[Elkarrizketa] «Gure askapena enpatia da, ispilu dugun hori aintzatestea»
Biolentziak eta eskasiak markatutako bidaian, feminismoak salbatu duela dio. Emakume migratzaileen testigantza hartu du ahotan: «Nik ezingo nuke izan, beste horiek ez balira».
Cony Carranza (Santana, El Salvador, 1963) jatorriz autoktonoa eta azal zurikoa ez den Emakunde Sariaren lehen irabazlea bilakatu zen 2019an, epaimahaiak aho batez hala erabakita. Biolentziak, gerrak eta pobreziak markaturiko bidaia partekatu nahi izan du salvadortarrak, “feminismoaren askapenera” heldu arte emandako pausoak.
Ardatza bere bidelagunetan jarri du, orain kide dituen nahiz bere aurretik izan diren emakumeetan, “bide honetan ispilu” izan dituenen testigantzetan. Amonaren borroka eredu, bere bizitzaren herena eman du emakume migratzaileen errepresio bikoitza salatzen, enpatia eta elkartasuna izanik bere aldarrikapenen zimendu.
Ostiral honetan (hilak 6) Trintxerpeko Alkateordetzan jatorri askotariko emakumeek elkar ezagutzeko gunean, praktika antirrazisten inguruko lan saioa gidatuko dute Cony Carranza eta Emilia Larrondo hezitzaile eta ikertzaile feminista antirrazistek, hurrenez hurren. Helbide elektronikora idatziz edo 943 34 49 34 (910) telefono zenbakira deituz eman daiteke izena.
Zer suposatu du zuretzat 2019ko Emakunde saria jaso izanak?
Izugarrizko poztasuna, eta ez edonolako poztasuna. Badira gauzak bizitzan erraiak guztiz nahasten dizkizutenak, barne-barnetik hartzen zaituzten pozak, eta halakoa izan zen hura. Burutik hasi eta, bihotza, tripak… gorputz osotik igarotzen diren zirrarak. Gozamen izugarria eta, aldi berean, erabateko transformazioa izan zen.
Lehen momentuan ezin nuen sinetsi, badakizu, beti dituzu zalantzak benetan duin izango ote zaren halako errekonozimendu batentzako, beste emakume asko ere badirenean… Eta horiei, bereziki, eskerrak; bide honetan ispilu izan ditudanei. Aintzatetsita sentitu naiz, oso, eta horregatik nago hain eskertuta. Baina ez hori bakarrik, konpromiso izugarria ere bada hau.
Emakume migratu bezala lan garrantzitsua da niretzat bozeramaile izatea, hainbat espazio zurrunagoetan ikusezin dena, ikusi nahi ez dena, ikusgarri bilakatzea. Esperantzatik hitz egiten badugu, eta ez ordea pesimismotik, lor dezakegu, ihintza tanta guztien artean, asko batzuek begiak zabal ditzaten ikusteko errealitate hauek izan badirela. Hain zailak diren bizipenak, hain gogorrak diren desparekotasunak, horiek ikusgarri bilakatzeko.
Horrela, gutxika, bidea zabal daiteke, indibidualki nahiz era kolektiboan. Kasu honetan, hau [saria] indibiduala izan da, baina guk apustua egiten dugu kolektiboak diren lidergo, sari eta errekonozimenduengatik.
Ni, esan bezala, oso pozik, eta oso konprometituta bide honetan jarraitzeko.
Zure militantzia kideek hainbat metafora eder erabili dituzte zutaz aritzeko: “Komunitate feministak ereiten dituen inurria”, eta “Konpainiaren artisau”, besteak beste. Nola definituko zenuke zuk zure burua?
Beharbada armiarmatxo baten istorioa dela nirea esango nuke. Hala ikusten dut nik: armiarmak marasma-sarea ehuntzen du, eta ehuntze hori beste hainbat armiarmekin batera egiten du. Izan ere, askotan esan izan dut, eta berriro esango dut, milaka aldiz, nire izatearen azken hasperenera arte: ni naiz, beste guzti horiek izan direlako.
Nire amona, ama, lagun asko eta asko, kideak, El Salvadorreko gerra sufritu zutenak, maisuak, bidelagunak… Nik ezingo nuke izan, besteak ez balira. Horregatik diot armiarmarena, horien sareetan nahaspilatu eta sortu naizelako ni. Hau lortu badut, guztiz da haiekin nahasi naizelako, eta haiek nirekin nahasi direlako. Hori da egia bakarra.
Eta, egia esan, ez pentsa asko erakartzen nauenik ni armiarmaren irudiak! Baina, zintzoki, askotan nahi izaten ditugu halako gauza handiak, ikusgarriak, arrano bat izan… [barre egin du], eta nik gaur pentsatzen dut, ba bai, armiarmatxo bat… Horixe naiz.
