaren 21ean, 14:00etan, Zoom plataformaren bitartez online izango den bilerara gonbita egin nahi izan die interesdunei. Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektoreetako pertsonek online bileran parte hartu nahi badute, izena eman beharko dute Udalaren webgunean edo Oarsoaldea Eskualdeko Garapen Agentziaren webgunean.
Egitasmoa joan den otsailean Pasaiako Udalak Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuak Suspertzeko Plan Berezia jarri zuen abian Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Sailaren nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Antolamenduko Sailaren laguntzari esker, eta Ikertalde Grupo Consultor SA aholkularitza-enpresak gauzatu du.