[Erreportajea] Euskalgintzatik herrigintzara
Bide berriak urratzea ezinbestekotzat jo du Lau Haizetara elkarteak, eta horretarako, ‘Aukerak sortzen’ parte hartze prozesua jarri du martxan. Herrigintzara jauzi egitea da helburua.
Bide berriak urratu nahi dituzte, aukerak sortu eta saretutako komunitatea eratu euskara ardatz hartuta. Garai bateko eskemak eta jarduteko erak zaharkituta gelditu dira; zerikusi handia izan du horretan globalizazioak, baita Euskal Herrian izan diren aldaketa sozio politikoek ere. Gizartearengan eragina izan dute, eta zer esanik ez euskal hiztunen komunitatearengan. Eredu berri baten bila abiatu dira Lau Haizetara Euskaltzaleen Topagunean, euskalgintzatik herrigintzara jauzi egiteko, sinistuta baitaude hori dela gakoa aliantzaz jositako komunitate osasuntsu eta aberatsa eraikitzeko, eta bide horretan, euskararentzat arnasgune berriak erdiesteko; komunitatea hauspotu, euskara zabaltzeko; komunitatea zaindu, euskara sendotzeko.
Horretarako, Lau Haizetara. aukerak sortzen parte hartze prozesua abiatu du euskara elkarteak. Atzo arratsean egin zuen lehen saioa, eta gustura daude eman duenarekin, 25 lagunetik gora eman zutelako izena parte hartzeko. Parte hartze prozesuaren atzean ari dira elkarteko kide Mikel Azkarate eta Txuss Alfonso. Alfonsok jende gehiago batzea nahiko luke, baina ez da kopuru txarra osasun larrialdiak baldintzatutako egoeran.
Atzera begira jarri da Azkarate, elkartearen egungo egoera eta parte hartze prozesua antolatzeko arrazoiak azaltzeko. Duela urtebete pasa eta elkarrizketa batzuen fruitu, Lau Haizetara elkarteak eta Saretuz dinamikak topaketa egin zutela nabarmendu du: «Elkarrekin bide bat hasteko aukerak aztertzen hasi ginen. Metodologia bat zehaztu, bilera batzuk egin eta elkartea berritzeko zenbait ideia lantzen hasi ginen elkarteak bere egunerokoarekin segitzen zuen bitartean». Eguneroko martxarekin batera, beraz, elkartea berritzeko ideia mamitzen hasi ziren. Bidearen une batean bat egin zuten bi taldeek, eta elkartea berritzeko hiru egiteko zehaztu zituzten: egoitza berritzea fisikoki, txukun jarri eta eroso bihurtzea bertaratzen direnentzat; elkartearen diru kontuak antolatzea; eta pertsonak aldatzea, berritzea. Azken lan horretan oraindik buru-belarri ari dira. Belaunaldi berriak txertatu dituzte, baina gehiagora heldu nahi dute, jende berri gehiago gerturatu, eta genero ikuspegia ere aintzat hartu dute, ezinbestean, abiatutako bide horretan Azkarateren arabera: «Gaurko argazkian jende gazteagoa ageri bada ere, esfortzu handiagoa egin behar dugu oraindik ere».
Jauzia, ezinbestekoa
Elkarteak eta dinamikak bat egin zuten unean, fokua aldatu zela diote biek: «Euskalgintzan ez ezik, herrigintzan jarri genuen fokua. Hausnarketa egiteko unea heldu zela pentsatu genuen, atzera begiratu eta aztertzeko, ez elkartearen gainean bakarrik, baita euskalgintza eta herrigintzaren gainean ere». Berrikuntzaren klabeetako bat hor kokatu du Azkaratek, euskalgintzatik herrigintzarako jauzian: «Halako saiakera bat egin zen Lau Haizetaran bertan euskaltzaleen topaguneak lagunduta, baina ez zen gaitasunik izan erabaki ziren gakoetako batzuk errealitate bihurtzeko, segida emateko».
Atzo abiatutako parte hartze prozesuaren helburuetako bat hori da. Baina «mentalitate aldaketa» ezinbestekotzat jo du Alfonsok, prozesua arrakastatsua izango bada: «Denon artean batuko ditugu bideak jauzi hori egiteko. Euskara elkarteak indartsu izan ziren garai batean, gero gainbehera etorri zen eta tendentzia hori moztu egin nahi dugu. Hori da gure ilusioa, aukerak sortzea, bide berri bat zabaltzea».
Bat dator Azkarate, hainbat faktore medio eredu agortzea heldu da, baita Lau Haizetarari ere, «mugimendu hori eredu berri baten bila ari da».