Nik ezingo nuke izan, besteak ez balira
Ama eta amona izan dituzu, beraz, erreferente.
Bai, zalantzarik gabe. Nire amonak migratu zuen landatik hirira, oso-oso gogorrak izan ziren garaietan, izugarrizko pobrezian… Hark argi zeukan, seme-alabek ikas zezaten nahi zuen, eta horregatik utzi zuen landa. Kolonoen txabolan bizi zen orduan, lurrak okupatuak eta pribatizatuak izan baitziren kafea ereiteko, laborantza bakar bezala.
Garai hartarako nire aitona-amonek bost seme-alaba zituzten. Erabaki zuten egunsenti batean ihes egitea, eta imajinaezineko zailtasunak bizi behar izan zituzten, hala kontatu dit niri amak. Ikusmen gaitasun hori, zerbait hobea bilatzekoa, ezbeharrei aurre egitekoa… Hori berarengandik ikasi dut.
Nik ez dut berak jasan behar izan zuen pobrezia pairatu, baina bai eskasia handia, eta horri aurka egiteko nire amona izan dut erreferente. Gero, nire ama. Hark asko borrokatu zuen nik ikasi nezan.
Funtsezkoak izan ziren nire ama eta amona, eta baita hainbat irakasle ere. Azken horiek asko miretsi nituen, bazuten benetako bokazioa irakaskuntzarako, gozatzen zuten haurrekin egoten, eta haiengatik, gero, urte luzez izan nintzen ni irakasle, unibertsitatean hasi aurretik.
Haur eta nerabeekin egin nuen lan, eta ezin da ukatu, bizitza ematen dizute! Nik ez daukat zalantzarik, hori izan dut nik bokazio eta pasio. Pribilegiatua naiz, oso, haiekin igarotako denboragatik.
Eta, bat-batean, XXI. mende hasieran, zure bizitzaren norabidea guztiz aldatu zen, zure lurra utzi zenuen.
2001. urtean lurrikara bat izan zen bertan, nire ama eta biak mirariz salbatu ginen. Luizi batek ‘La Colina’ koloniako ehunka lagun hil zituen [1.259, zehazki], gu ezbeharra gertatu zen lekutik 200 bat metrora bizi ginen, eta ozta-ozta biziraun genuen.
Horrez gain, eskuinak hartu zuen berriz ere boterea, ibilbide neoliberal izugarria zekarren eskuinak; nire lehengusu bat erail zuten, kotxea lapurtzeko… Hainbat eta hainbat zoritxarreko gertakari batu zitzaizkidan. Nire bidaia ez da, berez, ekonomikoa, askabide bat izan zen, ilusioarekin nahastutakoa.
Orduan, Ingalaterrara heldu nintzen, bertan ingelesa ikasten saiatu eta ikusi nuen hizkuntza ez zela nirea [barreak], eta Euskal Herrira etorri nintzen, lagun batenenera, pentsatuz denbora gutxiko igarolekua izango zela hau, eta gelditu nintzen! 2007an heldu nintzen Santurtzira.
Nola ezagutu zenuen feminismoa?
Ni hona heldu eta Munduko Emakumeak taldera gonbidatu ninduten, eta haiekin batera prozesu izugarria egin dugu egunera arte; esan dizudana [armiarma sarearen metafora] nahasiz zoaz, batak ematen dizu, bestearengandik ikasten duzu… Eta horrela, beste emakume talde batzuekin egin nuen bidea.
Nik prozesua Munduko Emakumeak eta Garaipen organizazioekin egin nuen, eta emakume guztiekin, zeinek jakituriak, irakurketak eta bestelakoak nirekin partekatu izan dituzten. Hala hasi nintzen ni hezten.
Euskal Herrian eta El Salvadorreko Errepublikan, zein ezberdintasun du bietan emakume izateak?
Emakume izatearen opresioaz ari bagara, badira gauza oso nabarmenak: askatasunaren kudeaketa, denborarena, gaua, gorputza… Nik ezin nuen sinetsi berandu ibil nintekeela kaletik. Ezin nuen sinetsi. Oraindik taupadaka hasten zait bihotza, hori pentsaezina baita nire herrialdean, ia ezinezkoa da.
Musikaz gozatzea, askeago izatea, zure bizitza gehiago gobernatzea ekonomikoki… Nik banuen [burujabetasun ekonomikoa] etorri aurretik ere, baina hemen beste gauza batzuk batu zitzaizkidan, nire desioei ere leku bat uzteko aukera. Alde hori oso gogoan dut.
Gero, aitortu beharra daukat, hamabost urteren ibilbidearekin, horri guztiari beste hainbat ñabardura gehitzen zaizkio, dena ez da horrela… Baina bai, lehen uneak hala gogoratzen ditut.
