Pasaia gorriz markatutako udalerrien artean
Oarsoaldeko 95 lagun izan dira positibo COVID-19a hautemateko PCR probetan ostiraletik atzo gauerdira arte.
Oarsoaldeko 95 lagun izan dira positibo COVID-19a hautemateko PCR probetan ostiraletik atzo gauerdira arte. Kezkagarriak dira datuak eta Gipuzkoan dagoeneko hamalau udalerri dira gorriz markatu dituztenak osasun agintariek, tartean Pasaia. 100.000 biztanleko hamalau egunean 500 kasutik gora dituzten herriak hartzen dituzte aintzat gorriz markatzeko, eta Pasaiaren kasuan 544,55ean dago markatzaile hori; 5.000 biztanletik gorako herriak hartzen dituzte kontuan.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 7.838 PCR test egin zituzten herenegun, eta horietatik 657 izan dira positiboak, %8,4.
Oarsoaldean azken orduetan COVID-19arekin kutsatutakoen kopururik handiena Errenteria-Oreretan atzeman dute; hiru egunean, beste 43 kasu zenbatu dituzte (14 ostiralean, 11 larunbatean eta 18 atzo); Pasaia izan da hurrena kopuruari dagokionean, 29 positibo gehiagorekin (10 ostiralean, 13 larunbatean eta 6 atzo). Oiartzunen 12 positibo zenbatu dituzte (8 ostiralean, 1 larunbatean eta 3 atzo), eta Lezon, berriz, 11 ( 7 ostiralean, eta bina larunbatean eta igandean).
Osasun Sailaren azken hiru egunetako datuak dituen txostena, hemen kontsulta daiteke.