Pasaiako ondare geologikoa ezagutzera emango dute, hitzez nahiz idatziz
Udalerriko aniztasun geologikoa jorratuko da lau hitzaldi didaktikoren bitartez, haietako bakoitza Pasaiako barruti batean. Iniziatibari amaiera emango diote liburu batekin.
Pasaiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuarekin batera, lau hitzaldi publiko programatu ditu, Pasaiako ondare geologiko harrigarria modu erraz eta erakargarrian jendartean zabaltzeko. Pasaiako geologo den Jose Mª Hernandez izango da hizlaria, eta saioak urriaren 21, 22, 26 eta 27an lau barrutietako kultur guneetan eskainiko dira.
Dibulgaziorako hitzaldi-sorta honen helburua honakoa da: udalerriak duen geo-dibertsitatearen berri herritarrei ematea, betiere, ikuspegi didaktiko, atsegin eta irisgarri batetik. Horretarako, Pasaiako lau barrutietan eskainiko diren emanaldietan geologia-azalpenak gizarteratzeko, esperimentuak, arroka-laginak eta landa-irudiak erabiliko dira; baita Pasaiako azaleramendu ikusgarrienetan grabatutako bideo-sekuentziak ere.
Hitzaldiak gaztelaniaz eta euskaraz eskainiko dira, arratsaldeko 19:30ean hasi, honako kokalekuetan:
- Hilaren 21ean (asteazkena), Donibaneko Juanba Berasategi aretoan, euskaraz.
- Hilaren 22an (osteguna), San Pedroko Udal Aretoan, euskaraz.
- Hilaren 27an (asteartea), Trintxerpeko Alkateordetzan, gaztelaniaz.
- Hilaren 28an (asteazkena), Antxoko Kultur Etxean, gaztelaniaz.
Liburua
Ekitaldiaren amaieran udalerriko arroken ezagutza geologiko guztia biltzen duen ‘Arroken kontu harrigarriak. Pasaiako geologia didaktikoa’ liburua jarriko da salgai. Argitalpen horretan azaltzen da arrokak non, noiz eta nola sortu ziren, zer mekanismogatik tolestu eta altxatu ziren, eta airepean daudenetik zer prozesu jasan duten aire zabaleko benetako museo bihurtu arte.
Modu dibulgatzaile eta didaktikoan idatzitako lan horrek 200 argazki, irudi eta grafiko baino gehiago izateaz gain, mapa geologiko bat du txertatuta, eta edukien artean, besteak beste, hiri-ibilbide geologiko bat egiteko nondik norakoak eskaintzen ditu. Horrekin guztiarekin arrokek zer kontatu nahi duten ezagutzeko gakoa ematen du. Informazio gehiago eskura daiteke helbide elektronikora idatziz edota 649 12 51 78 zenbakira deituz.