COVID-19: Kutsatzeen gorakada Pasaian eta Errenteria-Oreretan
Lezon kutsatu bakarra izan da azken orduetan, eta COVID-19 tasak apal bada ere, jaisten jarraitzen du udalerri horretan. Gainontzeko guztietan gora, eta azkeneko datuen arabera, tasa horretan lau zifren langa gainditu du Pasaiak.
Musukoa egoki erabiltzearen garrantziaz ohartarazi dute osasun agintariek. COVID-19ak ez du treguarik eman azken orduetan. Oarsoaldean beste 54 kutsatu zenbatu zituzten atzo. Lezon kutsatzeak apaltzen ari dira, azken orduetan bakarra izan da; hori berri hona, eta horrekin batera COVID-19 tasa ere jaisten doa udalerri horretan, baina oso apal, oraindik ere 1.000tik gorakoa da. Gainontzeko hiru herrietan kutsatzeak gora; Oiartzunen sei izan dira azken orduetan atzeman dituzten positiboak.
Kopururik handienak, Errenteria-Oreretan eta Pasaian. Lehen udalerrian, 25 positibo izan dira Osasun Sailaren arabera azken orduetan; hurbiletik jarraitzen du datu hori Pasaiak: 22 COVID-19 positibo izan dira bertan atzoko gauerdira arte. Datu horiekin COVID tasaren marra gorria (500ekoa) bikoiztu du dagoeneko Pasaiak.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 15.611 test egin zituzten atzo, 14.221 PCR proba eta 1.390 antigeno, eta horietatik 1.425 izan dira positiboak, %9,1. Egindako proben %42,5 kontaktuagatik izan dira, eta %42,9 COVID-19arekin bateragarria izan daitekeen sintomatologiarengatik.
Gipuzkoan positiboak guztira 630 izan dira azken orduetan, eta COVID tasa 1.007,95ekoa da.
Jarraian dagoen koadroan, azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko atzoko tasak (parentesi artean, astelehenekoak).
- Lezo: 1.048,84 (astelehenean 1,163,55).
- Pasaia: 1.023,28 (astelehenean 933,52).
- Errenteria-Orereta: 777,26 (astelehenean 772,28).
- Oiartzun: 734,23 (astelehenean 676,26).
- Gipuzkoako batezbestekoa: 1.007,95 (astelehenean 972,68).
Osasun Sailaren txostena hemen kontsulta daiteke.