Eskolako euskaldunak
Euskal Herrian dauden beste esperientziak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute, baliagarria zaiena etxera ekartzeko, edo egokitzeko. 28 urteko bidea du soinean euskara elkarteak, eta epe horretan izandako aldaketek, gizartea oro har, eta euskal hiztunen komunitatea ere aldatu dutela diote: «Hiztun berri gehienak ez dira etxeko euskaldunak, eskolako euskaldunak baizik, horrek motibazioan, ezagutzan eta erabileran dituen ondorio guztiekin. Krisi ekonomiko batetik gatoz, osasun larrialdia bizitzen ari gara bete-betean eta klima krisia ere gainean dugu. Konplexutasuna kudeatzea tokatzen zaigu, eta testuinguru horretan hausnarketa egitea eta tokian tokiko erantzun bat ematea, ez Lau Haizetara gisa, komunitate gisa baizik, klabea da». Ideia horretan sakondu du Alfonsok, berriz ere nabarmenduz ez dela Lau Haizetara elkarteari begirako parte hartze eta hausnarketa prozesua: «Inguruan ez bada bideragarria ez du zentzurik, prozesu honekin denok irabazi behar dugu, ez da elkarte bati begirakoa, komunitateari begirakoa baizik».
Hizkuntzaren transbertsalitatea defendatu du: «Klabea da hizkuntza, euskara, ez izatea helburu bakarra, transbertsala behar du, eta leku guztietara heldu behar dugu harremanen bidez hizkuntza ohiturak aldatzen saiatzeko». Argi dio: «Aldaketa behar dugu, bizirik jarraituko badugu».
Parte hartze prozesuak fruituak ematen baditu, eta horrekin sinistuta daude biak, hizkuntza eta garapen komunitarioa lotuko duen imaginario berri bat izango dela aldaketa nagusia diote: «Hizkuntzaren klabeak bakarrik, ez du egun mobilizaziorako gaitasunik, ez kontzientzian, ez erabileran. Klabe berriak, garapen pertsonala eta komunitarioa dira, hiztuna, pertsona helburu jartzearen garrantzia».
Bi zaintza proiektu
Zaintza aipatu du horren harira Alfonsok, ezinbestekoa dela «garrantzi handia» ematea faktore horri dio pandemia beteko agertokian. «Elkartean izan beharko genuke lantalde indartsua zaintzaren kontzeptua lantzeko». Une honetan zaintzarekin lotuta bi proiektu zehatz dituzte abian elkartean: odol ematea da bata; eta Moriako kanpalekuko errefuxiatuei jaten ematen dien Zaporeak elkartearentzat janari bilketa, bestea.
Saretuzen bidez Lau Haizetarak kudeatzen ditu herriko odol emateak gaur-gaurkoz, hilean behin: «Jende gazte ugari hasi da odola ematen eta euskara mordoa entzuten da hilean behineko hitzordu horretan. Helburua da odola ematea behar dutenentzat; eta hori, euskaraz egiten dugu». Une honetan pandemia aurretik baino emaile gehiago direla azaldu du Alfonsok, 75 inguru; helburua 100era iristea da. «Helburu argiak ditugu eta horiek lortzeko lanean ari gara. Bi bide daude: dinamika abiatu eta itxoin jendea gerturatu arte; edota zuk probokatu jendea bertaratzea, harremana eginez, konbentzituz, gonbidatuz odola ematera… Bat edo bestea egin, emaitza ezberdina da. Hori eraman beste arloetara, kirola, kultura, osasuna… Hori jarriko dugu mahai gainean parte hartze prozesuan».
Moriako errefuxiatuentzako janari bilketa hilean behin egitea planteatu dute: «Lehenengoan, janariarekin gurdiak eta gurdiak bete genituen, ikaragarria izan zen. Emakume adineko bat etorri zitzaigun 20 euro ematera. Komunitatearen balioa hor sortzen da, konfiantza». Gazteak erakartzea halako proiektuetara ezinbestekotzat jo du Alfonsok: «Halakoen parte badira, beste modu batean biziko direlako gure herriko gazteak, beste balio batzuk izango dituzte. Nik, nire alabak hor egotea nahi dut, badakidalako pertsona hobeak izango direla».
Aliantzak sortu beharra
Bide berrien barruan hiru kontzeptu aipatu dituzte: euskalgintzatik herrigintzara jauzia; aliantzak sortzea; eta antolaketa eredu berria. Aliantzen bidez, sare komunitarioa sortzea planteatzen dute, kirol, kultur, edo osasun elkarteekin: «Horrek indarra emango dio Lau Haizetarari, beste elkarteei eta herriari ere; hori ulertzen bada, zerbait berria pizteko aukera izango dugu».
Antolaketaren arloan, autogestioa, autofinantzazioa eta antolaketa horizontala aipatu ditu Azkaratek. Egungo Errenteria-Oreretako euskal hiztunen komunitateari begira jarrita, azken kale neurketaren arabera, ezagutzak gora egin bazuen ere, apalago egin zuen gora erabilerak [%14,7]. Erabilera areagotzeko nola eragin behar den galdetuta, erantzuna parte hartze prozesuan zehar ematen saiatuko direla esan du Azkaratek. Atzo arratsean egin zuten lehen saioa, diagnostikoa, zehazki.
