[Erreportajea] Arrokek kontatu nahi dutena
Pasaiako arrokek gordetzen duten historia ezjakina bezain liluragarria da. Txema Hernandez dibulgatzailea kaleek ezkutatzen duten xarmaren eta badiaren sorreraren inguruan aritu da.
Nolakoa zen Pasaia gizakiok hona heldu aurretik? Nolakoa litzateke, egun bizitoki diren lurretan inoiz eskua sartu izan ez balitz?
Zehaztasunez inoiz erantzun ezingo direnak dira horiek, argi dagoena da nabarmen berdeagoa eta, harrigarria badirudi ere, txikiagoa ere izango litzakeela Pasaia gizakien oinatzik gabe. Hala kontatu du Txema Hernandez sanpedrotarrak bere Arroken kontu harrigarriak liburuan. Geologia Zientzietan Doktore da Hernandez, eta ekimen propioz, herriarekin sentitzen duen konpromisoagatik, hasi zuen azken asteotan Pasaiako lau barrutietan hitzaldiak eskaintzera eraman duen bidea.
Hark «erokeri» moduan deskribatzen duen abentura lagunartean jaio zen, gertukoek sarritan eskatzen baitzioten, mendira zihoazenean, Jaizkibelgo geologiaren berri emateko, besteak beste: «Eta halako batean esan nuen: zergatik ez eman kontakizun hauei guztiei sendotasun bat?».
Hark arrokek kontatu nahi duten horri ahotsa jarri nahi izan dio: «Bozeramaile rola hartu eta gure behegainetan duguna nola sortu eta urteekin nola aldatu den azaldu, gero Pasaiako herriari eskaintzeko».
Gipuzkoako Foru Aldundiak eskainitako diru laguntza bati esker lortu du bere helburua: Pasaiako arroken historiaren dibulgazioa egitea, eta barruti bakoitzean zabaltzea horren berezitasunak, azken bi asteetan denera lau hitzaldi eskaini baititu Pasaiako barruti bakoitzean, horien xarmaren berri emanez.
Egun Pasaiako badia dena, naturalki estuarioa da, ez badia
Liburu baten analogia
Pasaiako geologiaren historiaren lau faseak azaldu behar dituenean, liburu baten analogia erabiltzen du geologoak:
«Paperezko orrialdeak egiteko zelulosa erabiltzen den moduan, lehen fasean, arrokak osatzeko pikorrak behar dira, hondarra, buztina, legarrak… Interesgarria da ezagutzea zein baldintzapean metatzen diren halako materialak, gero liburuko orrialdeak sortuko dituztenak», azaldu du.
Pasaia dagoen kokalekuan bazen itsaspeko golko bat, sakontasunean erraldoia, eta bertan sortzen zen materiala orriak egin ahal izateko. Hurrengo fasean litifikazioa gertatzen da, «zelulosa hori harri bihurtzen da», jarraitu du analogiaren bidetik. Geologiaren kasuan, buztina litzakeena lutita bilakatzen da, solte zegoen materiala metatuz, eta arrokak sortuz.
Hori guztia itsasoaren azpian, lurpean. Elementuak bata bestearen gainean joaten dira pilatzen, eta presioaren ondorioz, horiek gogortu eta trinkotu egiten dira urteekin.
Irudiz betetako liburuak badu forma, eta egindako lan hori ikusgai jartzeko ordua heldu da: «Obra erakusleihoan ipini beharra dago, eta harrien kasuan urteetan zehar jazo diren mugimendu erraldoiak dira erakustoki horren sortzaile». Izan ere, plaken talken ondorioz urpean zeuden geruza horiek goratu eta agerian gelditzen dira. Orduan hasten da laugarren eta azken fasea: «Gastatze prozesua».
Behin erakusleihoan jarrita, liburua babesgabe dago, egurats gorrian, eta hala gertatzen da arrokekin ere: «Haizeak higatzen ditu, kresalak higatzen ditu, baita euriak ere… Eta horregatik sortzen dira naturan hain forma politak!».
Lau fase horietan laburbil daiteke orain dela 80 milioi urte baino gehiago hasitako prozesua, zeinak egun ere eraldatzen jarraitzen duen: «Oraindik Jaizkibelen sortzen ari dira abaraskak, gelaxkak, zulotxo eta forma ederrak. Baina hori da gutxi gorabehera geologiaren bidaia».
Kronologia bat, lau emaitza
Nahiz eta ibilbide horren traza nagusiak lau barrutiek partekatzen dituzten, badira bakoitzak berezko dituen nolakotasunak. Arroka zaharrenak Antxon daude, «barruti hau da lehena», gehitu du Hernandezek. Bertako arrokak, baina, ez daude oso agerian eta ezta irisgarri ere, errepideetako ezpondetan ikusten baitira hobekien.
Trintxerpe erdibidean legoke historian, hau da herri «artifizialena, gizakion eskua gehien nabari dena, halako arrokak estalpean utziz» eta Donibane nahiz San Pedro lirateke azkenekoan: «Bi horiek berezitasun antzekoak partekatzen dituzte, modernoagoak dira adinez. Hemen bai, azaleramenduak asko dira, kale artean ikus ditzakegu; kalitatea hobeezina da horietan».