Badira bertan, oso garbi, emakumeentzako aproposak ez diren gune eta uneak.
Ez gaua, ez tabernak… Tabernetara inoiz ez sartzea; horrekin oso mespretxuzkoak dira bertakoak, aurreiritzi zorrotzak dituzte taberna batean sartzen den emakumearekin, ‘chupaderos’ dute izena edateko leku horiek, eta emakume bat sartzen bada bertan, puta bat da.
Hona heltzerakoan, orduan, hasieran ez nuen ulertzen tabernetako giroa edo kultura. Gero, denborarekin, bai; egun arazorik gabe sartzen naiz kafe bat hartzera, eta ohartu naiz tabernak topaketarako gune ere bilakatzen direla zenbaitetan.
Zabalagoa da hemen zure gorputzarekiko eta desioekiko duzun askatasuna, ez daukazu halako mespretxuzko begiradarik, familia… Askoz ahaldunago zara zentzu horretan.
“Gizon horiek ez naute ni nahi, baizik eta latinoamerikar emakume bat otzanagoa eta lasaiagoa dena”
Zure bizitzaren herena daramazu feminismoari lotetsirik. Nola aldatu zaitu horrek?
Feminismoak salbatu nau. Askotan esaten dut, feminismoa askoren salbazioa da. El Salvadorren itxi nuen zoriontsu egiten ez ninduen harreman bat, eta bertatik, nire herrialdetik, hainbat erreminta ekarri nituen motxilan, eta hemen aurkitu nuen horiek fruitu emateko testuingurua.
Dena den, historia hori ezin da bere horretan itxi, azalaren kolorea gurutzatzen baita bidean. Gurutzatzen da paperik ez edukitzeak esan nahi duen guztia eta beste hainbat eskasia.
Orduan, hona heldu nintzenean hainbat kontu ehuntzen asi nintzen, baina beste hainbatek korapilatzen zidaten lana. Esan dudan bezala, badago askatasuna, nirea, nire gorputzarena, baina hemen, gizonek, zailki ematen dizute dagokizun lekua emakume bezala, berdintasunaren ikuspegi batetik; beti daude aurreiritziak eta estereotipoak nirekiko, dudan azal tonuagatik.
Urteekin ikusten duzu askatasun batzuk badirela, baina baita muga mordo bat, itxuraz ez hain agerikoak, baina guztiz errealak. Ikusten duzu matxismoak ez duela bertako [El Salvadorko Errepublikako] esanahia, ez baitago pobrezia testuinguru horretan, baina bada arrazakeria kutsu bat.
Zer da gertatzen dena? Horren aurrean nik nire burua berretsi dudala emakume feminista bezala, nire lekua hartuz. Une batean pentsatu nuen bikotekide bat izan nezakeela, baina gero joango nintzen konturatzen, benetan, gizon horiek ez nautela ni posizio horretan nahi, baizik eta latinoamerikar emakume bat otzanagoa eta lasaiagoa dena.
Zure azalean bizi izan dituzu emakume migratzaile izateak dakartzan trabak: Ezin izan duzu hezitzaile bezala lan egonkorrik lortu, zaintza lanak egin hemen beharrez bizirauteko.
Bai, oso egokia da esan duzuna. Ni zaintza lanetan hasi nintzen, hori baita, beti, lehenik egin behar duzuna, hori da zure lehen txartela. Hainbat urtez zaindu izan dut.
Gero, bosgarren edo seigarren urtetik aurrera hasten naiz aukera izaten horrekin hautsi eta beste zerbait egiteko. Alta eman nuen langile autonomo bezala, eta hala eman nituen hainbat puntada oso mehe, oso prozesu laburrak izaten ziren, behin-behinekoak…
Orain, adibidez, ez naiz zaintzan ari, baina aurreko urtean egin behar izan nuen. Oso ongi joan zen, ezaguna bainuen anderea, baina bai, zaindu behar izan nuen. Orduan bai, badirudi ate birakari horretan zaudela atera ezinik, etengabe biraka.
Nire kide askori ere gertatu izan zaie, beste nonbait zaude lanean, eta bat-batean berriro bueltatzen zara nolabait zuretzat baimendua dagoen lan bakar horretara: zaintzara. Ez dakit, tokatzen denean, tokatzen da…
Ni, oraingoz, beste proiektu batzuekin nabil eskuartean emakumeekin, sostengatzeko ahaleginetan; hori bai, ni neu bakarrik, eta horrek ahalduntzen zaitu. Ez da erraza, baina hori da zure denboraren jabe izateko modua, zure askatasunaren eta erabakien jabe bakar. Zuk kozinatu, eta zuk zeuk jan.