Botila erdi hutsa edo erdi betearen metaforatik abiatuta, hura moldatuta, erantzun du: «Erditik gora betea dagoen botila da euskal hiztunen komunitatea, azken 60 urteetan ikastolak, gau eskolak, administrazioa, hezkuntzaren eraginez… igo da, baina azpian zuloak ditu, eta urak ihes egiten du. Zer egin behar dugu? Etengabe ura bota, ahal dela, ihes egiten duena baino gehiago, eta horretara dator Lau Haizetara berria: garapen komunitarioa hizkuntzarekin lotuta».
Herritar guztiak parte hartzera deitu dituzte, eta eskaera zehatzagoa egin du Alfonsok: aditza aldatzea: «Egingo duzue, egingo dugu bihurtu behar dugu. Prozesua herriari begirakoa da, ez da Lau Haizetararentzat, herriarentzat da. Komunitate gisa indartu behar dugu».
Arnasgune, eta proiektu ugariren sorleku
Hogeita zortzi urteko ibilbidea eta hamaika proiektu eta ekintza. Herriko beste eragileekin konplizitateak josi eta sare berriak eraiki nahi dituzte, euskara zabaltzen jarraitzeko.
Hogeita zortzi urteko ibilbide luzea du Lau Haizetara elkarteak soinean. Ia hiru hamarkada horietan hainbat proiektu eta ekintza antolatu ditu euskarari hauspoa eman eta arnasguneak sortzeko Errenteria-Oreretan. Horietako batzuk berak sortutakoak dira, beste batzuk Errenteriako Udalarekin elkarlanean abiatutakoak, eta une honetan, gainera, euskalgintzarekin eta herrigintzarekin lotutako beste batzuk ere martxan ditu.
Euskalgintzaren barruan: Familian Jolasean , Kuadrillategi, Mintzalaguna, kantu jira [une honetan etenda dago osasun larrialdia dela eta], Xenpelar Bertso Eskola, Euskaraldia, Egunean Behin jokoaren barruko taldea, eta Hazi eta Ikasi ditu martxan; horrez gain, Aholku Batzordean parte hartzen du.
Herrigintzarekin lotutako ekintzak, berriz, Zaintza eta Elikadura sailetan banatuta dituzte. Zaintzan, odola emateko taldea eta Moriako kanpalekuko errefuxiatuentzat janaria biltzeko lantaldea daude.
Elikadurarekin lotuta, berriz, Errigora kanpainarekin bat egiten du elkarteak; elikadura burujabetzaren alde Baratza egitasmoa du martxan, eta asteartero 19:00etan, kontsumo taldeak barazki saskiak banatzen ditu; eta Herrerako Sukaldea programarekin elkarlanean ari da.
Askotariko hartzaileak
Askotarikoak dira eskaintzen dituen programak, eta askotarikoak dira hartzaileak. Bide luzeagoa dutenak dira kantu jira eta Mintzalaguna. Bi horietan jende ugarik egin du bat, euskal doinuak abestuz herriko kaleak betetzeko lehenak, eta euskara ikasten ari diren edota euskara jakinik hura erabiltzeko aukerarik ez dutenei arnasguneak eta erabiltzeko aukera egokiak eskaintzeko besteak. Familiei begirakoa da Familia Jolasean, eta helburua, familia artean aisialdia euskaraz bizi ahal izateko baliabideak eskaintzea da.
Kuadrilletegik, berriz, gazteei erantzun nahi die. Kuadrilla artean astean behin hainbat ekintza egiten dituzte, gazteekin adostutakoak denak, eta euskara ardatz hartuta.
Aparteko aipamena merezi du Xenpelar Bertso Eskolak. Txikienen artean bertsolaritzako grina sustatzeko apustua egina du, eta urtetik urtera gero eta gehiago dira parte hartzen duten haur eta gaztetxoak. Baina helduek ere badute bertsolaritza sena lantzeko aukera ere bertan. Horri, Zapirain Anaiak eta Ibon Zabala bertso paper lehiaketak, eta Xenpelar Bertso Lehiaketa gehitu behar zaizkio.
Prozesua
Ateak zabalik ditu Lau Haizetarak. Parte hartze prozesuan aritzea bada ekarpena egiteko modua. Atzoko saioaz gain, bi gehiago dituzte, azaroaren 12an eta abenduaren 4an. Merkatuzarren dira, 18:00etatik 20:00etara.
Izena eman behar da aurretik: 943 340 143 telefono zenbakira deituta, 688 765 398ra whatsappa bidalita; edo ondoko posta elektronikora mezua bidalita.