Pikoketan 1936ko abuztuaren 11n hildakoak omendu dituzte
Atzo egindako ekitaldian Espainiako Gobernuari eskatu diote izapidetzen ari den Memoriaren Legea era egokian osa dadila, errepresaliatu oro kontuan hartuz.
Atzo, igandea, berriz ere omenaldia Pikoketan: 1936ko abuztuaren 11n indar frankistek bertan hil zituzten hamahiru pertsonak gogoan izan zituzten. Irungo Nicolas Gerendiain elkarte errepublikazaleak antolatu zuen ekitaldia Oiartzungo parajean: “Beste hainbat bezala erail eta hobi komunetan lurperatu zituzten pertsona horiek gogoratzeko eta omentzeko bildu gara. Milaka dira Espainiako Estatu osoko areketan lurperatuta jarraitzen duten antifaxistak”.
Espainiako Gobernua Memoriaren Legea, berritua, izapidetzen ari da. “Lege honek gabezia handiak ditu. Gabezia horiek eragina dute omendu ditugun gertakarien modukoetan, horrelakoak ez dituzte kontuan hartzen”, esan dute elkartekideek. Hala, frankismoak errepresaliatutako pertsona oro kontuan ha dadila eskatu dute, eta diktaduran gertatutakoak “gizateriaren aurkako krimen” gisa aitortzea nahi dute.
Aldi beran, 1978ko Amnistiaren Legea deusezta dadin eskatu zuten atzoko ekitaldian, Erorien Haranari irtenbidea ematea, eta hobi komunetatik gorpuak atertzeko erantzukizuna bere gain hartzea eta behar bezala judizializatzea eskatu diote Espainiako Gobernuari, “horiek egiteko baliabide tekniko eta ekonomikoak emanez”.
Honako hamahiru pertsonak izan zituzten gogoan atzo:
- Mertxe Lopez Cotarelo. 17 urte zituen hil zutenean.
- Pilar Valles Bikuña. 17 urte zituen hil zutenean.
- Jose Maria Arruti Idiakez. 18 urte zituen hil zutenean.
- Victor Genua Montiano. 25 urte zituen hil zutenean.
- Jesus Lopez Casado. 26 urte zituen hil zutenean.
- Agapito Dominguez Taguada. 23 urte zituen hil zutenean.
- Bernardo Usabiaga Jauregi. 18 urte zituen hil zutenean.
- Manuel Justo Alberdi. 22 urte zituen hil zutenean.
- Vicente Argote. 47 urte zituen hil zutenean.
- Agustin Miguel Bermejo. 39 urte zituen hil zutenean.
- Felix Luz Etxeberria. 27 urte zituen hil zutenean.
- Miguel Jacinto Lope Martinez. 49 urte zituen hil zutenean.
- Angel Braña Lopez.