Horregatik guztiagatik, nekez sostengatu dezake inork nire bizitza. Eta horri, noski, adina gehitu behar zaio; espazio honetan, emakume batek, 40-50 urteetatik aurrera zailki lor dezake kontratu bat merezi dituen lan baldintzekin.
Hortik, gutxika, joaten zaizkizu sortzen hainbat aukera, eta horietatik zoaz ehuntzen, prekarietate gogor horretatik…
“Ni herri hezitzaile feminista eta antirrazista naiz emakumeengatik, migratuak nahiz hemengoak”
Etorkizunean, beraz, armiarma sare hori ehuntzen jarraitu nahiko zenuke. Horretan jardun nahiko zenuke lanean.
Ai, bai… Azken momentura arte. Ni herri hezitzaile feminista eta antirrazista naiz emakumeengatik, migratuak nahiz hemengoak, gurekin ehuntzeko gogotsu daudenak.
Herri hezkuntza, niretzat, pedagogia bat da, bereziki askatzailea, kuestionatzailea, iraultzailea, eta ahalbidetzen duena elkartzea, partekatzea… Erreminta asko daude hori lortzen dutenak, arrazoimenetik haratago doazenak, gorputzetik hasi eta jokoa barne hartzen dute, zentzumenak, sentimenduak…
Nik bai, nahiko nuke jardun, azken momentura arte.
Nola definituko zenuke zure tailerretan ardatz duzun herri hezkuntza?
Herri hezkuntza askoz hobe ulertzen da egiten, sentitzen. Hainbat teknika eta dinamika dira, bizitza zalantzan jarrarazten dizutenak. Latinoamerikarrek aipatzen dute bizitza susmatzea, ezer ez da kasualitatea, zergatik utzi nuen nik nire herria? Zergatik elkartu gara hemen hainbat emakume?
Nik, tailerretan, hainbat teknika eta dinamika aurkeztu besterik ez dut egiten, baina horrek besteen babesa behar du benetan askatzaile izan dadin, ez da hain erraza hori gertatzea, hainbat baldintzek bat egin behar dute.
Herri hezkuntzak ahalbidetzen dizu bestea zaintzea, babestea. Hainbat akordio isil sortzen dira emakumeen artean. Dinamikak zentzua dauka altxaraztera zaraman alaitasunetik abiatzen bada.
“Emakumeek batak besteari beldurra izateari uzten diogunean hasiko gara bizitzen”
Egin duzun ibilbidea gogorra izan da. Hala eta guztiz ere, beldurra, tristura eta errukia alde batera utzi dituzu. Nola lortu duzu honaino iristea?
Cherrie Moragaren esaldi bat datorkit gogora: emakumeek batak besteari beldurra izateari uzten diogunean, besteak batzen digula sentitzen hasten garenean, eta nik beste horri ere ekarpena egiten diodala, orduan hasiko gara bizitzen.
Heteropatriarkatuak eragin du emakumeen akatsetan jartzea fokua, huts egiteetan zentratzea, eta bidea egin behar da aintzatesteko gure arbasoek, gure amonek, emakume handiek, eman digutena. Hasi behar dugu aitortzen ondokoak, emakume bezala, guregatik egin duena. Amak, etxelagunak, lankideak, ahizpak…
Orduan hasten zara ohartzen emakumeak sortuta gaudela beste emakumeen aliantza eta elkartasunaz. Emakumeak konturatzen gara bakarrik ez dela posible, eta, egiaz, ez garela inoiz bakarrik egon; beti izan ditugu besteak.
Beste emakumeak aurretik izan zirelako, eta orain ere direlako, gara gaur gu. Gure askapena enpatia da, ispilu dudan hori aintzatestea.
Nik horretarako gunea, erremintak, bidea, besterik ez dut jartzen, baina ezagutza hori emakumeek daramate barnean. Euren bizipenak dira bide hori eraikitzen dutenak, eta hori da benetako askapena; badira emakumeak hori ulertu dutenak eta nolabait berpiztu direnak, esan izan didate hori jakin aurretik ez zirela existitzen, ez zutela arimarik, eta esandakoaz ohartzea berpiztea da haientzat. Horrelako emakumeentzat bizitza goitik behera aldatzen da.
Beti dira beraiek, haiengandik dator askapena, eta beste emakumeek egin dizkieten ekarpenetatik.
Etor daitezela emakumeak gunera! Beti izan ohi dira doako haurtzaindegi zerbitzuak, eta bertan sortzen dena deskribatzeko ez dago hitzik. Egoak alde batera utzi eta elkar zaintzarako espazioak eraikitzen ditugu, elkarri entzuteko, ez epaitzeko, besteen doluak gureganatzeko…
Dagoeneko salbatu dugu asko, eta nik argi daukat, soilik mugimendu feministak, horren barne dauden aniztasun eta pluraltasunekin, egingo du posible merezi eta behar dugun mundua eraikitzea.