Aniztasuna aberastasuna delako
Ijito kulturan murgiltzeko gonbita egin du Camelamos Adiquerar elkarteak, estereotipoak apurtzea helburu duen astearekin. Gaur hasiko dira ekintzak.
Broniskawa Wajs Papusza, lehenengo poeta ijitoa. Ondoan badira ere, ez dago ezagutza handirik, edo behintzat sakonik, Ijito herriaren gainean herritarren artean. Estereotipo eta aurreiritzien artean mugitzen dira gehien-gehientsuenak, eta horiek apurtu nahi ditu, eta benetan beren herriaren kultura azaldu, Camelamos Adiquerar elkarteak urtero antolatzen duen Ijito Kultura Astearen bidez.
Aurten ere egingo dute, hutsik egin gabe, eta astearen barruan klasikoa den Montxo Jimenez Esku Pilota Oroitaldiak abiatuko du egitaraua gaur bertan. Agustina Otaola pilotalekuak hartuko du txapelketa, eta lehen partida gaur 20:00etan jokatuko dute. Asteazkenean, ordu berean arituko dira finalerako sailkatzeko lehian, eta ostiralean 19:00etan finalak jokatu eta sari banaketa egingo dute Fanderiako frontoian.
Kirol hitzorduak ez du hutsik egiten, baina ijito kultura gerturatzeko, batez ere haur eta gazteei bestelako ekitaldiak ere antolatu dituzte. Bihar erdialdeko ludotekan Yo te lo digo cantando abestien bidezko kontaketa egingo dute, eta horrekin batera hainbat joko ere egingo dituzte, egoerak agintzen duen segurtasun eta osasuna bermatzeko neurriak hartuta. Ostegunean, berriz, gazteei begira jarriko da Camelamos Adiquerar elkartea, eta 14 eta 18 urte arteko gazteei begira Memorias gitanas hitzaldia antolatu dute. Ezinbestekoa da erreferenteak izatea, eta ijito herriak ere baditu bereak. ez dute zertan ospetsuak izan, baina izen handikoak ere badituzte eta horien gainean arituko dira hitzaldian.
Zazpi pertsona erreferente aukeratu dituzte. Raymond Gureme, Bronislawa Wajs Papusza, Sofia Kovalevskaya, Katarina Taikon, Johann Trollman, Helios Gomez, eta Melannie Spitta.
Gureme nerabea zela eraman zuten atxilo bere familiarekin bigarren mundu gerran, 1940ko azaroan. Zirkua eta zinema ibiltaria zuen familiak. Anaiarekin ihes egin zuen 1941ean; guztira bi aldiz egin zuen ihes kontzentrazio eremuetan izanik. Erresistentziarekin bat egin zuen Frantzian.
Papusza, panpina esan ahi du erromaniaz, lehenengo poeta ijitoa izan zen. Poloniarrak, 40 urte zituen bere kantu eta olerkietako batzuk aldizkari eta egunkarietan publiko egin zituztenean lehenengo aldiz, eta ospearekin batera, bere herri osoaren mespretxua heldu zen; ijito herriaren sekretu eta ohiturak saltzea leporatu zioten. Kavalevskaya matematiketan doktoretza egin zuen eta unibertsitate irakasle izan zen lehen emakumea. Errusiarra eta ijitoa zen.
Taikon, herri ijitoaren eskubideen aldeko ekintzailea izan zen. Boxeolaria izan zen Trollman; Gomez berriz, sindikalista, margolaria eta poeta izan zen, gorbata gorridun artista bezala ezaguna, frankismoaren kontrako ekintzailea izan zen. Spitta, azkenik, zinema zuzendari eta giza eskubideen aldeko ekintzailea izan zen.