Barruti guztiek, baina, badute historia komun ba: «Denak josita daude, eta lotura hori oso argi azaltzen da liburuan». Hernandezen obran, Antxotik hasi eta Pasaiako kaleetan zehar bertako geologia ezagutuz egindako ibilbide bat proposatu du autoreak, «hori guztia gure kaleetan, mendira atera beharrik gabe».
Izan ere, mendian, geologiak bere izana, logika, mantentzen du: «Azaleramendu naturaletan ikus daitekeena bere testuinguru batean dago eta ulertzen da, hala sortu zen eta hala dago».
Herrietan, ordea, egoera oso bestelakoa da; etxeak eraikitzeko materiala, harrobitik ateratako hondarra eta bestelako material naturalak izan ziren bere garaian, «hor, testuingurua apurtu da, nola edo hala jarri baitira arrokak, komeni bezala».
Dena den, lehen gainbegiratu batean ulertzeko erraza ez bada ere, gure etxeek badute atzean historia logiko bat, eta hori da Hernandezek bere liburuan kontatu nahi duena: «Testuingurutik ateratako horri testuinguru bat ematea, azaltzea».
Badia zabalduz joango litzateke, barrutiei lekua kenduz
Badiak Pasaia jango luke
Bada barruti guztiak batzen dituen eta herriko bereizgarri den zerbait: badia. Mapa geologikoari begi kolpe bat botaz gero argi asko ikus liteke Pasaiako badiak T itxura duela, eta hori, geologian ezer ez bezala, ez da kasualitatea.
Letraren enborra arrakala estua da, eta horren paretetan dauden arrokak oso gogorrak dira, uraren higadura prozesua asko motelduz. T-aren txapelean, hau da, badiaren barnealdean, inguruan dagoen material hori askoz ere bigunagoa da, eta denboraren poderioz itsaso zabaletik sartutako olatu eta korronteek higatu zuten bertako lurrazala, hasieran pitzadura zen horretan T formako irudia sortuz, gutxika alboetarantz zabalduz urak hartutako eremua.
Hortaz, naturak bere berezko bilakaerarekin jarraituko balu, gizakion esku sartzerik gabe, badia nabarmen zabalduz joango litzateke, gure herriei lekua kenduz. «Dena den, hori milaka urteko kontua da», argitu nahi izan du dibulgatzaileak, «eta orain Pasaiako Portuak badiaren ertzetan eraikitako azpiegiturek nabari motelduko dute, gainera, higadura prozesu hori».
Gizakiek herri honetan izan duten eragina ez da txikia, izan ere, egun badia deritzogun hori bera, naturalki ez litzake badia ere izango, estuarioa baizik.
«Zer da estuario bat? Marea goian dagoenean urpean dagoen eremu bat, baina itsasoak behera egiten duenean zati bat airepean uzten duena». Badia, noski, Pasaiako Portua sortzeko helburuz eraiki zen Errepublika garaian, gutxienez hamar metroko sakonera izan zezan bermatzeko.
Badiaren ordez estuarioa balego Pasaian, eremu hori landarez eta zuhaixkaz beteta egongo litzateke, zingira moduko bat osatuz, erdi lehorra. Izan ere, Oiartzun ibaiak hondar piloa ekartzen du Aiako Harritik, eta sedimentu horiek metatzen joaten dira itsas azpian.
Egun, baina, dena dago urpean, portua eraikitzeko material hori atera eta «auskalo non» bota baitzuten sakontasuna lortzeko.
Superportuaren mesedea
«Pasaiako geologiaren historiaz aritzeko, fenomeno aipagarria da Superportuarena», gogora ekarri du Hernandezek: «Eraikuntzaren alde egon edo ez, proiektu horrek balio izan zuen gure inguruan dugun ondarea balioan jartzeko».
Kanpoko kaia eraikitzearen aurka zeuden horiek suntsituko zen lurra miatzen hasi ziren, «eta horrek hemen, etxe ondoan duguna aldarrikatzeko balio izan zuen».
Iristeko errazak ez diren txokoetan dagoen ondare geologikoa oso ongi mantendu da urteetan zehar, ez baitu gizatiar kutsurik. «Pasaitarrak benetan zortedunak gara inguruan dugunagatik», zirraratu da geologoa, «eta hori guztiz ezezaguna zaio askori».
Badirudi etxetik gertuen ditugunak balioestea zailago egiten dela, frantses asko eta asko etortzen baitira bazter horiek bisitatzera, eta bertakoek ez dute horren berri: «Badakigu harriak daudela, eta horien edertasuna miresgarria suertatzen zaigu, baina harri horiek historia luzea dute atzean».
Hernandezek horregatik jartzen du ardatza dibulgazioan: «Helburuak ezagutza zabaltzea izan behar du; ezagutzea, babestu ahal izateko. Hala bakarrik jar daiteke balioan gure ondarea; modu horretan, edertasun hori ez da soilki estetikoa izango, intelektuala baizik».
Natura aditzen ikasi behar da, eta prozesu horretan bidelagun dira Txema Hernandez bezalako bozeramaileak, ondarearen kondairei ahots zientifikoa jartzeko gai direnak, arrokek kontatu nahi digutena paperean jasotzeko ahalmena dutenak.